Artekariak isiltzen, makinak pizten

Euskaldunok aspaldikoa dugu apustuzale ospea. Gauza gutxi behar omen dugu edozeren aurrean erronka botatzeko. Plazan dela, frontoian edo hipodromoan dela, ur ertzean traineruei begira dela, demarako beti prest. Postura egiteko moduak, ordea, aldatzen ari dira. Batetik, legeek hala behartuta. Bestetik, teknologia berriek ahalbidetuta. Donostiako portuko artekarien oihuak, esaterako, isildu egin dira. Kontxako Banderak eragindako jokorako grina enbatak eraman balu bezala. Frontoietan, gero eta apustu-pilota jaurtiketa gutxiago harmailetan. Donostiako hipodromoan, gero eta ilara motzagoak leihatiletan... Euskaldunok, baina, ez diogu jokatzeari utzi. Orain, gero eta gehiago, sakelakoaren bidez edota apustu etxeen terminaletan asetzen3 da apusturako irrika. Jokoa ez da errenta? Arkaitz Almortza, M. Egimendi.

artekaria

“Gure lanak segitzen ez badu, frontoia beste gauza bat izango da”

Bik osatzen dute pilotalekuetako soinu banda. Bata, pilotak horma jotzen duenean. Bestea, berriz, urdinaren edo gorriaren aldeko apustuak. Artekariak dira, eta Benjamin Lazkano (Zizurkil, 1949) da horietako bat. “Frontoiak saltsa behar du, eta gu gara saltsa horren perrexila” dio irribarretsu. Bikain ezagutzen du apustuen mundua: “Euskaldunak barruan darama apustulari sena”. Alabaina, bospasei urtetik hona, aldatu egin da egoera krisiaren eraginez.  “Garai batean, eromena zen. Erraz irabazten zen dirua, eta erraz jokatu. Orain, berriz, egoera asko aldatu da”. Halere, garbi mintzo da: “Biharko egunean, ez ditut ikusten pilota partidak artekaririk gabe”.

