Hizkuntza

korrikaRas yr iaith, galesaren alde korrika

Uztailaren 6tik 8ra, eskuartean duzuen ale hau inprentan zela burutuko zen, ondo bidean, Ras yr iaith ekimena. AEK-k antolatzen duen Korrikan oinarritutako galesaren aldeko lasterketa da, eta bigarren aldia izan du aurtengoa. Bangor herrian hasi eta Llandeilon izan du helmuga, Galesen iparraldetik hegoalderanzko bidean 25 herri eta hiri zeharkatu ostean. Korrikarekin alderatuta, zenbait desberdintasun baditu Galeseko ekimenak. Agerikoena, iraupenaz gain, lasterketaren garapena bera da: Galesen soilik hiriguneetan egiten dute lasterka. Herri arteko tarteak ez dituzte korrika betetzen, lekukoa autoan eramanez baizik. Zirkulazio arazoak saihesteko eta korrikalariak arriskuan ez jartzeko jokatzen dute hala. Helburuetan, jakina, alde gutxi. Korrikak euskararen alde egiten duen moduan, Ras yr iaith-ek galeseraren alde egiten du. Hori bai, helburu “osoagoak” dituztela esan daiteke. Izan ere, osasun fisikoa zaintzeari ere aipamena egiten baitiote xedeen artean, http://rasyriaith.cymru/ gunean irakur daitekeenez. Lasterketari buruzko informazio zabalagoaz gain, ekimenaren abestia entzun daiteke, baita Internet bidez laguntza emateko bideen berri jaso ere.