Ingurumena

albatrosArrantzak 100.000 albatros akabatzen ditu urtean

Arrantza-ontzien jardunak urtean 300.000 itsas-hegazti baino gehiago akabatzen ditu mundu osoan. Horietatik heren bat dira albatrosak, BirdLife International erakundearen esanetan. Arraste sareek eta tretzek (amuak dituzten soka oso luzeak) eragiten dute triskantza. Izan ere, amuek duten beita jatera hurbiltzen dira 3,5 metro zabal izan daitezkeen albatrosak, eta soketan edo sareetan katigatuta geratzen dira; ondorioz, hondoratu eta hil egiten dira. Arazoari irtenbideren bat aurkitu nahian, 2005ean BirdLife Internationalek aditu taldea osatu zuen hego hemisferioko zortzi herrialdetan jarduteko. Arrantza industriarekin batera aritu dira lanean harrezkero, eta duela gutxi kaleratu du BirdLife Internationalek lankidetza horren emaitza pozgarria: Hegoafrikan, % 99 gutxitu da hildako albatrosen kopurua, eta % 85 inguru gainontzeko lekuetan. Hori guztia lortu da ontzietan aireko kableak jarriz (txorimalo gisa) eta amu pisutsuak erabiliz, ur azpian gera daitezen, hegaztiek ez ikusteko moduan.