Juan Gorostidi, atzera begirako gogoetan

gorostidi

Saiakera generoa hautatu du Juan Gorostidik (Altza-Pasaia, 1956) gogoeta eginez atzera begiratzeko, 1974-1982 epealdira, hain zuzen. Emaitza Erein argitaletxeak kaleratutako Zazpigarren heriotza liburua da, alabarentzako gutun batekin hasten dena. Data zehatz bat du gutun horrek goiburuan: ETAk jarduera armatuari behin betiko utziko ziola iragarri zuen biharamunekoa. “Non nengoen eta zertan nenbilen ni zure adinean?” galdera abiapuntu ekin dio idazleak memoria astintzeari, gaur egungo gazteei ordukoek egin zutena zergatik egin zuten azaltzeko premia sentituta. Memoria eta lekukotasunetatik harago, gaurkotasun osoa duten gaien inguruko gogoetaz hornitua dago liburua.
Juan Gorostidi 18 urterekin murgildu zen Errenteriako herri-mugimendu autonomoan, fabrikako lana unibertsitate bilakatzea hain harrigarria ez zen garaian. Besteak beste, zentral nuklearren eta Lemoizen aurkako batzordeetan hartu zuen parte.


irasizabalIÑAKI IRASIZABAL durangarrak Gauzak ez ziren sekula berdinak izango nobela kaleratu du Elkar argitaletxearekin, pederastia gai hartuta; izan ere, herrian gertatutako kasu batek ondorio nabarmenak izango ditu protagonista gaztearen familian. Susmagarri nagusiaren laguna da aita, eta jakinaren gainean ezikusiarena egiteagatik salatuko dute. Errugabetzat joko duten arren, goitik behera aldatuko da etxekoen bizimodua: aitak atzerrian lan egiteko eskaintza bat onartuko du; ama psikologoaren eta pilulen beharrean ibiliko da; biktima baten ingurukoek, mendeku hartzeko, anaia txikia nahita harrapatuko dute autoz. Bi neba-arreba geratzen dira eta, euren artean harreman esturik ez duten arren, nolabaiteko defentsa antolatu beharko dute, beharbada eraso ere eginez.

 

aitaAITA DEITZEN ZEN GIZONA (A MAN CALLED AITA)
Joan Errea
Pamiela, 2016

Joan Erreak bere familiaren historia kontatu du argitaratu dituen bi liburuetan. Lehendabizikoan (My Mama Marie, 2013), amaren historia. Honetan, aitarena. Ama Bankan sortua zen; aita, berriz, Lasan. Elkar ezagutu gabe, gaztetan joan ziren Nevadara. Han ezkondu, eta bertan osatu zuten familia. Aitaren historia modu bigun eta maitekorrean kontatu du, hura baitzen Joanen erreferentziarik handiena. Baditu liburu honek aipatzeko bi bereizgarri: euskaraz idatzita dago, eta bertsotan.

 

poesiaHAU EZ DA POESIA
Unai Maleski
Elkar, 2016

Unai Abarzuza iruindarrak, hura ezkutatzen baita Unai Maleskiren atzean, bere lehen liburua kaleratu du. Ironiaz beteriko poesia aurkituko du irakurleak, hainbat gairen ingurukoa: poesia idazteko ezina edo zailtasuna, maitasuna modu lotsatian baina enpatikoan landua, euskaldun izateak dakartzan arazoak, Nafarroan abertzale sentitzeak sorrarazten dituenak... Denetan ere, nabaria da begirada zorrotza, irakurlearekiko elkarrizketa eta ironiaren erabilera, irakurle horrekiko konplizitate keinu gisa.