Karrika antzoki

Uda sasoia bete-betean dela, kaleak jendez mukuru dira. Baita antzerkiz ere. Izan ere, kale antzerkiaren une gorena da uda, eguraldiaren apeten gainetik jaialdi eta emanaldiek espazio publikoa oparo hartzen duten garaia. Kalea bere egiten dute arte eszenikoek, karrikak hain berezkoa duen lengoaiarekin, oinezko eta paseariak bat-batean ikusle bihurtzeko gaitasun ia magikoarekin. Euskal Herri luze zabalean edota atzerrian, makina bat talde eta konpainiak agertoki bilakatuko dituzte karrika, kale kantoi eta plazak. Testuzko antzerkiak, dantzak, zirku arteak, kalejira ikusgarriak... orotariko eskaintza orotariko ikusleak asetzeko. Kalean jardutearen arteaz gehiago jakin nahian, karrika lantoki duten hiru lagunen testigantza jaso dugu ondoko orrietan, hain agertoki berezian hasiberriak zein beteranoak direnengana jota, eta, bizipenez gain, sektorearen egoeraz gehiago jakin nahian. Oihala altxa gabe ere, has dadila funtzioa! Eñaut Mitxelena, Arkaitz Almortza.

testi

“Sektore honetan lan egitea erraza da; oro har, kale arteetako jendeak merezi du”

Kalealdia Bilboko Kaleko Antzerki eta Arteen Jaialdiaren zuzendaria da Pedro Ormazabal (Igorre, 1966), eta urteak daramatza Bilboko Udalean programatzaile. Era berean, Artekale Euskal Herriko Kale Arteen Elkartearen lehendakaria da. Bateko zein besteko jardunari esker, ongi ezagutzen du Euskal Herriko kale arteen panorama.

