“Aukerak eman behar dira emakumeek rapa egin dezaten”

labasu

La Basu & Elena Caballero

La Basu rap kantaria Elena Caballero Villanueva (San Antonio auzoa, Etxebarri, 1983) da etxean. Badira 20 urte hip hoparen munduan sartzen hasi zela, zintak entzunez. Izotz Erregina lana kaleratu du aurten, urte amaieran aterako duen LParen aurrerapena. Eskina Femeninaren egoitzan hartu gaitu, Bilbon, kontzertu eta kontzertu artean tarte bat bilatuta. M. Egimendi. Argazkiak: Argazkipress.

16 urterekin sortu zenuen zure taldea, Jungla Urbana, emakumez baino ez osatua...
Lehenengoa izan zen, eta, momentuz, bakarra. Rapa egiten zuten guztiak mutilak eta ni baino askoz zaharragoak ziren, baina nik emakumeekin egin nahi nuen, beharrezkoa zen. Lau lagun engainatu nituen taldea osatzeko eta kontzertuak ematen hasi ginen. Ez genuen grabaziorik egin, oso gazteak ginelako eta ez genuelako dirurik, baina saiatu ginen gauzak pixka bat aldatzen. Urte eta erdi inguru iraun zuen. Oso gustura ibili nintzen, baina taldea desagertu egin zen. Azken batean, nire kontua zen beste taldekideena baino gehiago...
2001ean #k maketa grabatu ostean, etenaldia egin behar izan zenuen.
Bai, gaixotasun bategatik 11 urtez egon nintzen ezer kaleratu barik, baina idazten jarraitu nuen. 2014an, Remixes izeneko lana atera nuen, lagunentzako eta familiarentzako disko bat egin nahi nuelako. Hiru kanta izan ziren, hurrengo urtean kaleratu nuen Aire es vida diskoaren aurrerapena. Ez nuen bestelako asmorik, neuretzat eta ingurukoentzat egindako lana zen, baina oihartzuna izan zuen eta bigarren edizioa ere atera behar izan genuen.
Zeuk sortzen dituzu abestiak?
Musika, momentuz, ez dakit egiten, baina denborarekin ikasiko dut. Letrak, berriz, bai, neuk sortzen ditut. Rapean, hitzak norberarenak izan behar dira, ezin dituzu abestu beste batenak. Nolako hitzak idatzi, halako publikoa izango duzu.
Nahi duzun guztia botatzen duzu kantuan ala beti isiltzen da zerbait?
Isildu, ez naiz isiltzen, borrokalari hutsa naiz. Halere, batzuetan aldatzen ditut hi-tzak, esan nahi dudana beste modu batez esateko. Aneguriak (rap kantari laguna) eta biok “modu baldar, baina dotoreagoa” esaten diogu horri.
Zeren alde, edo kontra, borrokatzen zara kantuan?
Oso rap pertsonala egiten dut. Hau da, La Basu ezagutzen ez duenak ez ditu letrak tarteka oso ondo ulertuko. Lantzen ditudan gaiak dira euskara hizkuntza gutxitua zabaldu egin behar dela, emakumeek lekua hartu behar dutela rapean, askatasuna... Nire gauzak defendatzen ditut, nire jendea, gauza errealak. Ez zait gustatzen norberak bizi ez dituen gaiei buruz hitz egitea, ezin da hitz egin ezagutzen ez duzunaz.
Aurten kaleratu duzu lehen lana euskaraz, Izotz Erregina. Zergatik euskaraz?
Gaztetan, bi kanta egin nituen euskaraz, baina duela ia 20 urte rapa euskaraz egitea pentsaezina zen. Nire lehen kontzertua Selektah Kolektiboarekin izan zen, euskarazko lehen taldearekin, baina rapak ez zuen funtzionatzen euskaraz, jendeak ez zuen onartzen. Denborarekin, konturatu naiz gauzak zabaldu egin behar direla, gauzatu egin behar direla. Gustukoa izango da ala ez, baina erreferenteak sortu behar dira, eta aukerak eman. Horregatik egin dut euskaraz: nik egiten ez badut, ez duelako beste inongo emakumek egingo. Sekulako zoramena izan da, izugarrizko erronka. Ikaragarri kostatu zait letrak idaztea, ez dakit esaldiak ondo edo txarto dauden ere, baina saiatu naiz eta neure burua horretan jarri dut. Harro nago, behar genuelako euskarazko rapa, emakumeek egina.
Sekulako harrera izan du. Eskaera zegoen seinale?
Bai, mundu guztiak esaten du egin behar dela, baina inork ez du egiten, eta hu-tsunea zegoen. Arrakasta izan du, bai; halere, rapa ez dut horretarako egiten, egin nahi dudana egiteko baizik. Egin behar zen, beharrezkoa zen, eta egina dago. Pozik nago.
Durangoko Azokan kaleratuko duzun diskoaren aurrerapena da. Zer aurkituko dugu LP horretan?
13 kanta izango direla uste dut, denak euskaraz. Kolaborazioak egongo dira, denak emakumeak eta euskaldunak. Aneguria eta Sirokako Maria Rivero ziur egongo dira, besteak oraindik ez ditut aipatuko. Aukerak eman behar dira emakumeek rapa egin dezaten. Izan ere, rapean emakumeoi parte hartzeko eskatu izan digutenean, beti izan da leloan ahots polit bat jartzeko, baina hori baino gehiago gara, badakigu rapeatzen eta rapeatu egin nahi dugu. Oso zaila da gauzak aldatzea, baina horretan gabiltza.
Rap disko bat euskara hutsean kaleratu duen lehen emakumea zara. Euskaraz jarraitzeko asmorik bai?
Izotz Erregina kaleratu ondoren, jarraituko dut rapa euskaraz egiten, baina hurrengo urtean gaztelaniaz aterako dut diskoa. Biak iruditzen zaizkit beharrezkoak, idazketa tailerretan ikusi dugu jendeak euskaraz ere egin nahi duela. Bide berria da, eta ez dakit non bukatuko den, baina gaztelaniaz ere jarraituko dut, hori seguru. Kanpoan badugu arazo bat hizkuntzarekin, jendeak ez dituelako ulertzen hitzak, eta rapean horiexek dira garrantzitsuena. Halere, pozik nago, Madrilen eta Bartzelonan inolako arazorik gabe abestu baitut euskaraz, itzulpen barik. Zentsuratuak egon gara webgune garrantzitsu batzuetan, eskatu digutelako hitzak itzultzeko (Aneguriarekin egindako Trakamatraka kantarekin gertatu zen), lana nobedadeen artean jartzea nahi bagenuen. Ezetz esan genuen, ingelesezkoak ere ez dituztelako itzultzen. Norbaitek nire hitzak itzuli nahi baditu, egin dezala, baina ez dut neuk egingo. Badakigu euskaraz egiteak halakoak ekartzen dituela, baina euskaraz ere jarraituko dut, arazorik gabe.