Artekarien ahotsak ematen die bizitasuna pilota partidei. “Gure lanarekin batera, ikuskizun txiki bat eskaintzen dugu” dio alaitsu Benjamin Lazkanok. Oso barruan darama pilotaren mundua, eta urteetako eskarmentua du apustuetan. “Erremontea ikasten ari nintzenean, artekari bat ezagutu nuen, eta ikusi nuen horretan lan egiteko aukera nuela. Hala, poliki-poliki, jokatzeari utzi, eta artekari hasi nintzen; esperientzia zoragarria izan da”. Irribarretsu dio frontoiko saltsaren perrexila direla. “Gure lana da bi apusturen artean ibiltzea: batek dio kolore urdina nahi duela, eta nik aurkaria bilatu behar dut”. Ondoren, partida amaitutakoan, irabazleak bere dirua hartzen du (irabazitakotik % 16 hartzen diote enpresak eta artekariak) eta galtzaileak dagokiona ordaintzen du. “Dirua bilatu, dirua saldu; hori da gure funtzioa”.
Zenbaki artean dantzan ibiltzen dira bitartekariak atzean pilotariak jokoan dauden bitartean. Zientzia berezia da. “Ongi ezagutu behar da apustua. Oro har, gehienok aurretik pilotariak izan gara eta, horrenbestez, ongi ezagutzen dugu frontoia”. Eginbeharra ez dela zaila nabarmentzen du, baina euren lana ongi egiteko arreta eta oroimen ona izatea omen dira gakoak. “Aurpegiei argazkiak egiten dizkiegu. Izan ere, guk papertxoa ematen diegu dirurik hartu gabe, eta baten batek ordaindu gabe alde egiteko arriskua egon daiteke”. Halere, zera dio irribarrea ahoan: “Zorionez, frontoian dabilena oso jende ona da, tarteka pirataren bat edo beste agertu arren”.
Frontoi batetik bestera eman dituen urte guztiek apustuak azkenaldian izan duen bilakaeraren lekuko izateko aukera eman diote: “Nabarmen egin du behera”. Krisiaren munstroa esnatu zenetik, bidean aurkitu duen guztia irentsi du. “Garai batean, eromena zen. Krisiaren aurretik, jendeak erraz irabazten zuen dirua, eta jokatu ere bai. Adibidez: lehen 2.000, 1.000 edo 500 euroko papertxoak egiten genituen. Orain, berriz, 10, 20 eta 50 eurokoak. Orduan baziren 1.000 euro jokatzen zituztenak; orain, baina, soldata asko 1.000 eurotan daude”. Ezin ukatu, beraz, gainbehera. “Sei urtean, % 90 murriztu da jokatzen den kopurua”.
Aldaketak aldaketa, garbi mintzo da: “Gure lanak segitzen ez badu, frontoia beste gauza bat izango da. Pilotalekuak saltsa behar du”. Giro berezi horren bila joaten dira gazteak pilotalekura. “Apustua egin, eta saltsa nahi dute. Gu ez bagaude, zer gertatuko litzateke?”. Halere, gazteak, gehienetan, festetan gerturatzen direla dio. “Batez ere, udan etortzen dira, eta bizitasuna ematen diote frontoiari. Neguan, ordea, ikusle kopurua asko murrizten da. Era berean, adin batetik aurrera etxean geratzen dira pilota partida telebista aurrean ikusten, goxo-goxo”. Ikusleen ohiturak bilakaera izan du, eta horren lekuko ere izan da. “Garai batean, jende asko joaten zen frontoira; orain, aldiz, beste kirol batzuekiko zaletasuna ere badago” azpimarratu du. “Frontoiak jarraitzen du zaleak izaten, noski, baina pilotari gazteak etorri behar dira, jendeak ilusioa izan behar du,  eta pilotari gustua hartu behar zaio”.
Belaunaldiz belaunaldi, jokoak bere horretan jarraitu du. Apustuen munduan, baina, teknologia berriak sartu dira. “Hasieran pentsatzen genuen gurean ez zuela eraginik izango, baina oker genbiltzan; nabaritu dugu eragina. Izan ere, makinan jokatzen duen gazteak ez du pilotalekuan jokatzen, eta etorri ere ez da etortzen”. Etorkizunari begira, ez da ezkorra, eta uste du artekarien lanak aurrera jarraituko duela urteetan. “Frantzian, esaterako, ez dute artekaririk onartzen; isiltasuna da nagusi. Euli bat hegan entzuten den frontoia oso tristea da; pilotalekuak saltsa behar du”. Egoera horren aurrean, zuzenean dio: “Nik ez dut ikusten biharko egunean artekaririk gabeko pilota partidarik”.

hipodromo

“Hipodromora etortzen diren gehienek egiten dute apustu”

David Tellaetxe (Donostia, 1989) Donostiako hipodromoko joko teknikaria da. Ez omen da oso apustuzalea, baina txikitatik bizi izan ditu zaldi lasterketak, Lasarte-Oriako osaba turfzaleak eramaten zuelako hipodromora.

