Txistu eta biok

 

 

 

txistuJuan Luis Zabala
Algaida, 2016

B2 maila

Gustatuko zaizu Txistu eta biok, txakurrak ez ezik (txakurra baita Txistu) gustuko badituzu kultura, literatura (bereziki euskal literatura), futbola (bereziki Reala), umore beltza eta ironia ere. Gustatuko zaizu, halaber, gustuko badituzu thrillerrak, ipuin-bildumak eta autobiografiak. Nahiz eta ez izan, oso-osoan, ez aipatutako gaiei buruzko ez aipatutako generoetako liburua. Eleberria da, baina "desberdina". Beraz, gustatuko zaizu, zerbait desberdina irakurtzeko gogoz bazabiltza.
Pertsonaia nagusia, Zabalaren beraren alter ego ez-disimulatu eta esajeratua, Berria egunkariko kultura arloko kazetaria da. Gipuzkoako Foru Aldundiaren beka bat dela medio, eta Txisturi diagnostikatu dioten endekapenezko gaitzak bultzatuta, etxeko txakurrarekin daukan harremanari buruz idazten hasiko da. Baina ez hori bakarrik: txakurreoan, hau da, ideiak zalantzan jartzeko, garatzeko eta argitzeko txakurrarekin egiten dituen ibilaldietan, euskarari, euskal kulturari, Realari, erlijioari, egungo gizarteari eta abar luze bati buruzko gogoetak biltzen ditu. Gainera, azenarioak (protagonistaren hitzetan) ere ez dira falta; hilketa bat, sexu-harreman bat... baita amaierarako gorde duen sorpresa bat ere.
XLI. Irun Hiria Kutxa Literatur Saria jaso zuen Juan Luis Zabalak 82 atal laburretan banatutako 207 orrialdeko perlatxo honengatik.
Igor Elordui Etxebarria