Kirol esataria forofoa izateak atzerakoa eragiten dit

gaztanazpiIbon Gaztañazpi, kazetari eta esataria
Gaztañazpik (Orio, 1977) 6 urte daramatza traineru estropadetako esatari ETB1en. 22 urtez arraunean ibili zen, ia beti Orion. Azkenaldian Herri people saioa aurkeztu izan du, baita Zuek hor ere. Zuzenbidea ikasi zuen arren, 28 urterekin komunikaziorako bokazioari heldu, Komunikazioa ikasi eta kazetaritzari lotu zitzaion. Aurretik, “denetik” egindakoa zen: AEKn irakasle, abokatu, arotz... Ipurterrea, interesatzen zaizkion guztiak egiteko “egunak ez du ordu nahikorik”. Auzolan saioan ikusi ahal izango dugu aurki.

Herri Peoplen gustura nabari zitzaizun. Zuretzako aukerako saioa?
Zoragarria izan da, aberasgarria. Euskal Herria ezagutzen ari naiz, barrutik, bertoko jendearekin egoten. Hori ederra da. Horrez gain, harrituta geratzen naiz zer euskara dagoen oraindik bazterretan. Tamalez, euskara hori ez dut inon entzuten! Alde horretatik, oso gustura. Askotan, hunkituta. Bestalde, konturatzen zara herri honetan gaitasun ikaragarriko jendea dagoela. Beti ateratzen ditugu gure gauzarik txarrenak begien bistara, eta dagoen ona, asko izanik, ezkutuan uzten dugu.
Googletik kanpora mundua badagoela erakutsi digu saioak?
Batez ere, Googletik kanpo dago. Benetakoa, oraindik hunkitu egiten duena, kanpoan dago, erabat. Saio bat lantzeko orduan, segituan jotzen dugu Googlera. Ez! Joan edozein herritara, galdetu, eta hitz egin jendearekin; hori da bidea. Ez dut ukatzen Google-eta tresna onak direnik, baina iruditzen zait erabileran ari garela hanka sartzen.
Asko aldatu al da arrauna arraunlari zinenetik?
Bai. Arrauna eraldatze prozesu etengabea bizitzen ari da. Gauza askotan, hoberako. Aldatu dira arraunak, traineruak, prestakuntza, oihartzun mediatikoa, medikuen eragina gutxitu egin da... Nire ustez, San Miguel ligaren lorpenik handiena da jende gehiagorengana heltzen dela, eta telebistako produktu oso ona lortu duela. Txarrerako, ez dauka garai bateko egurrezko traineruen zaporea; artekaririk ez da geratzen; eta euskara geroz eta gutxiago dago, nabarmen.
Emanaldietan, bihotzak buruari gaina hartzeko beldurrik ez?
Ez. Akaso, kontrakoa. Askotan, objektibo izan nahi horretan, inpartzial izan nahi horretan, hotzegia ere emango dut; baita oso zerebrala ere. Emozionalki, kristoren distantzia jarria diot arraunari. Jendeak ez du ulertzen kirol kazetari bati ez zaiola inporta nork irabaziko duen. Kontatzen ari zara, kito. Baina izaten garen tokietan, jendeari beti iruditzen zaio bestearen alde gaudela. Izugarria da. Esataria forofoa izateak atzerakoa eragiten dit, eta bide horretatik ez nintzateke behin ere joango.
Arraun munduan saltsa eta zikina beti. Inoiz ikusiko al dugu bare?
Ez zait iruditzen. Bere baitan dagoen zerbait da. Coubertin baroiak esan zuen garrantzitsuena dela parte hartzea. Arraunean ez. Traineru estropadak sortu ziren arrantzaleak itsasora joan, eta arrainaren prezio ona egiteko portura lehenengo iritsi beharretik. Horixe da arraunaren muina. Hori zen garrantzitsua, eta hortik gatoz. Gainera, portuko giroa da: bizia, maldizio eta haserre ugarikoa. Horri erantsi traineru bakoitzak herri bat ordezkatzen duela, eta hor beti izaten dira saltsa gogorrak. Arraunetik kanpoko jendeari erakargarria egiten zaio askotan. Ni, batzuetan, nazkatu egiten nau.

Di-da batean
Zerk alaitzen dizu eguna? Gustuko kanta batek.
Eta tristatu? Triste gutxitan egoten naiz, petralduta gehiago.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Realeko futbolaria, erdiko atzelari gogor egurzale horietakoa.
Orain, zer ez zenuke izan nahi? Putakume bat.
Bizio bat: Parrilan aritzea eta itsasoan igeri egitea.
Estropada bat: Karmengo festetan Donostian egin genuen estropada bat, Kortarekin. Hura zirkua antolatu genuena! Bestela, Zarauzko bandera. Baina, batez ere, lagunak. Onak. Horiek dira benetako banderak.
Aurtengo Kontxan, banderak norentzat? Emakumeetan, San Juanentzat, eta gizonezkoetan... denborarik onena egiten duenarentzat!
Eñaut Mitxelena