Ezagutzen/kontsumitzen duzu euskal kultura?

ikamikaEuskarazko sorkuntza kezka iturri da aspaldi honetan kulturarekin lotutako hainbat arlotan. Hala, euskarazko kulturaren ikusgarritasun urria eta transmisio arazoak tarteko, Jalgi Euskal Kulturaren Plaza Ibiltaria ekimena sortu dute Ahotsenea sortzaileen plazak, Euskal Herriko Bertsozaleen Elkarteak, Euskaltzaleen Topaguneak, Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkarteak eta Aiaraldea Komunikazio Leihoak. Jaialdiaren lehen edizioa Aiaraldeko bederatzi herrietan burutu zen duela gutxi, ekitaldi ugari antolatuta eta gaiari buruzko gogoetari leku eginda. Baduzue euskarazko ekoizpenaren berri? Zeren edo noren bidez? Kontsumitzen al duzue euskaraz sortutako kultura? Laudioko AEK euskaltegiko B1 mailako goizeko taldea

1. Rosa

Semeekin antzerkira joaten gara. Orain dela gutxi, euskaltegira idazle bat etorri zitzaigun hitzalditxo bat ematera, eta haren liburu bat hartu dut irakurtzeko.

2. Imanol

Batez ere, euskal musika entzuten dut, diskoak erosten ditut eta kontzertuetara joaten naiz. Nire ilobarekin antzezlanak ikustera ere joaten naiz.

3. Gaizka

Musika, aldizkariak, liburuak... oso gogoko ditut. Etxean betidanik entzun  izan dugu euskal musika, eta eskolan ipuintxoak irakurri. Azken bolada honetan, liburu errazak irakurtzen hasi naiz.

4. Jone

Azken boladan, gure herrian euskal kultura bultzatzeko ekimen asko egin dituzte: antzezlanak, bertsolariak, kirola, dantza plaza... Nik, gehien bat, euskal musika kontsumitzen dut.


5. Naiara

Telebista, Internet eta egunkarien bidez lortzen dut.  Euskal musika taldeak kontsumitzen ditut gehien, baina film gehiago ikusteko aukera izan nahi nuke.

6. Christian

Egia esan, ez dut euskal kultura askorik kontsumitzen, baina, batez ere, euskal musika, rock eta punk taldeak ditut gustukoen.