Antzerki konpainiak, jaialdiak eta banatzaileak biltzen ditu Artekalek. 2004an konpainia eta jaialdi gutxi batzuek sortu zutenetik, “sekulako aldaketa izan du”. Egun, 32 konpainia, 7 jaialdi eta 3 banatzaile batzen ditu. “Kanpoko jendea harrituta geratzen da konpainiak eta programatzaileak elkarte berean ikusten dituztenean, baina horixe da gure aberastasuna. Argi daukagu bakoitzak zer egin behar dugun”. Hala, helburu nagusi bat du elkarteak: “Sektorearen alde egitea”.
Artekalek “sei edo zazpi” batzorde ditu hainbat gai lantzeko: diru-laguntzak, Artekale Eguna, prestakuntza, bertoko konpainien nazioartekotzea, lurraldetasuna, Iparraldeko eragileekin elkarlana... “Azkenean, geroz eta gauza gehiago lantzen ditugu Artekalen. Baina, batez ere, konpainien alde egiten dugu lan”. Sektorea bultzatu, etekina denek jaso dezaten: Horretarako, bide ugari urratu behar dituzte Artekalekoek. Hori bai, Ormazabalen hitzetan, “sektore honetan lan egitea erraza da. Oro har, kale arteetako jendeak merezi du. Ez dauka zerikusirik, adibidez, musika munduarekin, hor denetarik topa baitaiteke: divoak eta... Kale antzerkian, berriz, giroa eta jendea oso onak dira”.
Azken urteotako krisi ekonomikoak gogor kolpatu du arte eszenikoen sektorea, eta Ormazabalek dio kale arteetan ere nabaritu dela. “Halere, Espainiako estatuko egoerarekin alderatuta, erkidegoan ongi gaude. Batez ere hedapenari eta kontratazioari dagokienez. Hemen ia ez da jaialdirik desagertu. Estatuan, adibidez, jaialdi asko desagertu dira”. Alderaketa norekin egiten den, ordea, bestelako egoerak ikus daitezke: “Iparraldea beste maila batean dago. Segur aski, duela urte batzuetako egoerarekin alderatuz gero, orain okerrago daude. Gurekin alderatuta, baina, oso urrun daude. Hango baldintzek ez dute zerikusirik hemengoekin”. Luhusoko Harri Xuri aretoa jarri du adibide: “Egonaldiak egiteko laguntza ematen dute, lekua utzi, janaria... Etekina ez da dirutan neurtzen; haien etekina da kulturaren alde egindako lana. Oinarrizko kontzeptua erabat desberdina da Hegoaldekoari dagokionez”.
Alderaketez harago, zabalkundearen aldetik “oso ongi” gaudela berretsi du Ormazabalek. Haatik, “sorkuntzaren aldetik ikusten dut hutsunea. Hemen beti izan da ikuskizunak kanpoan kontratatzeko ohitura. Ez da oraingo kontua. Krisi aurretik, diru gehiago zegoenean, ez zegoen bertoko sorkuntza sustatzeko tradiziorik. Orain konturatu gara hemen ere gauzak egin daitezkeela. Kanpoko eragileak ere hasi dira hona etortzen eta bertoko ikuskizunak erosten. Baina orain artean alderantziz gertatu izan da: kanpoko jendeak gura izan du hona etorri. Merkatua egon badagoelako, eta, gainera, ez delako izaten ordaintzeko arazorik”.
