Munduko kantu inprobisatuen aniztasuna mapa bakarrean

mapa

Kulturartea Mapa osatu du Xenpelar Dokumentazio Zentroak, kantu inprobisatuaren munduko adierazpideak jasotzen dituen datu basea. Uztailean aurkeztu zuen Mintzola Ahozko Lantegiak, Donostian eginiko Europa bat-batean jardunaldien barnean. Kantu inprobisatuak munduan dituen adierazpideak biltzen ditu mapak, haiei buruzko informazioa ematearekin batera. Guztira, 97 adierazpide dira, hizkuntza familiaren arabera sailkatuak. Mapan kokatuak egoteaz gain, zerrenda batean informazio gehiago eskaintzen du datu baseak: hizkuntza, kokapen geografikoa eta aktibo dagoen ala ez. Zerrendan klikatuta, halaber, aukeraturiko adierazpideaz informazio zabalagoa eskura daiteke, hala nola, deskribapena, bideoak, bibliografia, sarean dagoen informazioa eta Xenpelar Dokumentazio Zentroaren BDB Bertsolaritzaren Datu Basean adierazpide horri buruz  jasotako dokumentazioa. Mapa bizia da eta ekarpen gehiago jaso ahala osatu egingo dute. http://www.mintzola.eus/eu/kulturartea/mapa helbidean dago, edonork erabil dezan.


sokaEUSKAL DANTZARI buruzkoak ezagutarazteko eta zabaltzeko asmoz, Soka izeneko aplikazioa sortu dute Azkue Fundazioak eta EKE Euskal Kultur Erakundeak. Hain juxtu, EKEk ekoitzitako Soka, euskal dantzaren urratsetan izeneko erakusketa ibiltaria du oinarri aplikazioak. Bi atal nagusi ditu. Batetik, Dantzan.eus atariaren laguntzarekin egindako Euskal Herri osoko dantza ekitaldien egutegia, mapa edo zerrenda bidez kontsulta daitekeena. Bestetik, erabiltzaileek euskal dantzez dakitena modu ludikoan lantzeko atala, galdera-erantzunez osatutako Trivial moduko jokoa. Android edo iOS sistema eragilea darabilten sakelako eta tabletatan baliagarri, doan eskura daiteke Google Play eta Apple Store dendetan.

 

 

LABURREAN

TRAINTRENGINTZA HIZTEGIA osatu eta sareratu dute trenaren sektoreko bost erakundek, sektoreak ez ezik, gizarte osoak ere balia dezan. Bizkaiko Garraio Partzuergoak, CAFek, Euskotrenek, Euskal Trenbide Sareak eta Metro Bilbaok egin dute, Elhuyarreko Hizkuntza eta Teknologia Unitateko adituen laguntzarekin. Orotara, 4.830 kontzeptu jasotzen ditu, 15 alorretan banatuak eta lau hizkuntzatan emanak: euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesa.  http://trenhiztegia.eus/ helbidean dago  eskuragai.

 

 

digitalEUSKALDUNON behar digitalei buruzko lehen inkesta martxan du Hizkuntza-aniztasun Digitalaren Proiektuak (DLDP Digital Language Diversity Project), Elhuyar Fundazioa Europako beste lau erakunderekin batera garatzen ari den ekimenak. Zehazki, euskararekin batera, beste hiru hizkuntza gutxitu erabiltzen dituzten hiztunen behar digitalak aztertuko ditu egitasmoak: bretoiera, kareliera eta sardiniera. Jasotako erantzunei erreparatuz, hizkuntza horien garapen digitalerako biderik egokienak zehaztu nahi dituzte, hizkuntzok modu eraginkorrean biziberritu ahal izateko. Hori dela eta, beharrezkoa dute inkesta  ahalik eta jende gehienak betetzea. http://www.dldp.eu/content/survey-digital-fitness helbidean osa daiteke, irailaren amaiera bitarte.