“Dena da irrigarri, baina ez edozein modutan”

patxi

Patxi Gallego

Lanbidez irakasle, haurrentzako nahiz helduentzako ilustrazio eta komikiak egiten ditu Patxi Gallego (Errenteria, 1973) marrazkilariak. Pololoak trilogiarekin Xabinaitor euskal super heroiaren sortzailea, H28 aldizkarian kolaboratzaile... Helduentzako komikiak tantaka kaleratzen ditu. Azkena, Xabi Payarekin elkarlanean egindako Nork, Bertsolari aldizkariaren 100. zenbakia, Andoni Egañaren bat-bateko heriotza abiapuntu duena. Misterioa, umorea, satira, sexua, bertso ugari... euskal kultur munduari umorez so egiten dion komikia, eta Gallegoren alderik zirikatzaileenaz berriz ere gozatzeko parada eskaintzen duena. Eñaut Mitxelena. Argazkiak: Amaia Zabalo.

Nork egiten bi urte eta erdi pasa dituzu. Lan luze eta nekeza izan da, aipatu izan duzunez. Xabi Payaren gidoia marraztean, ezinbestean barrez irudikatzen zaitut. Ongi pasako zenuen, ezta?
Bai, bai, eta eskerrak horri! Ni nintzen lehenengo irakurlea, eta  marrazkirik gabe ere barre asko egiten nuen. Gero, nire marrazkiekin ekarpen bat egin badiot umore horri, hobeto. Nekagarria izan da, baina asko laguntzen zidan ondoan gidoilari bat izateak eta elkarlanean aritzeak. Pololoak trilogia bakarrik egin nuen, eta ez dakit orain indarrik edukiko nukeen horrelako zerbait bakarrik egiteko. Eskertu dut gidoilari batekin lan egitea. Dibertigarria izan da, oso-oso ongi pasa dut, eta beteta sentitu naiz. Sentipen hau izan dut: “Leher eginda nago, baina merezi izan du”.
Liburuan, 100dik gora pertsonaia ezagun ageri dira. Horien aldetik zer edo zer iritsi al zaizue?
Komikia egiten ari ginen heinean, kezka nuen, ea jendeak nola hartuko zuen. Beti daukazu beldur hori, baina normalean jendeak ongi hartzen du. Gainera, komikia da, argi dago fikzioa dela, txantxetan egindako zerbait. Adibidez, Andoni Egañak oso ongi hartu zuen hasieratik. Beste batzuek ongi hartu dutela ere badakigu. Gidoia irakurri ahala, hau edo bestea haserretu egingo zela pentsatzen nuen. Baina azkenean, pertsonaia bakoitzarekin, gidoiak beti  irtenbide ona eman zien komikiaren sekuentzia guztiei. Nik dakidala, ez du inork gaizki hartu. Gainera, saiatzen naiz pertsonaiak maitasunez marrazten.
Bertsolari aldizkariak zuri eskaini zizun kolaboratzeko aukera, eta zuk jo zenuen Xabi Payarengana. Xabi eta Fredi Paia, bi anaiak, aldez aurretik ezagutzen zenituen Bertsotramarraskya ikuskizunetik. Zalantzarik izan al zenuen nori deitu?
Bada, bai. Bi horiek ziren kasik ezagutzen nituen bertsolari bakarrak. Fredi gustatzen zitzaidan gidoilari, baina pentsatu nuen agian egokiagoa izango zela TMEO euskaldun baterako lana izan balitz. Hau da, kontu pixka bat “makarragoa” izan balitz, seguruenik Fredirengana joko nuen. Banekien Xabik gidoigintza ere ikasi zuela, eta Bertsotramarraskyaren garaitik ezagutzen nuen Xabiren mundutxoa. Banekien bazuela, kultura jasoaz gain, azpikulturaren ezagutza, pop kulturarena eta beste, eta gogoa nuen gidoilari zer eman zezakeen ikusteko. Egia esan, ez dakit zer egingo nukeen Xabik erantzun izan ez balit.
Gidoian ez duzu egin inolako ekarpenik?
Ekarpen txiki-txikiak bai, baina aldaketarik ez. Gidoia harena da. Esan izan didate nabaritzen dela nire komikia dela, baina ez. Hori izan zen harengana jotzeko arrazoietako bat: enpatia sortzen da; horrelako pertsona bat ezagutzean, ikusten duzu gustatzen zaizula haren umorea, orduan badakizu gutxi gorabehera bat etorriko zarela egingo dizunarekin, tonuari dagokionez-eta. Nik ezingo nuke sortu horrelako istorio bat, eta kontuan hartuta hark bertsolaritzari buruz dakien guztia... Lehen galdetu didazu ea barrerik egiten nuen. Barre egiten nuen nire umorea zelako, gidoia irakurri, eta grazia egiten zidan umore horrek.
Ñabardurez beteriko lana da, bai irudietan, bai testuetan.
Sekuentzia bakoitza luparekin begira-tzea eskatzen du liburuak. Nik sentsazio hori neukan: sekuentzia bakoitzean, zegoela gauza konplikaturen bat niretzat, baita irakurleak bilatu beharreko zerbait ere. Azkar irakurriz gero, ez direlako topatzen. Beraz, pixka bat ikertu ezean, ulertu ere ez lituzkete egingo irakurle askok.