Sorkuntzaren esparruko hutsuneen zergatiei dagokienez, bi aipatu ditu Ormazabalek. Batetik, laguntza eskasa: “Eusko Jaurlaritzak ematen ditu laguntza batzuk, baina kale antzerkiak aretokoarekin lehiatu behar du. Hortaz, oso zaila izaten da, kale konpainia asko txikiak direlako eta aretoko antzerkian jarduten duten talde handiekin lehiatu behar dutelako”. Bestetik, prestakuntzan gabezia handia delako. “Ez dago eskolarik, eta bakoitzak ahal duena egiten du”. Gune gutxi batzuetan ikastaroak ematen dira, baina urriak dira kale arteen berezkotasuna aintzat hartzen dutenak.
Besteak beste, hutsune hori hobetzea du xede Artekalek. Aurrera begirako erronkak ez dituzte gutxi. Ormazabalen hitzetan, “garrantzitsuena da epe ertainean bertoko konpainientzako zirkuitua lortzea”. Erronka horrek beste eskakizun bat dakar: kale antzerkiaren espezifikotasuna aintzat hartzea. “Gure nahia da erakundeen laguntzek gero eta gehiago hartzea kontuan kale antzerkia. Gauzak egun batetik bestera aldatzea gaitza da, baina, behintzat, pentsa dezatela kale antzerkia antzerkiaren barneko beste sektore bat dela”. Konpainiak nazioartera hedatzeko lanari ere garrantzi handia ematen dio.
Artekaleren erronkek eta lan ildoek ardatz bera dute oinarrian: kale arteen duintasunaren alde lan egitea. “Alor askotan landu behar da”. Horrek, ezinbestean, kale arteen berezko izaera eta ezaugarriak kontuan hartzea dakar, alegia, sektorearen espezifikotasuna aitortzea. Izan ere, “kaleak hizkuntza berezia dauka, eta ez dauka zerikusirik aretoko ikuskizunekin”.

testidantza“Kalean, oso gertutik sumatzen duzu ikuslearen berotasuna”

Nekez ahaztuko ditu hastapenak Aritz Salamanca (Lezo, 1979) Tio Teronen Semeak taldeko kideak. 2015eko maiatzean, ikusleak ezustean harrapatu nahi izan zituzten taldearen proposamen berritzailearekin, baina ikusleek harrapatu dituzte ezustean taldekideak. Izan ere, estreinaldiko emanaldi hartan, Donostiako Konstituzio plazan zegoen lagun batek FreshCool saioaren zati bat grabatu, eta sarera igo zuen. Egundokoa izan da sare sozialetan eta Whatsappen lorturiko arrakasta: bideo hark dagoeneko jaso ditu 500.000 bisita. “Oso polita izan da. Ez genuen espero halako erantzunik, ezta inola ere”. Harrezkero, plazaz plaza dabiltza. “Oso giro freskoa eta ederra aurkitu dugu kalean”.

