Historiaren lekuko itsaskorrak

PEGATINA

1979. urtea da, Santurtzin (Bizkaia) gaude. Auto ugari dabil hara eta hona bozgorailuetatik leloak zabaltzen, kartelez josita daude horma guztiak eta giroa bero-bero dago: Gernikako Estatutua bozkatuko da, eta kanpaina hasita dago. Kalez kale dabil Iñaki Sanchez García 13 urteko mutiko gaztea ere, jakin-minak jota. Alde guztietara begiratzen du harriduraz, baina zerbaitek bereziki erakartzen du, Ezkerralde gris eta ilunari kolorea ematen dion horrek:  pegatina da. Berehala hasi da kartazaletan, kutxetan eta beste hainbat lekutan gordetzen. Poliki-poliki, urteak pasa eta iritsi da 2016. urtea; dagoeneko 35.000 pegatinako bilduma dauka. Mikel Arrillaga.

Trenbidetako langilea ofizioz eta pegatina bidumagilea afizioz, horixe da Iñaki Pegatas Sanchez. Duela 50 urte jaio zen Santurtzin, eta 1984tik trenen esparruan dihardu lanean. Miranda de Ebron sei urte pasa ondoren, herriko portuan lortu zuen lana, eta hortxe ari da 1990etik. Gainera, 2010etik, LAB sindikatuaren ordezkaria da ADIFen. Lanetik kanpo, Gizon Ekimena elkarteko kidea da; sexismoaren eta matxismoaren aurka egiten du talde horrek. Dena den, eranskailuen bilduma egitea du zaletasunik handiena.
Bakarrik aritzetik taldean aritzera
Inguru gatazkatsua zen Ezkerraldea; langile asko zegoen eta lan afera ugari izaten zen: manifak, kartelak, grebak… Giro horrek eraginda hasi zen Iñaki bilduma osatzen: “Gordetzen hasi nintzen, data jartzen eta egileen bila. Izan ere, garai hartan, Franco hil berritan, talde asko legez kanpokoak ziren eta ezin izaten zuten euren izenarekin sinatu. Horregatik, dokumentazio lan handia eskatu zidan egileak aurkitzeak: alderdi, sindikatu eta elkarteekin harremanetan jarri, haietako adinekoenekin hitz egin”… Lehenengo urteetan bildumagile bakarra zelakoan jardun zuen arren, gero konturatu zen inguruan, Santutxun eta Barakaldon, esaterako, bazebiltzala beste ba-tzuk lan berean. Elkarrekin harremanetan jarri, eta trukatzeari ekin zioten. 90eko hamarkadan iritsi zen Interneten booma, eta horrela jakin zuten Espainiako estatu osoan 50 inguru zirela. 2002an hasi ziren bilerak egiten. “Urtean behin, Euskal Herriko herriren batean elkartzen gara. Pegatinak mahai gainean jarrita, falta zaizkigunak hartu, eta trukatu egiten ditugu; sailkatzeko moduaz aritzen gara, egileez… Ondoren, denok batera bazkaltzen dugu. Polita izaten da”.
Faxista artean
Bilera horiek beharrezkoak dira bildumak osatzeko, baina pegatinak biltzeak lan handia eskatzen du. Sanchezek dioenez, asko ibili beharra dago. “Gure artean elkartzen hasi baino lehen, neu joaten nintzen alderdi politiko, sindikatu eta gizarte eragileen egoitzetara, garai haietan gutun bidez ere trukatzen genituen, baina gaur egun ohitura hori galtzen ari da”. Dena den, ekitaldi politikoetan, sozialetan eta jaietan lortzen zituen asko. Bilboko Aste Nagusian, sanferminetan, Kataluniako Diadaren egunean… baita muturreko eskuinarenetan ere. 1999ko azaroaren 20an, esaterako, Madrilen izan zen Ynestrillas ospetsuaren mitinean. “San Juan de la Cruz plazan elkartzen ziren. Belarritakoa kendu, eta janzkera aldatu nuen, oharkabean pasatzeko. Hantxe ibili nintzen kaskamotz artean. Gogoan dut buruzagi faxistak rottweiller arrazako bi zakur zituela Espainiako banderarekin egindako jertse banarekin jantzita, ikaragarria izan zen. Beste behin, Valladoliden, talde neonazi baten egoitzan jo nuen txirrina eta ez zidan, bada, atea zabaldu nazien uniformea zeraman tipo batek! Susto ederra hartu nuen”. Lan horri esker, ultra-eskuineko taldeen pegata mordoa du Iñaki Sanchezek.