Turf hitzak (belarra, ingelesez) zaldi lasterketen inguruko elementu guztiak biltzen ditu: zalditeriak, jokoa, apustuak, zaldiak, jockeyak, hipodromoa... Horren baitan mugitzen dira Donostiako hipodromoko lasterketak eta posturak ere.
Zaldi lasterketetan apustu mota asko dago, karrera bakoitzean postura ezberdinak egiten baitira. Gainera, hipodromoan bertan lot daitezke posturak, edota mundu osoan zehar, PMU apustu sare frantziarraren bidez. Noski, arriskuaren edo asmatzeko zailtasunaren arabera, irabaziak txikiagoak edo handiagoak izango dira. Adibidez, PMUren makinetan gutxieneko apustua 1,5 eurokoa da, baina milioi bat euroko (edo gehiago) saria ere lor daiteke lasterketa zehatz batean lehenengo bost zaldiak sartzen diren ordena asmatuz gero, gehi hautatu ezin den eta makinak ematen dizun 0tik 3.000ra bitarteko zenbakia ateratzen bada: ”Benetan zaila” dio Tellaetxek, “baina lortu izan da”. Hipodromoan bertan, berriz, gutxienez euro bat edo bi (apustuaren arabera) jokatu behar da; eta gehienez, gutxieneko kopurua bider 100 edo 200 (irabazlea eta kolokatua jokatzeko ez dago mugarik).
Zubietako denboraldia ekainaren hasieratik irailaren erdialdera luzatzen da, eta lasterketa gehienak astelehenetan jokatzen dira, PMUren egutegira moldatzeko: “Turf tradizio handia dago Frantzian, eta inbertitzaile horri esker lortu dugu hipodromoa aurrera ateratzea; bestela, ez zen errentagarria izango” azaldu digu Tellaetxek. PMU sareak bost makina eta prototipo bat ditu hipodromoan bertan, eta beste 13 hainbat herritako taberna edo Reta dendetan: Donostia, Errenteria, Lasarte-Oria, Irun, Zarautz, Trintxerpe, Andoain, Hernani eta Tolosan. Horien bidez egin daitezke apustuak PMUko sarearen barruan dauden zaldi lasterketa guztietan. Makinak dauden lekuetan, Equidia telebista kanala ere izaten da ikusgai, zaldi karrerak zuzenean jarraitu ahal izateko.
Apustuzale handiek ondo ezagutzen dituzte zaldiak eta haien ezaugarriak: “Turfzaleak benetako adituak dira, egunero jarduten dute ikasten, aldizkari espezializatuak irakurtzen...”. Programek ere lasterketan parte hartuko duten zaldiei buruzko xehetasun guztiak eskaintzen dituzte: zalditeria, adina, jatorria, gainean eramango duen pisua, irabazi dituen sariak, jockeyaren eta prestatzailearen izenak, adituen iragarpenak... Postura egin nahi duenak behar duen informazio guztia, alegia. Hala, adituetako batzuek, hipodromoan egon arren, ez dute zaldia ikusi ere egiten lasterketa hasi aurretik: “Asko apustuak etxean prestatuta etortzen dira”. Denbora-pasa joaten direnek, berriz, zaldia aukeratzen omen dute haren izena edo itxura gustatu zaielako.
Badira iruzur egiten saiatzen direnak ere: “Egin duten apustuaren papertxoa ematen zaie leihatilan, eta batzuetan etortzen da baten bat, lasterketa ondoren, esanez ez dugula markatu berak eskatutako zaldia, beste bat baizik. Kasualitatea, berak eskatutako horrek irabazi du!”. Horregatik adierazten da argi eta garbi leihatilen ondoan aztertzeko ondo apustuaren papertxoa alde egin aurretik.
Hipodromoak apustu bakoitzaren % 25 edo 30 jasotzen du. Gainontzekoa erabiltzen da posturetan irabazle suertatu direnei ordaintzeko. Inork asmatu ez badu, boterako: “Hurrengo jardunaldian erabiltzen da. Hipodromoak aukeratutako lasterketa jakin batean jokatutakoari gehitzen zaio, karrera horretako irabaziak handiagoak izan daitezen” dio Tellaetxek.
Denboraldi batean gutxi gorabehera milioi erdi euro jokatzen dira Donostiako hipodromoan bertan, jardunaldi bakoitzean 35-40 mila inguru, batez beste. Leihatiletan jokatzen da % 70; gainerakoa, hipodromoan bertan dauden makinetan. Alabaina, PMU sarearen bidez mundu osoan egiten diren apustuak gehituta, sei-zazpi milioi euro jokatzen dira denboraldi bakoitzean Donostiako hipodromoan.
Lasterketak berez dira ikuskizun ederra Tellaetxeren ustez: “Neuri gustatzen zait pista ondoko hesian jarri, eta zaldiak ziztu bizian pasatzen ikustea, jockeyen oihuak entzutea edota harmailetara begiratzea eta zaleek euren zaldia nola bultzatzen duten ikustea”. Ikuskizunaz aparte, ordea, “etortzen diren gehienek egiten dute apustu, txikia bada ere. Beste zirrara batez ikusten da lasterketa, zaldi baten alde jokatu baduzu”.

reta“Artekariren batek esan izan digu ez garela konpetentzia haientzat”

2008an sortua, 2012an egin zuen Retak Interneterako jauzia, Retabet sortuta. Geroztik, denda eta tabernetako terminaletan zein on-line egin daitezke posturak. Eneritz Alonso (Bilbo, 1984) da Reta apustu etxeko marketin eta komunikazio arduraduna.