Apustu sendoa egin zuten, eta irabazi. 2015eko maiatzaren 30ean, Donostialdeko eta Oarsoaldeko dantzari gazte batzuk, surflarien antzera, taula gainera igo, eta Donostia 2016ko Olatu Talkako kultur jaialdiko olatua hartu zuten; geroztik, euskal kulturgintzako
itsasoko olatuen gainean dabiltza dantzan. Taldearen ikuskizunak txalo zaparrada uholde batekin amaitzen dira. “Gehienetan, jende dezenterekin hasten ditugu ikuskizunak, eta amaitu, berriz, jende pilarekin” dio pozik Salamancak. Freskotasuna eta umorea ekarri dituzte Euskal Herriko plazetara. “Zerbait berria sortu nahi genuen, estilo propioa izango zuen taldea, hain zuzen ere” azaldu du.
Ikuskizuna berritzailea da, baina tradizioaren itzala ere badu. Izan ere, Tio Teronen Semeak taldea osatzen duten mutilak euskal dantzari profesionalak dira. Guztiak dabiltza talderen batean edo bestean dantzan, eta proiektu hau sortzeko elkartu ziren. “Gure emanaldian, dantza tradizionaleko gauzak ikus daitezke. Halere, guk argi diogu: ez da dantza tradizionalarekin uztartzen, hau bestelako gauza da”. Umorea dute ardatz. “Gure dantzetan, entseguetan… guk geuk bizi izandako pasadizoek edo atera izan  zaizkigun txisteek eman diote estiloa taldeari”. Hala, klixe batekin amaitu nahi izan dute, eta dantza umorearekin uztartu.
Ideiak burutik oinetara eramaten hasi zirenean jaso zuten jendaurrean dantzatzeko lehenengo aukera. Izan ere, ikuskizuna muntatzen ari zirenean, Donostiako Konstituzio plazan aritzeko aukera eskaini zieten. Erronka ez zen makala. “Saio berezia prestatu genuen, eta han estreinatu”. Ez zen edozein saio. Jendaurrean eskainiko zuten lehenengoa zen, eta publikoak esango zuen taldeak asmatu egin ote zuen egindako apustuarekin. “Herritarrei asko gustatu zitzaien. Amaitu genuenean, guregana gerturatzen ziren oso gustukoa izan  zutela esatera”. Aldi berean, zera dio: “Jendeak erakutsi du prest dagoela halako proposamen berritzaileak ikusteko”.  Ikuskizunak egun bateko iraupena zuen hasieran, baina, izandako arrakasta kontuan hartuta, aurrera jarraitzea erabaki zuten.
Konstituzio plazatik Euskal Herriko eta kanpoko (Salamancan egon dira) plazetara egin dute salto. Iaz, Olatu Talkakoarekin batera, 6 saio eskaini zituzten, eta, horrenbestez, esan genezake aurtengoa beren lehenengo denboraldia izan dutela. Gogotsu daude ikusleei irribarreak lapurtzeko; plazak zain dituzte. “Aurretik ezagutzen genuen kalea, euskal dantza tradizionalean asko erabiltzen baita agertoki hori. Hauxe, baina, oso jardun freskoa da, irekia, eta publikoak ez du konplexurik gurekin parte hartzeko” dio alaitsu. “Kalean biltzen den jendea oso irekia da; txalotzen du, animatzen du… eta hori, beharbada, antzoki batean ez da hain garbi ikusten”.
Ikuskizun bakoitzak bere marka eta ikusleak dituela dio, eta Tio Teronen Semeak taldearen ikusleak kalean daude. “Oso giro freskoa eta polita ikusi dugu. Gure emanaldia koadrila baten bizipenetan datza, eta, horregatik, egoki ikusi genuen plaza erabiltzea, izan ere, halako istorioak kalean gertatzen dira”. Eguraldiaren mamuak edota zarata edo soinuren batek edo bestek izan dezakeen eragina kenduta (plazetan ez da hain ohikoa izaten), kaleak abantaila asko omen ditu. “Ikusleak dezente ari dira errespetatzen gure ikuskizuna. Istorioan murgiltzen dira, eta zain izaten dira zer gertatuko. Barrezka eta, aldi berean, isilik egoten dira”. Kaleko giroa berezia dela uste du. “Jendea gainean egotea balioetsi egiten da”.
Aurreneko denboraldia indartsu hasi dute. Besteak beste, Leioako Umore Azokan eta Salamancakoan egon dira. Biak ala biak oso esperientzia positiboak izan direla azpimarratu du. “Salamancan, oso harrera ona egin ziguten; arrakastatsua izan zen. Saioa euskaraz egin genuen, baina tarteka inprobisatu, eta azalpen bat edo beste gaztelaniaz ematen genuen, ikusleek ez zezaten gal kontakizunaren haria. Jendeak eskertu zuen saioa euskaraz egin izana” azaldu du. “Gure hizkuntzarik gabe, hankamotz geratuko litzateke emanaldia”. Uda honetan, Euskal Herrian barrena ibiliko dira plazaz plaza ikusleak alaitzen, hots, FreshCool saioarekin freskotasuna eta umorea bazter guztietara eramaten. Aukera ezin hobea, beraz, une atsegin eta alaitsu bat bizitzeko.    

