Haurren eskubideak

unicefUNICEF erakundeak datu ikaragarriak eman ditu

Munduko haurren egoera aztertuta, datu izugarriak kaleratu berri ditu UNICEF erakundeak. Horien arabera, 2030ean 69 milioi haur hilko dira ekidin zitezkeen arrazoiengatik; beste 167 milioi pobrezian biziko dira; eta 750 milioi emakume umetan ezkonduko dira. Munduko herrialde txiroenetan bizi diren haurren etorkizuna aipatutakoa izango da, baldin eta gaur egungo joerak bere horretan jarraitzen badu eta ahalmena duten gobernuek, enpresek, laguntzaileek eta nazioarteko erakundeek ahaleginak indartzen ez badituzte. Erakundearen esanetan, 1990etik aurrerapen handiak lortu dira: bost urte baino gutxiagoko haurren heriotza erdira murriztu da, neskatoek eta mutikoek egoera berean jasotzen dute oinarrizko hezkuntza 129 herrialdetan, eta txirotasun egoera larrian bizi direnak duela 25 urte baino askoz ere gutxiago dira. Haatik, hobekuntza horiek ez dira neurri berean gertatu herrialde guztietan. Izan ere, ume txiroek (aberatsekin alderatuta) bost urte bete aurretik hiltzeko arrisku bikoitza dute oraindik ere.