Atlantikotik mundura

atlan

Behiala, itsasoari parez pare begiratzen zion Errenteriak. Portu herria izanik, itsasoa bizibide eta garabide zuen. Halere, aspalditik ahanzturan murgildua zen herriaren itsas iragana. Hura berreskuratzea du xede Atlantikaldia III. Kultur Topagune eta Musika Jaialdiak. Musika eta kulturaren uberan, herrien bilgune eta kultur aniztasunaren isla izango da Errenteria irailaren 22tik 25era. Eñaut Mitxelena. Argazkiak: Atlantikaldia.

Manchester Txikia ezizenez ezagutu izan da Errenteria urte luzez, XIX. mendetik aurrera industrializazioaren eraginez izandako garapena tarteko. Fabrikaz jositako herriari berezko nortasuna eman zion iragan industrialak. Herriaren itsas iragana, ostera, ez da hain ezaguna. Ez da harritzekoa, Pasaiako portua bertatik bertara izan arren, kresalaren zantzurik ez da antzematen Errenterian. Egun, Atlantikorako zuzeneko sarbiderik ez duen herri atlantikoa da. Beti ez da halakoa izan, ordea. Garai batean, egun herriko hirigunea den eremura ailegatzen zen itsasoa, eta mende askoan portua izan zuen Errenteriak. Herriko armarria lekuko: itsasoa, eta haren gainean harresiz inguratutako herria. Erdi Aroan, eta 1320an Gaztelako erregeak Hiri Gutuna eman aurretik, itsasorako sarbidea zuen eskualdeko herrigune bakarra zen. Horren inguruan garatu zen, zela itsas merkantzien zergak kobratzeari esker (hortik dator Errenteria izena), zela bestelako portu jardunei esker. Atlantikaldiaren zuzendari Laura Landak azaldu duenez, “itsasoak sekulako garrantzia izan zuen Errenterian. XVII. mendean, Euskal Herriko ontzigintzaren gune garrantzitsuenetakoa izan zen, eta hori jende askok ez daki; ez kanpokoek, ezta errenteriar askok ere”. XVIII. mendean etorri zitzaion gainbehera. Batetik, Espainiako erregeak Donostiari emandako pribilegioek Errenteriako ontzigintza sektorea ahuldu zutelako. Bestetik, lokaztearen, hainbat itsasontziren hondoratzearen eta portuko uretara zabor gehiegi botatzearen ondorioz portuko uren sakonera gutxitu egin zelako. Hala zimeldu ziren, desagertzeraino, portua eta bertako jarduna.
Iragan hori guztia berreskuratzea du helburu Atlantikaldiak, sorreratik. Hortik abiatuta, Atlantikoak batzen dituen herrien topagunea ere izan nahi du Errenteriako Udalak antolaturiko jaialdiak. “Itsasoa zen kanpora joateko bidea, eta beste herrialde batzuekin harremanak izateko modua. Harreman hori berreskuratu nahi genuen, baina, oraingo honetan, kulturan oinarrituta” dio Landak. Bai eta, kulturen eta musiken topagune den heinean, Errenteria “mundu mapan kokatu” ere.
Izenak ongi adierazten duenez, Atlantikoa eta hura inguratzen duten herriak izan ditu bizkarrezur Atlantikaldiak. Itsas iragana eta ondarea landu izan dituzte aurreko bi edizioetan. Bi ildo horiek baztertu gabe, urrats bat harago emango dute aurten, jaialdiaren ardatza Atlantikotik mundu osora zabalduta. Landaren hitzetan, “aurten, nolabait, ulertu dugu itsasoa bat eta bakarra dela. Herriak Atlantikoari begira daude, baina itsasoa bat da, ozeano guztiak eta itsaso guztiak”. Hala, bertakoa munduratzeko leihoa izango da jaialdia, eta mundukoak bertaratzekoa.
Aniztasuna du oinarri jaialdiak.  “Kanpora eta barrura begira”, Landak zehaztu duenez. 80 komunitate pasa biltzen ditu Errenteriak, eta kultura eta hizkuntza amalgama hori baliatu nahi izan dute jaialdia aberasteko, jaialdiari nortasuna emateko eta ezberdinen arteko elkarbizitza sustatzeko. Kanpora begira, aldiz, jarraitu egin nahi dutelako Atlantikoko zein munduko beste herriekin aurreko bi edizioetan sorturiko harremanak bideratzen eta berriak sustatzen. Aniztasunaz, aniztasunetik eta aniztasunez: musika, erakusketak, kirola, gastronomia, hitzaldiak, artisau lanaren erakustaldiak, dantza... Parte hartzeko edo ikusteko eta entzuteko orotariko ekitaldiak, jatorri ezberdinetakoak eta adin guztietako jendearentzat. Guztira, 80 bat ekitaldi lau egunean. Denak ala denak hiru oinarritan zimendatuak: musika, parte hartzea eta Tosta ekimena.
Musika