Zure lanak erabat autogestionatuak dira...
Bai, Taupaka elkartean nago eta haren laguntzaz hitzartzen ditut kontzertuak, promozioa eta abar. Bestela, neuk egiten dut guztia. Musika askea egiten dut, kultura askea, SGAEtik kanpokoa. Ez dut haien jokoan sartu nahi; musika egiten dut nahi dudalako, ez dirua lortzeko, oso argi daukat hori. Taupakaren filosofia ere horixe da, horregatik nago hor.
Musika ez zaie ordaindu behar sortzaileei?
Bai, baina irratian nire kanta bat entzun, eta nire diskoa erosten baduzu, berriz ordain-tzen ari zara, eta nik ez dut hori nahi. Lapur hutsak dira. Diskoak egiteko dirua behar da, noski, baina lor daiteke beste modu batean. Ez zait diru erraza gustatzen. Nik idazketa tailerrak egiten ditut, kontzertuak, merchandisinga... Ez dut onartzen jendeak ordaindu behar izatea bi, hiru edo lau bider nire musika entzuteagatik. Lantegi batean egon naiz beharrean 12 urtez, baina aurten utzi egin dut, ezin nuelako dena batera egin. Orain, nire bizitza musika da, eta saiatzen naiz gauzak nire modura egiten. Diru gutxiagorekin bada, konponduko naiz, baina ez dut nire burua salduko.
Horregatik jarri dituzu Izotz Erregina laneko hiru kantuak doan deskargatzeko moduan?
Bai, lehenengo egunetik, musika askea da. Entzun nahi duzu? Bada, deskargatu lasai. Ondoren diskoa erosi nahi baduzu, lana gustatu egin zaizulako, zoragarri!
Hip hopari Euskal Herrian rockak, punkak, skak, reggaeak... itxi diote bidea?
Ni hasi nintzenetik, gauzak asko aldatu dira, baina hemen beti egon da rock edota punk gehiago; rapa sektarioa-edo izan da, oso talde itxiak izan gara beti, eta sortu diren taldeen artean asko ez dira Euskal Herritik atera. Halere, orain edozein tokitan dago rapa, baina bi rap abestiren ondoan 200 rock abesti daude.
Zelako etorkizuna ikusten diozu? Zu zeu gero eta kontzertu gehiago ematen ari zara...
Bai, halaxe da; dena den, batzuetan dei-tzen digute “proposamen berria” garelakoan, “gauza berriei aukera eman behar” zaielako. Berria!? 20 urte daramatzagu rapa egiten! Nik ez dut egiten rapa zerbait berria egiteagatik, beste edozein musika estilo bezain normala da. Oraindik ere lan asko dago egiteko, baina hauxe da momentua, orain lortu dugulako 15 urtean lortu ez duguna. Orduan, aurrera! Rapa zerbait normala izatea lortu arte!
Hip hopak nahiko irudi matxista du, eta ez irudia bakarrik...
Bai, egia da. Rapa izan da gizonezkoa abesten eta emakumea alboan bikinia jantzita dantzatzen. Oso zaila da hori aldatzea, ufa! Nik arazo asko izan ditut oso gaztea eta emakumea izateagatik; are gehiago, aurten etorri zait morroi bat galdezka ea ez dudan pentsatu argaltzea rapa egiteko... Zergatik ez dio esaten gauza bera nire DJari? Gizonezkoa delako. Gauza horiek gertatzen dira! Rihanna 40 kilo gehiagorekin ez litzateke izango orain dena. Emakumea izanik rapa egin nahi baduzu, liraina, perfektua, polita... izan behar duzu? Ez! Niri ez zait gustatzen perfektua izatea, eta rapa egiten duten gizon asko oso potoloak dira! Raperako talentua mikroaren aurrean erakusten da, ez gorpuzkeran edota itxuran. Rapa hitzak dira. Nik rapa egiten dut, nire letrak egiten ditut eta neure itxura dut. Halaxe joango naiz, beraz, behar den lekuraino!
Horrelako egoerei buelta emateko sortu zenuten 2013an Eskina Femenina?
Bai, ikastetxeetan idazketa tailerrak ematen hasi nintzenean, DBHko neskek esaten zidaten ezin zutela rapa egin, emakumeak zirelako. Duela gutxi, mutil bat etorri zitzaidan esanez nik ezin nuela tailerra eman, emakumeek ez dakitelako rapa egiten. Tailerretan, ikusi dut emakumeek hobeto idazten dutela, baina ez direla ausartzen jendaurrean kanta-tzera. Behin, Aneguriarekin hizketan, pentsatu nuen arazoa erreferente falta zela. Neskek ez badute emakumeak entzuteko aukerarik, ez dira inoiz ausartuko. Orduan, YouTuben kanala sortu, eta rapean aritzen ziren emakumeak bilatzen hasi ginen. Lan gogorra izan zen, Espainiako estatuan bospasei baino ez genituen ezagutzen, ez dago gehiagorik, baina aurkitu genituen Txinan, Ameriketan... Gaur egun, 1.200 bideotik gora ditugu, emakumezkoenak baino ez. Horrela hasi zen Eskina Femenina, emakumezkoen rapa entzuteko aukera egon zedin. Idazketa tailerrekin ere jarraitu genuen, ez dira emakumezkoentzako talde itxiak. Horrelakoak ere egin izan ditugu, baina mistoak ere bai, oso garrantzitsua delako gizonezkoek ikustea zer den emakumea izatea rapean. Neskak eta mutilak etortzen zaizkigu gaur egun tailerretara, eta jaialditxoak ere egiten ditugu, emakumeek oholtzara igotzeko aukera izan dezaten.

