Cristina

ROJO“Ez, ez dugu nahi. Eskerrik asko”.
Natural-natural atera zitzaigun. Ikastolaren festa-eguna zen auzoan, eta herri-bazkariaren osteko poteoan genbiltzan. Solaskidea eta biok euskaraz eta euskarari buruz ari ginen hizketan, subjuntiboaren erabileraz. Halako batean, etorkin bat hurbildu zitzaigun kleenex pakete bat eros geniezaion.
Neska gazte ilehori bat zen, Europako ekialdetik etorritakoa. Hark gaztelaniaz eskatu, eta guk euskaraz erantzun. Natural-natural.
Eta gibel-asmorik gabe.
Bai, ene lagunok: nahita jarri dut “gibel-asmo” beste lerro batean, bereizita. Izan ere, euskaldun askok euskaraz egiten baitiote kaleko saltzaile etorkinari, ahalik eta azkarren alde egin dezan. Euskara harresi gisa erabil-tzen dute. Guk, ordea, laguntza gisa eskaini genion euskara, etorkinak jakin zezan euskara ere aukera bat dela gurean, eta negozioari begira, bederen, askoz ere interesgarriagoa dela erosleari haren hizkuntzan egitea. 
Cristina –hala du izena gure etorkinak-, bat-batean, euskaraz hasi zitzaigun, natural-natural, eta, ia ohartu gabe, gureganako atea zabaldu zuen. Nongoa zen galdetu genion. “Errumaniakoa,  baina Bilbon urte asko eman ditut. Lehen, emakume bat zaintzen nuen, baina hil egin zen; handik gutxira, nire semearen aitak utzi egin gintuen. Orain, bakarrik nago semearekin, baina hobe horrela. Ez dut Errumaniara itzuli nahi”. 
10 minutu eskas eman zituen gurekin. 10 minutu 22 urteko bizitza zail baten laburpena egiteko. 10 minutu ohartzeko ezen Cristinak ez duela hitz egiten hemengo gazteek egiten duten bezala, ikusteko ezen bizitzak gogor kolpatutakoek bestelako sendotasuna dutela azalean tatuaturik.  10 minutu horiek joandakoan, Cristinak alde egin zuen. Ez da komeni, negozioari begira, behintzat, denbora alferrikako luzamendutan galtzea. “Primeran moldatzen zara euskaraz” esan genion agurrean, eta Cristinak “Mila esker” esan zigun. Jarraian, pareko tabernan zegoen turista batengana hurbildu zen, kleenex pakete bat eros ziezaion.
Guk gureak gorde genituen.  
Xabier Etxaniz Rojo