Zuzen eta artez

Urteotan, ofimatika aplikazioak euskaraz erabili izan ditugunok arerio boteretsu bati egin behar izan diogu aurre: “Donosita Efektua” delakoari. Euskarazko ortografia zuzentzailerik ezean, euskaraz idatzitako testuak erdarazko hiztegiak baliatuz zuzentzen zituzten automatikoki ofimatika aplikazioek. Hala, “Donostia” idaztean, “Donosita” ematen zuten; “korrika” idaztean, “borrica”... eta hauxe sonatuenetako bat, albiste agentzia bati gertatu zitzaiolako: erdarazko zuzentzaileak Onintza Enbeitaren izena onartu ez, eta haren ordez “Niñotas Hembrita” eman zuenekoa...
Zorionez, garai horiek aspaldi igaro ziren, eta gaur egun aukera bat baino gehiago dago gure testu prozesadoreak ganoraz zuzen ditzan euskarazko testuak. LibreOffice ofimatika pakete askea, adibidez, erabat doakoa da; Mac, Windows zein GNU/Linux sistemekin dabil, interfazea euskaraz instala daiteke, eta badu gehigarri pare bat aukeran, euskarazko zuzenketak Marimaistrak berak baino hobeto egiteko.
Lehenengoa klasiko bat da, eta aski ezaguna izango duzue: Xuxen. Xuxenek Euskaltzaindiaren hiztegi batuaren araberako zuzenketa ortografikoak egiten ditu, eta LibreOffice zein Microsoft Office aplikazioekin erabil daiteke. Azken bertsioetan, ortografia ez ezik, gramatika ere zuzentzeko gai da, eta, beraz, oso aukera interesgarria da. Linux eta Mac sistema eragileetan, gainera, Hunspell delako zuzenketa motorearekin batera lan egiten duenez, euskarazko zuzenketak egiteko aukera sisteman erabiltzen diren aplikazio guztiei irekitzen die.
Azken boladan, baina, lehiakide indartsu bat gehitu zaio Xuxeni: Hobelex delakoa. Hobelex zuzentzaile ortografiko eta lexikala da. Horrek esan nahi du gai dela zuzentzeko ortografia ez ezik, erabiltzen duzun hiztegia ere, testuinguruan egokiagoak izan daitezkeen hitzak proposatuta. Hori ere LibreOffice zein Microsoft Office softwareekin erabil daiteke, edo on-line zuzenean, beraren webgunetik.
Azkenik, gehigarriak instalatzen traketsa baldin bazara, hori ere ez da aitzakia: Microsoft Officek berak euskarazko zuzentzaile propioa du bere azken bertsioetan, eta, ikusi dudanagatik, txukun samar dabil, gainera. Amaitu da, beraz, ortografia eta bestelako akatsen errua makinari egozteko aukera!

Loturak, estekak, linkak

https://eu.wikipedia.org/wiki/Donosita_efektua
Donosita Efektuak bere orrialdea du Wikipedian, ez pentsa neuk asmatu dudanik!

http://xuxen.eus
Xuxen zuzentzailearen webgunea. Testuak bertan zuzen daitezke zuzenean, edo, bestela, ordenagailurako gehigarriak deskarga daitezke.

http://www.uzei.eus/hobelex/
Hobelex zuzentzailea ere on-line erabil daiteke, webgunean, edo, bestela, ordenagailura jaitsita.