Garraioa

autopistaeHighway egitasmoa:kutsadurarik gabeko autopista

Suedian inauguratu dute autopista elektrikoa bihur litekeenaren lehenengo errepide zatia, Stockholmgo E16 autopistan. Kamioientzat egokitutako katenaria duen bi kilometroko tartea da, eta bi urtez probatuko dute. Horretarako, bi kamioi hibrido erabiliko dituzte, eta ibilgailu bakoitzak bina motore izango ditu: bata, elektrikoa; bestea, diesela. Probatuko duten sistemak airean dagoen lineara lotzeko aukera emango die kamioei, lotura elektriko adimendun baten bidez, eta hortik lortuko dute ibilgailuek mugitzeko behar duten energia, atmosfera kutsatu gabe eta orduko 90 kilometroko abiadura harrapatzeko moduan. Hala ere, erreiz aldatzeko beharra badute, aurreko ibilgailua aurreratzeko edo, diesel motorra baliatu ahal izango dute. Egitasmoari esker, energia kontsumoa eta aire kutsadura gutxitzea espero dutela azaldu du egitasmoaren arduradun eta Siemenseko ingeniari Roland Edelek.