garbitxu

“Kalean, jendea ukitu egiten duzu: esku bat danborrean, bestea probokazioan”

Nazioartean arrakasta handiena duen euskal kale antzerki taldea da Deabru Beltzak, aurten 20 urte bete dituena. Datuak erakusle: 20 urtean, 3.000 emanaldi baino gehiago 35 herrialdetan baino gehiagotan, 2002an estreinatutako Les Tambours de Feu lanarekin 800 emanalditik gora... Urteurrena betetzeko sorturiko Su à feu obra aurkeztu berritan eta emanaldiz beteriko uda hastear mintzatu gara Oscar Castaño Garbitxu taldeko kide eta sortzaileetariko batekin.

Leioako Umore Azokan estreinatu zuten Su à feu. “Maiatzean estreinatu genuen, eta jada 51 ekitaldi ditugu lotuak aurten. Hori ez da batere normala. Beraz, jendea zain zegoen ikuskizun berria noiz sortuko”. Lan berriaz gain, Les Tambours de Feu eta Les Commandos Percu talde frantziarrarekin elkarlanean sorturiko Danbor Talka ere eskaintzen dituzte oraindik. “Aurten, guztira, uste dut 72 emankizun ditugula hitzartuak. Azkeneko bost urtean, batez beste, 60 eta 80 artean egin izan ditugu. Eskaria asko murriztu da, krisialdia igarri egin da. 2003 eta 2010 artean, urtero 100 bolo inguru egiten genituen”.
Jende gaztearentzako ikuskizunik egiten ez zela-eta, bost gaztek 1996an Larrabetzun konpainia sortu zutenean, egun dauden tokira iritsiko zirenik “inori ere ez zitzaigun burutik pasa. Poliki-poliki hasi ginen, eta une honetan Deabru Beltzak instituzio bat da, batez ere Frantzian. Hau da, edozein programatzailek ezagutzen du taldea”.
Kalea dute jokaleku. Kaleko jardunaz “jendearen hurbiltasuna” nabarmendu du: “Jendea ukitu egiten duzu. Guk beti esaten dugu esku bat danborrean dugula eta bestea probokazioan. Hori zaila da aretoetan, zaila izaten da jendea ukitzea. Kaleak dena dauka. Herri bakoitza eta kale bakoitza sorpresa bat da. Ikuskizuna beti izaten da desberdina. Ikuskizun bakoitza erronka bat da”.
Jakina, konpainiaren jardunari ezinbestekoa zaion beste ezaugarri bat ere badu kaleak: “Gure espezialitatean, sua ezin da aretoetan erabili”. Sua eta perkusioa berezkoa dute Deabru Beltzek. “Guk estilo bat sortu genuen. Urte hauetan guztietan ikasi dut ezin dela guzti-guztia jorratu. Espezialitate bat eduki behar da. Argi geratu da perkusioaren eta suaren munduko jendea garela, eta, azkenean, Deabru Beltzak hortxe du bere lekua merkatuan”. Arrakasta, baina, faktore gehiagok baldintzatzen dute, gakoa da “produktu ona izatea, ongi aztertutako leku eta une egokietan egotea, eta gauzak ongi egitea”.
Produktua ez ezik, merkatua ere landu behar da. Garbitxuren hitzetan, “taldeek oso inbertsio gutxi egiten dute zabalkundean, eta hori funtsezko alderdia da. Tira, nahiz eta lan handia egin zabalkundean, produktu onik ez baduzu…”. Horren jakitun, bi alorrak zaindu izan dituzte. Esaterako, taldeak aspalditik du berarentzat lan egiteko propio kontrataturiko banatzaile bat Frantzian. “Taldeak dirua jartzen du hedapena egiteko. Bestela, zaila da salmenta eta hedapenaren kontua. Jendeak pentsatzen du erraza dela, produktu on bat edukiz gero. Guk, bere garaian, sekulako inbertsioa egin genuen hedapenari begira. Merkatuan zure lekua lortu behar duzu, eta horrek denbora luzea eskatzen du, bai eta harremanak lantzea ere”.
Udari begira, agenda betea du taldeak. Besteak beste, Su a feu lan berriari “errodajea” egiteko balioko die. Izan ere, 2018ra edo 2019ra arte eskaintzeko asmoa dute. Maitasunez prestatu dute, 17 hileko lan prozesua beteta. Leioako Umore Azokaren laguntzak ahalbidetu die denboraz lan egitea, baita zorroztasunez ere. “Merkatua dagoen moduan, badakigu ezin dugula edozer gauza egin. Aurreko lana baino hobea egin behar genuen”. Ardurari ere ez diote izkin egiten: “Ikuskizunerako diru publikoa jarri dutenez, gure ardura eta helburua da diru horri etekina ateratzea. Hainbat urtetan frogatu izan dugu hori”.
Hain zuzen ere, laguntza publikoen gaiak jartzen du sutan Garbitxu. Zenbait laguntza lerro nabarmendu arren, haserre mintzo da Jaurlaritzak taldeen jarduna egonkortzeko eskaintzen duen laguntzaz. “Taldeak sendotzeko laguntza da, baina orain artean guk ez dugu sekula jaso izan. Ez dut ulertzen zergatik, gu erreferentzia garelako. Bideak zabaldu dizkiegu hemengo talde eta programatzaileei, kanpokoak hona etortzeko edota hemengoak kanpora ateratzeko. Frantziako merkatua zabaltzeko ere bitartekari lana egin izan dugu… Bideak zabaldu ditugun arren, ez gaituzte aintzat hartzen”. Egitura profesionalari hobeto eusteko aukera emango lioke taldeari laguntza horrek. Egun, taldekide askok bestelako lan batzuekin uztartu behar dute Deabru Beltzakeko jarduna. “Tristea da” dio, taldekideen konpromisoa txalotzearekin batera. Horiek horrela, argi du “hau aldatu egin behar dela”. Izan ere, Garbitxuren aburuz, kale antzerkiari ez zaio “aretokoaren pareko” baliorik ematen: “Baztertuago jarraitzen dugu, arlo guztietan”.