KOLKOTIK
Larunbat gauerako planik onena?
Kontzertu bat ematea edo ikustea.
Musikari bat? Lauryn Hill.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Arkeologoa, baina letrak ikasi ditut...
Eta orain zer ez duzu izan nahi? Zoritxarrekoa.
Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen albistea? Mundua aldatu egin dela eta inork ez duela jateko arazorik.
Nola ikusten duzu zeure burua 20 urte barru? Mendian, etxe txiki batean, lasai-lasai. Sakelakorik gabe, Internet barik...
Iraungo zenuke? Hurrengo hogei urtean egin nahi dudan guztia egiten badut, bai.
Rapa ez den beste musika estilo bat? Guztiak, denetarik entzuten dut. Ezinezkoa da musika mota bakar bat entzutea.
Bi arrazoi euskara ikasteko? Hizkuntza gutxituak iraun egin behar duela eta ez dakienak ezingo dituela nire diskoak ulertu, kar-kar!
Zer egiten duzu erlaxatu beharra duzunean? Airea bilatu!
Zer ez da inoiz falta zure etxeko hozkailuan? Ur hotza!
Zerk eragiten dizu barre? Bzitzak berak.
Zer da rapeatzea zuretzat? Bizimodua.
Zeri buruz ez duzu inoiz hitz egingo zure abestietan? Nire filosofiarekin bat ez datorren zerbaiti buruz.
Zerk eragiten dizu negar? Oso negartia naiz, uste dut negar egitea ona dela.
Zerk ematen dizu lotsa? Ezezagunen aurrean sentimenduak agerian uzteak. Rapeatzean gertatzen zait batzuetan: etxean idatzitako letrak jendaurrean kantatzean, konturatzen naiz neure burua agerian uzten ari naizela.
Beldurra? Ezagutzen ez dudanak.
Errimak buruz ikasten dituzu, bertsolariek bezala? Bai, noski. Ikasi beharra dago, baina erraztasun handia daukat.
Bi hitzetan, nolakoa da La Basu? Borrokalari hutsa.