Bitxikeria

behiakBegiak, ipurdian

Ama askoren esana da haurra bihurrikeriaren batean harrapatzen dutenean: “Nik begiak ditut ipurdian, gero!”. Amen esana, ordea, errealitate bihurtu da Botswanako behientzat: begiak margotu dizkiete ipurdian harrapakarien erasoetatik babesteko. Neil R. Jordan biologoak Botswana Predator Conservation Trust delakoan egiten du lan, Afrikako harrapakari espezie garrantzitsuenak zaintzen: zakur basati afrikarra, gepardoa, leopardoa, lehoia eta hiena orbanduna. Inguruko ganaduzaleak, ordea, abelburuak akabatzen dizkieten harrapakari horien etsai sutsuak dira, eta ezkutuan ehizatzen dituzte. Hori ekidin nahian ekin zion Jordanek esperimentuari, unibertsitate australiar bateko ikerlarien laguntzaz: 23 behiri margotu zizkieten begiak ipurdian, kentzeko moduko pinturaz, eta 39rekin ez zuten horrelakorik egin. Proba garaia amaitu zenerako, hiru behi akabatu zituzten lehoiek, margorik ez zuten taldekoak guztiak ere. Ikerlariek uste dutenez, harrapakariek ez dute eraso egiten biktima begira dutela uste badute. Orain crowdfundinga hasi dute ikerketan sakontzen jarraitzeko.