Tragediaren erdian, haurren alde

ikusgarri

Janusz Korczak mediku eta pedagogo poloniarra eta munduko biktima guztiak gogoratu eta omenduko ditu Vaiven konpainiaren Treblinkara azken trena antzezlanak. Haurren eskubideen alde lan handia egin zuen Korczakek, haurrekiko errespetua oinarri eskubide osoko norbanakotzat hartzen zituelako. Gertakari lazgarria kontatuko du lanak: 1942ko abuztuaren 5ean, Korczak buru duen Varsoviako ghettoko umezurztegi batean, egoera ezin tragikoagoa bizi dute bai
Korczakek, bai umezurztegiko 200 haur judutarrek, naziek Treblinkako kontzentrazio-esparru batera bidaliko dituztelako trenez. Une horiek kontatzen ditu antzezlanak, ikusleak ere parte hartzera bultzatuta. Izan ere, ikusleak ez dira eserlekuetan izango, umezurztegiko ohatzeetan baizik. Ana Pimentaren jatorrizko ideiatik abiatuta, Patxo Telleriak idatzi du testua, eta Mireia Gabilondok zuzendu. Jose Ramon Soroizek beteko du Korczaken rola, eta harekin batera ariko dira Maiken Beitia, Eneko Sagardoy, Gorka Martin, Tania Martin, Nerea Elizalde, Jon Casamayor, Mikel Laskurain eta Kepa Errasti. Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren baitan sortua, urriaren 2an aurkeztuko dute Donostiako Larratxo kultur etxean, eta 21era arte izanen da ikusgai. Astegunetan, gazteentzako emanaldiak izango dira, eta asteburuetan, berriz, ikusle guztientzat.


zinemaldiaIRAILAREN 16tik 24ra egingo da Donostiako 64. Zinemaldia, eta dagoeneko ezagutarazi dute bederatzi egunez ikusi ahal izango den lan mordoxka. Ohiko sailez gain, Jacques Beckerri (Paris, Frantzia, 1906-1960), Fran-tziako zinemaren historiako egilerik garrantzitsuenetako bati, atzera begirakoa eskainiko zaio, eta The Act of Killing. Zinema eta indarkeria globala izenekoak gaur egun hainbat herrialdetan bizi dituzten indarkeria egoerei helduko die. Euskal ekoizpenek Zinemira sailean izango dute leku, baina hortik kanpo ere ikusi ahal izango dira ale bakan batzuk: Koldo Almandozen Sipo Phantasma lehen lan luzea, eta bi film labur, Mikel Ruedaren Caminan eta Chicas de Pasai kolektiboko Maria Elorza eta Maite Fernandez Iriarteren Gure hormek/Our Walls, Zabaltegi-Tabakaleran izango dira ikusgai, lehenengoz lehiazkoa izango den sailean.

 

 

 

LABURREAN

UDAKO AIZU!n jakinarazi genuenez, Lekeitioko 39. Euskal Zine Bilera aurreratu egin dute, eta azaroan egin ordez, urriaren 16tik 23ra izango da. Aurten jaialdian lehiatuko diren lanen berri ez dute eman oraindik antolatzaileek, baina, ohi denez, azken urtean egindako euskarazko ikus-entzunezko lanen plaza izango da.

TXIRRITAXABIER LETEK 1982an taularatutako Gabon, Txirrita antzezlana eskainiko du Urnietako aktore amateur talde batek, Jose Manuel Lujanbio Txirrita bertsolari ezaguna hil zenetik 80 urte igaro direnean. Lanean, epaiketa egingo diote Txirritari, umorezko tonuan. Miren Gojenola eta Mikel Laskurainek zuzendua, Donostia 2016 Kultur Hiriburutzak eta Urnietako Udalak sustatu dute, eta bi emanaldi izango ditu: irailaren 10ean Donostian eta 23an Urnietan.

URRIAREN 13tik 20ra izango da Bilboko Film Sozialak Zinema Ikusezineko Nazioarteko Jaialdia, eta aurten 84 lan izango dira ikusgai. Guztira,  800 lan inguru aurkeztu dira jaialdira, iaz baino 200 gehiago, eta horietako 84 hautatu dituzte antolatzaileek. Jaialdiaren izaerari jarraikiz, gizarte konpromisoa duten lanak dira denak ala denak.