Memoria historikoa
Gaur egun, urteetan eraturiko harreman sareari esker, ez dauka horrenbeste ibili beharrik. Erakunde guztietan kontaktuak dituenez, bidali egiten dizkiote, edo tabernaren batean utzi Iñaki Pegatasen izenean. “Erakusketek ate asko ireki dizkidate. Azken bost edo sei urteotako kontua da. Denbora luzea eman izan dut lanean eta orain ari naiz etekina ateratzen. Pegatinak ematen dizkidatenek badakite memoria historikoaren alde egiten ari direla; izan ere, bilduma etxean gorde arren, jendeak ikustea eta ezagutzea da helburua”.
Sanchezen ustez, zeregin garrantzitsua dute pegatinek, historiako une jakin bat kontatzen dutelako. “1995eko hauteskundeetakoek, adibidez, argi adierazten dute kanpaina hartan alderdiek ziotena, eta, kronologikoki ordenatzen direnez, egokiak dira, halaber, alderdien bilakaera ikusteko. Gogoan dut PSOEk NATOn sartzearen kontrakoa atera zuela lehenik, eta aldekoa ondoren. Gainera, aspaldiko gatazkak konpondu diren ala ez jakiteko ere balio dute. Abortuari dagokionez, adibidez, azkenaldian egiaztatu dugu duela hogeita hamar urteko pegatina horituek indarra izaten jarraitzen dutela, gai horretan berdintsu jarraitzen dugun seinale”.
Erakusketak
Pititako irrati librearen eskutik egin zuen lehenengo erakusketa Santurtziko Mamariga auzoan, 1990ean. Harrezkero, herri, auzo eta gaztetxe askotan jarri izan ditu hainbat eta hainbat gairi buruzkoak: ekologia, presoak, Irakeko gerra… Azkenak Athleticeko jarraitzaileak eta lagunarteak izan zituen ardatz, eta Kabiezesen egin zuen, Santurtzin bertan. Hala ere, ezagunenak emakumearekin eta pegatina feministekin du zerikusia: 2000. urtean, monografikoa osatu zuen eta ordutik 14 herritan izan da ikusgai. Dena den, bolada batez utzi egin nahi dio esposizioak egiteari, lan handia eskatzen duelako: “Esaterako, emakumeari buruzkoak antolatzeko, alderdi politiko guztienak arakatu behar dira, eta behar direnak atera; jakina, gero berriro sailkatu behar dira. Nire bildumatik atera, beste orrialde batzuetan jarri, horman itsatsi, edo okumean… Gero, kentzeko, alderantzizko prozesua egin behar da, hormatik bildumara...”.
Ordu asko eskaintzen dizkio, beraz, pegatinen munduari, eta horrek eragina dauka beraren bizimoduan “Pegata baten bila Santanderrera joan behar badut, joaten naiz; are gehiago talde txiki batena edo lortzen zaila baldin bada”. Horregatik esaten du beti Sanchezek bilduma kolektiboa dela berea. “Bilduma nik egiten dut, baina laguntzen didaten guztiena ere bada: alderdi eta sindikatuena, aleak ekartzen dizkidaten norbanakoena, nirekin bizi eta alboko kalteak pairatu dituenarena… Lan kolektiboa da. Izan ere, pegatinak ematen dizkidate badakitelako gordeko ditudala eta 20-30 urte barru haietaz gozatzeko aukera izango dela”.
Bekatu txikia
Jende adindu samarra ari da eranskailuen bilketan, 50 urtetik gorakoak gehienak, baina baikor dago Sanchez, 20-30 urte bitarteko belaunaldi gaztea atzetik datorrelako. Dena den, ez du aukera hau galdu nahi izan kontu bat argi uzteko: “Pegatinak itsasteko dira, baina inoiz inon lortzeko zailen bat ikusten badut, askatu egiten dut, horixe da nire bekatu txikia. Gustukoa aurkitzen badut, ordea, eskukada hartu eta itsatsi egiten ditut, nire ideologiarekin bat etorriz gero. Horrela konpentsatzen dut bestea askatu izana”.