Pantailari begira, auto barrutik

autozine

Filmak gustuko dituzu? Bai, noski! Baina uda sasoi honetan, a zer nagitasuna1 areto itxi batean sartzea, ezta? Bada, Uribe Kosta aldean badaukazu bestelako aukera bat zinemaz gozatzeko: autoetarako zinema. Aukera berritzailea eta originala da, eta Getxon dago. Plan polita uda amaierako gau epeletarako! Zuberoa Iturburu. Argazkiak: Mikel Martinez de Trespuentes.

Laster beteko du urtebete Getxoko autoetarako zinemak. Azaroan zabaldu zuten, estreinaldirako pelikula ezin hobea aukeratuta: Grease. Lehen egun hartan, auto amerikar klasikoak zeuzkaten lagunak ere gonbidatu zituzten, eta giro aparta sortu zen. Ordutik, egunero piztu dute pantaila handia azken estreinaldiak zein klasikoak eskaintzeko. Fernando de Soignie eta Javier Castaños lagunen ekimenez abiatu zen zinema mota hau. Hain justu, laguntasuna nabarmendu dute biek: “Herritarrentzako gauza bat sortu nahi genuen, zer edo zer herritarra; hau ez du muntatu Warnerren moduko ekoizpen-etxe batek, baizik eta langabezian zeuden Algortako bi lagunek. Herriko gauza bat da; gurea ez da merkataritza-gune erraldoi horietako bat, multinazionalez josia”.
Nola otu zitzaien ideia berezi hau? Euretako batek, de Soigniek, ezagutzen zuen Xixonen dagoen antzeko beste zinema bat, duela 20 urtetik dagoena zabalik. Bi lagunak langabezian zeuden, eta ideia ona iruditu zitzaien horrelako zinema bat zabal-tzea. Herrian bertan zelai aproposa topatu, eta animatu egin ziren. Getxo eta Berango arteko bidean dago zinema (Ibarrengoa estarta, 2). Ez zen, dena den, lan erraza izan. Hamaika buelta eman behar izan zuten baimena lortzeko, eta bi urteko atzerapenarekin zabaldu zuten.
Arazoak arazo, 2015eko irailean hasierako ideia egia bihurtzea lortu zuten. Horretarako, pantaila erraldoia ipini zuten: 12 metro garai eta 23 metro luze da. Horrela, zelaian sartzen diren auto guztietatik ondo baino hobeto ikus daitezke filmak. 150 autotarako tokia dago. Prezioari dagokionez, sarrera auto bakoitzeko ordaindu behar da: 10 euro. Beraz, ibilgailuan bost pertsona egonez gero, bakoitzak bi euro besterik ez du ordainduko. Dena dela, zinemaren arduradunek gomendatzen dute gehienez ere hiru pertsona joatea auto bakoitzean, denek izan dezaten pantailaren ikuspegi osoa. Hala eta guztiz ere, ohiko zinema aretoak baino askoz merkeagoa da!
Baita klasikoak ere
Estreinako filma Grease izan zela jakinda, zer pelikula mota emango ote dute? Arduradunek azaldu dutenez, batetik, sasoiko estreinaldiak proiektatzen dituzte, ohiko aretoetan bezala. Bestetik, areto horietan ez bezala, film klasikoak ere ematen dituzte Getxoko autoetarako zineman. Aurten, ikusleek ondoko filmez gozatu ahal izan dute: Dirty Dancing, The Goonies, Edward Scissorhands, Ghostbusters eta abar. Batzuek besteek baino arrakasta handiagoa izaten dute, baina, oro har, jendeak eskertzen omen ditu klasikoak. Horregatik, aurrerantzean ere antzeko filmak eskaintzen jarraituko dute.
Bestalde, eskaintza ez dago mugatua ikusle helduei. Umeentzako filmak ere ematen dituzte. Antza, umeak pozarren sartu ohi dira zelaira: “Ematen du jolas-parke batera datozela, saltoka eta irrika”. Umeentzako saio horiek ohi baino goizago egiten dituzte, arratsaldez. Izan ere, zinemaren ohiko ordutegia gauekoa da, emanaldiak eguzkia gorde ostean hasten baitira: udan, 22:15ean; neguan, 21:00etan. Ordu horretan, afaltzeko garaian, ikusleek eskertzen dute mokadutxoa jatea. Zinema honetan, parada dago betiko krispetak eta edariak erosteko, eta pizzak eta antzeko jakiak ere badauzkate. Beste abantaila bat ere badago: etxetik eroan dezakezu ogitartekoa. Zergatik ez, baita patata-tortilla ere, txangoa denboraz antolatuz gero. Horrez gain, adi!: sarrerak bertan eros ditzakezu, baina Internetez erostea gomendatzen dute, auto-ilararik sor ez dadin, zelaira iristeko bidea nahiko estua da-eta.
“Eta nola entzun daitezke film horiek guztiak, leihatilak zabalik egon behar dira? A zer hotza neguan!” pentsatuko du batek baino gehiagok. Lasai egon; izan ere, irrati bidez entzuten da soinua, irrati frekuentzia jakin bat aukeratuta. Hortaz, auto bakoitzean igo edo jaitsi egin daiteke bolumena, nork bere gustura doituz. Gainera, filma elkarren artean komentatzeko aukera dago, inori trabarik egin gabe. Ume txikiak dauzkanak ere ez du zinerako aukera galduko: umetxoa berarekin eraman ahal izango du, eta negar eginez gero… arazorik ez!
Eta neguan, zer?
Sasoi honetarako, aukera atsegina da, gauaren epeltasunean gozatzeko hautabide ederra. Baina neguan, zer? Hotza, euria… eguraldi txarra badago? Orduan ere, autoetarako zinema aukera polita da sofako lozorrotik esnatzeko eta kalera irteteko. Laburbilduta, zinema hau urte osoan bisitatzeko da egokia.
Hotza dagoenean, autoko berogailua piztu besterik ez dago. Euria dagoenean, getxoztarrak ondo prestatuta daude: autoen haizetakoetan kokatzen diren estalkiak dauzkate, bisera modukoak. Horrela, ez dago zertan sakatu haizetako garbigailua.
Beraz, ez dago aitzakiarik! Hartu ogitartekoa eta zoaz Getxo aldera, ez zaizu-eta damutuko!

Adi bateriarekin!

Bitxikeria bat baino gehiago bizi izan dute getxoztarrek. Ez da ohikoena, baina gertatu izan zaie gidariren bati autoko bateria agortu izana. Zuri ere horrelakorik gertatuz gero, jakin ezazu ondo hornituta daudela eta lagunduko dizutela: badaukate motor abiagailua, beraz, ez duzu autoa bertan laga beharko.
Noiz edo noiz, ikusleren bat begiak estalita etortzen zaie. Ez pentsatu gauza txarrik, baina; halakoetan, lagunek sorpresa eman nahi izan diote, nora zeramaten esan barik. Jendeak pozik alde egiten omen du saio amaieran. Egitasmoa, apurka-apurka, badoa aurrera, eta gazte ekintzaileei ideiarik ez zaie falta. Esaterako, datorren neguan berritasun handi bat estreinatu nahi dute: autobusa! Hartara, lagun-taldeek aukera izango dute filma elkarrekin ikusteko, nor bere autoan sartuta egon beharrean. Gogotsu ari dira eta gustura hartzen dituzte ideia eta proposamen berriak, “bestelako aretoek baino aukera gehiago dauzkalako gureak”.