Musikak garrantzi handia du Atlantikaldian. “Musika lengoaia unibertsala denez, kultura ezberdinak lotzeko ardatz moduan ikusten dugu. Horregatik eman izan diogu garrantzi berezia” dio Landak. Aurreko bi edizioetan bezala, aurten ere izen ezagunak batu zaizkio jaialdiari: hilaren 22an, Kepa Junkera & Sorginak izango dira, Chet Nuneta taldearekin batera; 23an, Balkanetako musikaren erakusle ezagunenetarikoa den Goran Bregovic eta Tosta Banda; eta 24an, flamenkoa eta chill out estiloa uztartzen dituen Chambao eta Portugalgo kolonia izandako hainbat herrialdetako musikariek osatutako Terrakota. Chambaorekin batera Noemi Viana dantzari donostiarra ariko da; eta portugaldarrekin, Bad Sound System taldea. Bestelako kontzertu apalagoak ere antolatu dituzte. Estilo ezberdinak, munduko herrien ispilu izango direnak. Gainera, aurreko urteetan egin zuten moduan, jaialdirako propio elkarlanean ariko dira musikariak. Izan ere, Atlantikaldiaren apustu sendoa da artisten artean sinergiak sortzea eta elkartrukea bideratzea. “Horrek eragiten du Atlantikaldian ikusten diren kontzertuak bakarrak eta bereziak izatea; kolaborazio eta egonaldietan oinarritutakoak izanda, ez dira edonon ikusten”. Kepa Junkera & Sorginak eta Chet Nunetak, Errenterian egonaldi labur bat egin dute kontzertua prestatzeko. Tosta Banda bera ere, Tosta proiektuaren baitan garaturikoa den heinean, hizkuntza gutxituak dituzten komunitateetako musikariekin osatua da. “Tosta proiekturako elkartu dira, eta sei kontzertu emango dituzte denera; azkena, Errenteriakoa”.
Parte hartzea
Jendea arrantzatzeko, beraz, musikaren amua eta orotariko beste 80 ekitaldi inguruk osaturiko sarea. Herriko elkarte, talde, eragile eta norbanakoen laguntzarekin osatzen dute egitaraua, haien parte hartzea sustatuta. Landak dioenez, “eragileen partaidetza ezinbestekoa da guretzat; azken batean, hortxe dago jaialdiaren nortasuna. Kanpora begira ere egiten den arren, herriarekin eta herriarentzat eginiko jaialdia da. Ez balitz herritik sortutakoa, jaialdi hotza litzateke, erakusleiho soila. Herritarren parte hartzerik gabe, ez legoke Atlantikaldia. Izugarria da eragileen inplikazioa, eta geroz eta handiagoa”. Proposamenak aurkezteko deialdia egiten dute antolatzaileek, eta ondoren aukeraketa aurkezturiko egitasmo guztien artean. Aurten, esaterako, 175 bat proposamen jaso dituzte eragile eta elkarteen aldetik, eta horietatik guztietatik 80 inguru aukeratu ditu balorazio batzorde batek. “Ezinezkoa da denei egitea leku egitarauan, ez legokeelako denborarik” dio Landak. Halere, “oso eskaintza zabala da, eta edozeinek topatuko du gustuko zerbait”: ontzi tradizionalak ikusgai izango dira herria zeharkatzen duen Oiartzun ibaian; Artiola Artisautza Gunearen ekimenez, errementarien lana ikusi ahal izango da Artisau Kaia izeneko gunean (eskultura bat egingo dute jaialdiak iraun bitartean, azken egunean herrian paratzeko); jatorri ezberdinetako herritarrak elkarte gastronomikoetan janaria prestatzen ipiniko ditu Sukaldian egitasmoak, eta ondoren jaki horiek dastatzeko aukera eskainiko du; itsasoari eta itsas ondareari lotutako erakusketak izango dira; haur eta helduentzako tailerrak; itsasontzi tradizionalekin lan egiten duen European Maritime Heritage elkarteak antolaturiko nazioarteko kongresua; filmak; hitzaldiak; haurren kantujira; Usain eta Zaporeen Azoka; errumaniar, kolonbiar eta euskal soinujoleak batuko dituen Eskusoinu Ibiltaria; dantza emanaldiak; kirol jarduerak... Jaialdia hasi aurretik ere izango dira ekitaldiak, “motorrak berotzeko”: Txirritaren heriotzaren 80. urteurrena gogoratzeko bertso musikatuak; Gipuzkoan 1766an izandako altxamenduei buruzko Matxinada Errenterian hitzaldia; San Marko mendira irteera gidatua... Zer eta non aukeratu badago.
Tosta
Donostia 2016k garaturiko Tosta proiektuak presentzia nabarmena izango du Atlantikaldian. DSS 2016ren enbaxada ibiltaria da Tosta, eta tokian tokiko hizkuntzei balioa ematea du xede. Horretarako, apirilaz geroztik, Atlantikoko hizkuntza komunitate gutxituetan ibili izan da komunitate horietako hainbat artistaren arteko harremanak sustatzen. Galizian, Galesen, Irlandan, Eskozian, Frisian eta Kornuallesen ibili ostean, Errenterian amaituko du ibilia, egitasmoan parte hartu duten artisten parte hartzearekin. Tosta Herrixka izeneko gunean izango dira ikusgai egitasmoak emandakoak. Hainbat ekitaldiren bitartez, hizkuntzak eta hizkuntza aniztasuna nabarmenduko dituzte gune horretan, irailaren 26an izaten den Hizkuntzen Europako Egunaren itzalpean.