Murgiltzea da biderik onena hizkuntza bat ikasteko

sophieSophie Stephenson, dantzaria
Donostia 2016ko Tosta egitasmoak ekarri du Oreretara Sophie Stephenson dantzari eskoziarra. Musika, dantza eta zinema nahastuko dituen ikuskizuna prestatzen ari da, eta irailean Oreretan bertan aurkeztuko du, Atlantikaldia jaialdian. Bertako Xenpelar AEK euskaltegian euskara ikasteko tartea ere atera du.

Zer topatu duzu gurera egindako lehen bidaia honetan?
Antzekotasun asko nire herriarekin. Neuk ere hizkuntza gutxitu bat hitz egiten dut: gaelera. Euskaraz hitz egiten duen jendeak gaztelaniaz ere badaki, eta Eskozian gaelera dakien jendeak ingelesa ere badaki; hortaz, gaelera zein euskara aukera bat dira. Gaztelaniak eta ingelesak agintzen dute, zuek nahiz gu tinko borrokatu behar gara gure hizkuntzei eusteko. Dena den, iruditzen zait azken 20 edo 30 urteotan erakundeak gehiago babesten ari direla bi hizkuntzak, eta herrialde bietan areagotu egin da independentziarako joera; gure kulturarekiko eta hizkuntzarekiko konfiantza handitu izanaren isla da hori.  Azkenik, bi hizkuntzok ikasteko arrazoiak gertuago daude identitatetik praktikotasunetik baino.
Zure esperientzia oinarri, euskara eta gaelera konpara daitezke?
Kontatu didate euskaldunei garai batean ez zietela uzten euskaraz hitz egiten. Bada, gaelerarekin beste horrenbeste gertatzen zen; nire birraitona, esaterako, eskolan ezin zen gaeleraz mintzatu. Hala eginez gero, zaplaztekoa ematen zioten. Bi herrialdeotan, belaunaldi batek bere hizkuntza galdu izan du; zorionez, hezkuntza sisteman aldaketa gertatu da eta, horri esker, haurrek berreskuratu egin dute. Nire gurasoek ez dute gaeleraz egiten, eta eskolan ez nuen jaso, unibertsitatean hasi nintzen gaelikoa ikasten. Hizkuntzaren egiturak oso desberdinak dira ingelesarekin alderatuta, baina, euskararekin gertatzen den bezala, zenbait hitz ezagutzen ditugun berben antzekoak dira: banketxea, ospitalea, telebista... integratutako hitzak dira.
Lehen harremana izan duzu euskararekin. Zer azpimarratuko zenuke gure hizkuntzari buruz?
Ikasgelako jarduna kostatu egiten zait, baina, halere,  gehiago hitz egiten dut euskaraz gaztelaniaz baino. Murgiltzea da biderik onena  hizkuntza bat ikasteko. Errepikapena eta testuingurua giltzarri dira edozein hizkuntzatan: telebista, irratia... Testuinguruak naturala izan behar du.
Zerk eman dizu atentzioa euskal kulturan?
Eskoziako tabernetan, musika oso ohikoa da; hemen, aldiz, ez hainbeste. Hemen, batik bat, oholtza gaineko emanaldiak ikusi ditut. Gainerakoan, Herri Urratsen egon nintzen, Benito Lertxundiren kontzertu batean, Kukai dantza taldearen emanaldi batean... Herri Urrats dela-eta, deigarria iruditu zitzaidan dena musu-truk izatea, Eskozian guzti-guztia ordaindu behar baita!  Emanaldiak askotarikoak izatea gustatu zitzaidan: dantza tradizionalak, bertsolariak...
Euskaldunok Eskozia ala eskoziarrek Euskal Herria, nork ezagutzen du gehiago bestea?
Esango nuke herrialde biak nahiko ezjakinak garela, kar-kar. Estereotipoak besterik ez dugu ezagutzen... Atlantikaldiako kideak ezagutu eta Euskal Herrikoak zirela esan zidatenean, lagun batek esan zidan hau ez dela herri bat, eta nik esan nion oker zebilela: Euskal Herria ez bada herri bat, Eskozia ere ez. Niri esango bazenit ingelesa naizela, haserretu egingo nintzateke, eta uste dut euskal herritarrekin gauza bera gertatzen dela espainiarrak direla esaten badiete.

Di-da batean
Zerk alaitzen dizu eguna? Eguzkiak eta musikak.
Eta tristatu? Munduari buruzko albisteek, azken boladan Siriarekin lotutako kontuek.
Zerk eragiten dizu barrea? Nire buruak eta ahizparekin egoteak.
Eta negarra? Etxetik alde egin behar dudan bakoitzean egiten dut negar, amari agur esan behar diodanean.
Zerk haserrarazten zaitu? Jendeak hurkoa ez ulertzeak, eta jende pipertuak.
Dantza bat: Dashing White Sergeant izenekoa, talde-dantza mota bat da.
Eskozia independentea, bai ala ez? Independentea, bai!
Whiskya ala patxarana? Whiskya! Whiskya gozo-gozoa da; zuen patxarana, berriz, arraroa!
Raul  Perez