Xabinaitor euskal super heroiak arrastoa utzi zuen irakurle askorengan. Zuregan zer arrasto utzi zuen?
Kristoren lasaitua eman zidan, bizitzan egin nahi nuen zerbait egin nuelako. Esaten ari naizenak txorakeria badirudi ere, harrezkeroztik pixka bat lasaiago bizi naiz, egin dudalako egin behar nuen gauzetako bat. Sentsazio horrekin gelditu nintzen. Horrez gain, tamainari dagozkion xehetasun batzuk eta hegan egitearena kenduta, zertxobait autobiografikoa da, metaforiko samarra. Hortaz, hortxe geratu den garai bat da, bukatu zena, eta ez dut berriro kutxa hori zabaldu nahi.
Urte eta erdi igaro da hainbat marrazkilari eta irudigile H28 aldizkari saretirikoa egiten hasi zinetenetik. Orain arte egindakoarekin gustura al zarete?
Gure konpromisoak betetzeko larri gabiltza denok ere. Lana ematen du, egun bat edo bi egun, gutxienez, eta hori hilabetean, denbora sobera ez daukazunean, asko da. Komikilariak beti izan gara bakoitza bere aldetik doan jendea, baina azkeneko bi urtean hainbat gauza gertatu da eta, bat-batean, elkar ezagutu dugu. Hori oso ona da. Alde horretatik gustura, bai. Egiten duzunean, gustura sentitzen zara, baina hor konplitzen jarraitzea bada pixka bat mirarizkoa. Tira, ez dugu hilero konplitzen, oso zaila da. Baina beno, hilero sorpresaren bat egoten da, dohain egiten den gauza bat da, plaza bat, esperimentatzeko toki bat, eta harremanei eusteko modu bat.
Itaun topikoa: denaz egin daiteke barre?
Egin, egin daiteke, baina nori kontuan hartuz gero, ez. Eta non ere... Niretzat ez da erronka bat denaz barre egitea. Hor autozentsura edo beldurra dagoen? Ez dakit, baina nire borroka ez da hori. Charlie Hebdoren kontrako erasoaren harira Berrian Asisko, Zaldieroa eta Markori egindako elkarrizketan (elkarrizketa hartatik etorri zen, hein handi batean, H28ren sorrera), gogoan dut hiruretako batek, Asiskok uste dut, “dena da irrigarri” esan zuela. Bada, ez. Adibidez, tratu txarren gaia. Gainera, nola kontatzen duzun, edo zein testuingurutan... Dena da irrigarri, baina ez edozein modutan. Niretzat irrigarria izan daitekeen zerbait norbaitentzat mingarria baldin bada, zalantzak sortzen zaizkit. Batzuentzat mingarria bada, agian bi aldiz pentsatuko dut.
Gurea honen komunitate txikia izateak erraztu edo zaildu egiten du euskal munduari barre eta kritika egitea?
Iruditzen zait dela pertsonalagoa balitz bezala. Gure kultura konpartitu hori ez da hain konpartitua, orduan, kultura konpartitu zabalagoa daukan gizarte batean igual naturalagoa da, jende guztiak ezagutzen duelako zuk barre egiten ari zatzaizkion hori. Baina euskal kulturan ez, eta ematen du zerbait pertsonala dela. Norbaiti buruz barre egin dezakezu, agian irakurle batek irakurri, eta pentsatuko du: “Zeri buruz ari da?”. Orduan ez da hain natural gelditzen, pentsa dezake herra-edo egon daitekeela. Ez dut uste errazagoa denik. H28n, adibidez, politikari buruz edo halako zerbait egin dudanean, kasik errazago atera izan zait Espainiako politikariei buruz egitea hemengoei buruz baino. Joko gehiago ematen dute, gehiago daudelako. Nik uste zailtasunetako bat dela lehengai gutxiago dagoela. Hori, eta familiarragoa dela, azkenean lau katu baikara!
AIZU!n 2006. urtean esandakoa: “Orain euskaraz istorio unibertsalagoak kontatu nahi ditut, ez gure zilborrari begira egon denbora guztian”. Aurrerantzean hitza betetzeko asmorik?
Aurrerantzean ez dut halako esaldi kategorikorik botako, badaezpada ere... Parte batean betetzen ari nintzen, beste istorio unibertsalago batzuekin ari nintzelako nire aldetik. Nire asmoen artean ez zegoen bertsolaritzari buruz ezer egitea, baina beno, Bertsolari aldizkariaren proposamena iristean, gertuko pertsona batek animatu egin ninduen, aukera nuelako gidoilari batekin lan egiteko eta lan bat gustura egiteko. Huraxe zen momentua. Hala, esaldi horren kontrakoa egin dut. Baina dagoeneko badugu adin bat, eta gauzak datozen bezala onartzen ikasten da, eta gure buruaz barre egiten. Barregura ematen dit orain esaldi hori bota izanak, baina badaukat istorio unibertsalagoak egiteko asmoa.