Internet bidezko apustuetan jarduteko lizentzia Espainiako estatu osoan du Retak. Terminalak jartzekoa, aldiz, erkidego batzuetan. Hego Euskal Herrian, 20 denda ditu: EAEn 16 eta Nafarroan 4. Tabernetan, berriz, 500 terminal inguru EAEn, eta 180 Nafarroan.
Bistan da edozeri buruz egin daitekeela apustu. Retan, % 90-95 kirola da, eta denetik dago, baita Norvegia edota Txinako futbol txapelketak ere. Kanpoko lehiaketen artean, batzuk ia ezezagunak dira, “baina jendeak horietan ere jokatzen du; adibidez, galgo lasterketetan apustu asko egiten da. Jendea telebistako kirol kateen eta Interneten bidez iristen da horietara”. Apustularien profil nagusia (% 98) gizarte maila ertain-altuko gizonezkoa da, kirolzalea, kirol argitalpenen kontsumitzailea eta 20 eta 55-60 urte bitartekoa. Beste leku batzuekin alderatuta, euskaldunok apustuzaleak omen gara: “Ondo sustraitutako ohitura da, aspaldikoa, eta sozialki nahiko ondo ikusia dago beste erkidego batzuekin alderatuta. Horietan, makina txanponjaleen antza hartzen diete gure terminalei”.
Apustua oso lotua egon izan da herri kirolekin, “eta asko nabaritzen da gure jardunean, batez ere pilotan”, baina futbolak erakartzen du apustulari gehien. Herri kiroletan, berriz, leku zehatz batzuetan gehiago jokatzen da, “esaterako, Orereta edota Hernani aldean. Antzematen da inguru horretako makinetan. Jar genitzake apustu horiek estatu osoko makinetan, baina ez dugu egiten, hemengoa ez den jendeak ez lukeelako jokatuko”.
Futbola izanik erronkarako kirol nagusia, ondorengoak aldatu egiten dira erkidegoaren arabera: “Hego Euskal Herrian, adibidez, asko jokatzen da saskibaloian, pilotan eta txirrindularitzan; Valentzia aldean, berriz, oso gustuko dituzte motor kirolak. Eta Galizian, arrauna ere bai”.
2008an sartu zituen Retak lehenbizikoz Kontxako Banderako posturak terminaletan. Harrezkero, hazi egin da urtetik urtera horko apustu kopurua, baita dirua ere: “Udako kirola denez, eta garai horretan beste kirol askotan txapelketarik ez dagoenez, arraunak bizitasuna ematen dio apustuen arloari” dio Alonsok.
Alabaina, ez da gauza bera portuan artekarien oihuen artean jokatzea edo makina baten aurrean egitea, baina gero eta jende gehiagok egiten duenez apustua sakelakoaren bidez, “emozioari eutsi egiten zaio”, Alonsoren ustez: “Portuan zauden bitartean, joka dezakezu on-line”. Hori bai, Kontxako Banderan apustu kopurua hazi egiten da portuko tabernetako terminaletan. Guztira, 120.000 € jokatzen dira Kontxan, 15.000 apustutan.
Arraunean, San Miguel liga osoan dago posturak egiteko aukera, baina areagotu egiten dira Kontxako Banderan, “baita liga Galizian jokatzen den egunetan ere, han ohitura dutelako estropadetan jokatzeko”.
Gaur egun, artekarien jarduna debekatuta dago Kontxako Banderan, baina, Alonsok dioenez, haiek ez daudela-eta Retan ez da gehiago jokatzen: “Ez dugu tirabirarik izan ez estropadetako artekariekin, ezta pilotakoekin ere. Baten batek esan izan digu ez garela konpetentzia, frontoietako apustuak askoz ere handiagoak direlako” (Retan apusturik txikiena euro batekoa da; handiena, berriz, 100 eurokoa). “Gainera, apustua sozializatzen laguntzen omen dugu, gazteei bultzadatxoa ematen, alegia. Lehiakide baino, osagarri moduan ikusten gaituzte batik bat. Izan ere, Retan partida hasi aurretik egin daitezke apustuak, baina askotan gero frontoian jokatzen duen jende bera izaten da”. Halere, Alonsok aitortzen du frontoian jokatzen dutenak helduak direla: “Horiek desagertzen direnean, ondorengoek ohitura handiagoa izango dute makinetan apustu egiteko”. Etorkizun oparoa, hortaz, artekari teknologikoentzat.