Eztabaida bizia, ez alimalekoa

zezenketak

Herrietako jaien sasoia iritsi ahala, zezenketen aurkako protestak ugaritu egiten dira. Alta, animalien eskubideen aldeko ekintzaileen protestak zabaldu egin dira azkenaldian, eta ohiko bilakatu dira. Protestak, gainera, zezenketetatik harago, animaliak baliatzen dituzten ekitaldietara hedatu dira: bigantxak, sokamuturrak, idi probak... Zenbait kasutan, halaber, halako ekitaldiak gehiago ez antolatzea ere lortu dute. Haatik, oraindik ere eztabaida bizia eragiten du gaiak leku askotan, eta giroa gaiztotu den herririk ere izan da. Esaterako, iragan San Joan jaietan, Hernanin istiluak izan ziren Askekintza-Liberación Animalista taldekoen eta sokamuturraren aldekoen artean. Gaia polemikoa da, baina ez luke oztopo izan beharko eztabaida normalizatua egin ahal izateko. Hots, argudio trukaketa behar lukeena ezin da deskalifikazio sorta bilakatu, are gutxiago indarkeriaren eremuan sartuta. Gaiari modu askotan hel dakiokeela ere erakutsi dute zenbait herritan: berriki, galdeketa bidez erabaki dute Barañainen festetan bigantxarik ez askatzea. Hain erraz, hain sinple.