Kutsadura

plastikoPlastikoak mendekotasuna sortzen du arrain gazteetan

Gure gazteek zabor-janarekin bezala jokatzen dute arrain gazteek plastikoarekin: zenbat eta gehiago irentsi, orduan eta handiagoa mendekotasuna. Ondorio horretara iritsi da Uppsalako (Suedia) Unibertsitateko ikertzaile talde bat. Science aldizkarian argiratutako ikerlanean diotenez, poliestireno maila handia duten uretan jaiotako perka gazteei plastikoa elikagai naturalagoak baino gehiago gustatzen zaie. Horrek, ordea, ondorio lazgarriak ditu arrain horietan: txikiagoak, makalagoak eta "inozoagoak” dira. Hala, harrapakariek 24 orduan suntsitu zituzten plastikoz kutsatutako uretan jaiotako arrainak, baina ur garbitan sortutakoen erdiak salbatu egin ziren. Ikerketa zuzendu duen Oona Lonnstedten iritziz, plastikoak arrainetan zaletasuna eragiten duten propietate fisikoak edo kimikoak ditu: “Arrainek uste dute energia handiko elikagaia dela eta horretatik asko jan behar dutela. Horregatik baztertzen dute aukeran duten zoo-planktona”.