Kolkotik  

Biharko egunkarian ikusi nahiko zenukeen albistea? Emakumeekiko tratu txarrak desagertu egin direla munduan; edo kulturen talkaren aitzakian gerrak amaitu egin direla... Hainbeste dira!
Zer ikusten duzu ispiluaren aurrean jartzen zarenean? Poliki-poliki zahartzen ari den pertsona bat, baina bizitzan bere gauzatxoak ere egiten ari dena, eta, duela 20 urterekin alderatuta, oraindik antzekoa sentitzen dena.
Zer gorrotatzen duzu gehien? Espainiako azken hauteskundeetako emaitzak.
Zerk eragiten dizu barrea? Gauza askok, Bud Spencerren ostiek, adibidez. Askotan, nire bikotekideak. Gauza txiki askok, barre asko egiten dut etxean bakarrik.
Zer ez da inoiz falta zure etxeko hozkailuan? Ezin dut gauza bakarra esan: jogurtak, arrautzak, tipula, piper berdeak, ardo zuria, garagardoa, laranjak, limoiak eta txorizo mutur bat ere bai.
Zein da bota dizuten lorerik politena? Adibidez, entzutea irakurleren bati nire lanak ez dituela liburutegian hartu nahi, baizik eta erosi.
Bi arrazoi komikiak leitzeko? Literatura eta zinema gustatzen bazaizkizu, bien arteko zerbait dela. Eta komiki batetik bestera mundu bat dagoela, nahiz eta hizkuntza bera izan. Hau da, oso aberatsa dela.
Beste bi euskara ikasteko? Euskal Herrian bizi izanda, bertoko berezko hizkuntza dela eta herri hau ezagutzeko ezinbestekoa dela, herri honen parte izateko. Eta beste bat oso berezia dela, eta polita.
Marrazteko zaila zaizun ezer ba al da? Eraikinak-eta pixka bat nekezagoak egiten zaizkit.
Norekin egingo zenuke lan gustura? Oraintxe bertan, Xabirekin berriro. Baina Donostiaren kultur hiriburutzaren kontuarekin bukatzen duenean.
Madonna ala Belako? Belako. Baina Madonnarekin kontuz, e? 80ko hamarkadako gauzak entzun dizkiot duela gutxi, eta beno...
Luis Buñuel ala Sergio Leone? Biek eragiten didate barrea.
Marrazteko teknika kuttuna? Plumilla.
Bi hitzetan, nolakoa da Patxi Gallego? Bi hitzetan deskriba ezin daitekeena.
Nork-en zergatik du Olentzerok zure hainbesteko antza? Clint Eastwood euskaldun baten antzeko zerbait nahi nuen, baina espresioak harrapatzeko momentuan ispiluaren aurrean zegoena ni nintzen, eta dirudienez subkontzienteak traizionatu egin ninduen.
Nork-nori-nor izango al da? Gogo faltarik ez dago, baina denborak esango du.