Xarnegu lurraldean barna

xarnegu

Xarnegu lurraldea berezia da. Ez da osoki euskalduna, ez bearnesa, ezta landetarra ere; hiru horien nahasketa da. Euskal Herrian, lau hizkuntza hitz egiten dira: euskara, gaztelania, frantsesa eta gaskoia. Azken hori, Ipar Euskal Herriko hainbat herritan, euskararekin nahasi izan da mendetan, eta Xarnegu herrien berezitasun bilakatu. Nerea Olaso. Argazkiak: xarnegueguna.wordpress.com

Xarnegu gaskoizko hitza da, mestizoa esan nahi du, eta antzina gaskoi eta euskaldun mestizoak izendatzeko erabiltzen zen. Okzitanieraren dialekto bat da. Okzitania okzitaniera hitz egiten den lurraldea da, hots, Frantziako hegoalde osoa, Ipar Katalunia eta Ipar Euskal Herria izan ezik. Monakoko eta Italiako hainbat bailara ere barne hartzen ditu. Kataluniako Aran Ibarra ere bertan sartzen da. Baionatik Bordelera igota eta Arango ibarrera jaitsita, hiruki bat egin, eta hor sartzen den guztia da gaskoia.
Xarnegu hitzak frantseseko charnière (giltzarri, banda) hitzarekin zerikusia izan lezake: lotura egiten duena. Katalunian, xarnego hitza gaitzesgarria da oso, jatorriz kataluniarrak ez direnak izendatzeko erabiltzen baita, Euskal Herrian“maketo” bezala, alegia.
Bidaxune eskualdea Euskal Herriaren, Landen eta Biarnoren arteko mugan dago. Goialdean, Landak ikus daitezke, eta ondoan Biarno hasten da. Xarnegu lurraldea da. Peio Dibon gazteak lan asko argitaratu ditu xarnegutasunaren inguruan. “Xarnegu lurraldean, badira, Bidaxune herri elkargoko herriez gain (Akamarre, Bidaxune, Burgue-Erreiti, Erango, Bardoze, Gixune eta Samatze), beste hainbat toki. Bastidan, esaterako, gehienak gaskoiak dira, baita Ahurtin ere, beraz, ez da lurralde mugatua”. Gazte bardoztarra hirueleduna da; euskara, gaskoia eta frantsesa dakizki. “Maluruski, Bardozen bospasei heldu baino ez dira geratzen hirueledunak, eta, gazteen artean, bakarra naizela esan daiteke”. Bardozen, zehazki, garai batean gehienak euskaldunak ziren; ondoko herrietan, ordea, kontrakoa gertatzen zen: gehienak gaskoiak ziren. Horregatik, Bardozen gaskoiak eragin handia izan du bertako euskaran, eta, hala, hitz berezi anitz dituzte.
Gaskoia eta euskara, nahasita
Franck Dolosor kazetariak izugarri maite du gaskoia. “Bardozeko euskaran, hitz asko gaskoiak dira; zizarea, esate baterako, talòs esaten da, eta Lapurdiko beste toki askotan ere askariari krakada esaten diogu, hitz gaskoia, alegia. Nafarroa Beherean ere, gauza bat xekatu egiten dugu (miatu, arakatu), katalanez cercar dioten bezala”. Dolosor izango da euskaldun bakarrenetakoa Euskal Herrian hitz egiten diren lau hizkuntzak dakizkiena.
Euskara zein gaskoia erabat galduak dira Bardozen, Dibonen hitzetan. Bastida, Bidaxune eta Akamarreko hainbat baserritan, esaterako, gaskoia entzuten da oraino, baina transmisioa eten egin dela dio Dibonek. “2015ean, irakaskuntza elebidunarekin hasi ziren, lehendabizikoz, inguru honetan. Bardozen, ama-eskolan, euskaraz eta frantsesez irakasten da, eta Bidaxunekoan gaskoiz eta frantsesez. Aitzinetik, ez zen fitsik” azaldu du Peio Dibonek. “Duela zenbait hamarkadatik, Bidaxuneko ikastetxean hautuzko hizkuntza gisa ematen da, eta ehun ikasle inguruk ikasten dute okzitaniera. 400 urtez hemengo hizkuntza ofiziala izan da, frantsesa baino lehenago. Bigarren Mundu Gerrara arte, oso hedatua zegoen, eta burgesiaren hizkuntza zen Baionan, hala nola, medikuek, notarioek, abokatuek… hitz egiten zuten, baina transmisioan ikaragarrizko etena gertatu zen 60ko hamarkadatik aurrera” dio Franck Dolosor kazetariak. Hain justu, Seaskak ikastola eta calandreta bilduko dituen ikastetxe baten proiektua iragarri berri du, Bokalen. Calandretak Okzitanieraren murgilketa eskolak dira, alegia, ikastolen baliokideak. Hala, asmoa gauzatuz gero, Iparraldean, lehen aldiz, horrelako eskola bat sortuko litzateke, bi kulturak osagarriak direla aldarrikatuta.
Bi ikastetxeak toki berean elkartuko lirateke 2017an. Egun, Bokale da 5.000 biztanle baino gehiago dituen herri bakarra ikastolarik gabe. Bokalen, baina, okzitanierak ere badu bere tokia, horregatik, bi proiektuak batzea deliberatu dutela azaldu du Paxkal Indo Seaskaren lehendakariak. Bi hizkuntza izan arren, erronka berak dituztela gaineratu du.
Xarnegu eguna
Euskal eta gaskoi kulturen arteko topaketa da Xarnegu Festa. Hastapenean Bardozeko festa batzordeak antolatzen zuen kontzertua  Bidaxune herri elkargoaren besta handia bilakatu da. Frantziako eta Euskal Herriko musika taldeak gonbidatzen ziren hasieran, eta estakurua izaten zen musika mailan gertakari indartsua antolatzeko. Xarnegu Gaua izena zuen. Urtetik urtera, baina, handituz joan zen, eta beste elkarte batzuek ere jarduerak eskaini zituzten artearen eta kulturaren inguruan. Horregatik, duela 5 urte inguru, herrialde mailara hedatu zen jaialdia, “biziki zaila izaten baitzen dena Bardozen antolatzea eta jendea etorraraztea; beraz, erabakia hartu zen Bidaxuneko herrialde guztira zabaltzeko” azaldu du Peio Dibon bardoztarrak. Kulturen eta hizkuntzen nahasketa sustatu eta belaunaldien arteko loturak garatu nahi ditu kultur ekitaldi horrek, urtero apirilaren amaieran eta maiatzaren hasieran milaka lagun batzen dituen festibal handiak. Xarneguen berezitasunak ezagutzeko aitzakia ederra.