San Adrian, denboraren tunela

sanadrian

Antzinako kronistei jaramon eginez gero, ohean geldituko gara San Adriango tunelera igo gabe: “Ez dut sekula ikusi halako pasabide beldurgarririk, hodeiak gure azpian utzi ditugu igoeran” idatzi zuen Jean Muret bidaiariak 1666an. Ander Izagirre (@anderiza).


Venturino izeneko batek, 1572an, tunelaren “iluntasun ikaragarria” aipatu zuen. 1628ko erromes frantses batek, berriz, kezka jakin bat adierazi zuen: “Gu iritsi baino hamabost egun lehenago, bidaiari flandestar bat hil zuten hementxe”. Guillaume Manier erromesak adierazi zuen, 1736an, “San Adriango mendia munduko altuenetakoa” zela. “Gora iritsitakoan, harri bloke ikaragarri bat topatuko duzue, irudika daitekeen palaziorik handiena bezain handia, eta erdian zulo bat dauka, San Adriangoa, baseliza bat eta taberna bat gordetzen dituena”.
Hasieran, berezko zuloa zen, Aizkorri eta Aratz mendien arteko kareharrizko horma zeharkatzen zuena, baina gero artifizialki zabaldu zuten -sua erabiliz, ziurrenik-. Gaztelako errege-erreginek zabaldu zuten, Iberiar penintsulatik Europara ateratzeko bide nagusia egiten ari ziren garaian.
Otzaurteko igarobide errazagoa Nafarroako erresumak zaintzen zuen; beraz, gaztelarrek San Adriango bidea hobetsi behar izan zuten Arabako lautada eta Oria ibaiaren bailara lotzeko. Tuneletik karabanak, erromesak eta enbaxadore europarrak igaro izan ziren, baita enperadore bat ere.
Geu ere bertatik igaroko gara, Zegamatik abiatuta: 8,5 km dira maldan gora, hiru bat ordu. Kotxez ere gertura daiteke, Otzaurteko gainean pista bat hartu eta Aldaolako aparkalekuraino joanda. Handik, 1,3 km egin behar dira tunelera iristeko.
Zegamatik, Done Jakue bidea adierazten duten gezi horiak jarraituko ditugu, Euskal Bidea egiten duten erromesak ere hortik joaten baitira. Geziek Oria ibai jaioberrian gora eramango gaituzte, errepidetik ondoren, Iruetxetako bidegurutzera heldu arte. Iruetxetara iritsitakoan, adi: erraza da Elurretako Amaren ermita ez ikustea, izan ere, etxola txiki bat besterik ez da. Ondoko  etxean, Fermin bizi da, hark dauzka baselizako giltzak. Behin, Orreagatik Fisterrarainoko bidea egin zuen, eta ibiltariekin hitz egitea gustatzen zaio. Atea zabaldu eta altxorra erakusten du… edo altxorraren kopia, hobeto esanda: Elurretako Amaren irudi erromanikoa, XIII. mendekoa. Jatorrizkoa Zegamako elizara jaitsi zuten, lapurren beldur, eta auskalo handik bere eginkizuna betetzen jarraitzen duen: usadioak dio Ama Birjina horrek ekaitzak eteten zituela, haren irudia hodeiei eta tximistei begira jartzen zutenean.
Handik gora, Buenabista baserrian bukatuko zaigu pista. Gezi horiek eta harri piloek gidatuko gaituzte mendian gora, Sancti Spiritu baselizaraino. Erromesentzako aterpetxe bat zegoen hor, duela bostehun urte sute batek suntsitu zuen arte. Halaber, hitz egiten hasteko arazoak zeuzkaten umeak ermitara eramaten zituzten.
Ibiltariontzat, aldiz, isiltzeko unea da. Parez pare, bidezidorra irentsiko duen tunel handia azalduko zaigu. Hortik aurrera, bidaiariek, erromesek, merkatariek, erregeek eta mandazainek mendi-zuloa ikustean sentitu zuten zirrara sumatuko dugu.

Burua makurtu
Tunela zeharkatzen duen galtzadari “erromatarra” esaten zaio askotan, baina erromatarrek Otzaurteko lepoa hobetsi zuten. Hori zen pasabiderik errazena, eta hortik sartu ziren Gipuzkoara mundu mediterraneotik etorritako olioa, ardoa eta ogia, bai eta latina, fede kristaua eta hiriak eraikitzeko ideia ere. San Adrianen dagoen harbidea, ordea, Erdi Arokoa da.
XIII. mendetik aurrera, Gaztelako Koroaren agindupean, tunelaren barruan gotorleku txiki bat, baseliza (ez da orain dagoena), korta eta ostatua eraiki zituzten. Soldadu talde batek zaintzen zuen igarobide estrategikoa, alkaide baten agindupean. Horren aurrean, Carlos V.a enperadoreak berak, burua sekula makurtu ez zuenak, burua makurtu behar izan omen zuen. Jakina: tuneletik irteteko zuloa hain baxua denez, bidaiari guztiek makurtu behar izaten zuten.
Igoera neketsua izaten zen, basoetan bidelapurrak egoten ziren zain, neguan igarobidea arriskutsua zen. Horregatik, XVIII. mendean Gaztelako errege bide berria egin zutenean, Gipuzkoa eta Araba lotzeko lepo samurrago bat bilatu zuten, Arlabangoa, hain zuzen ere, eta bide nagusia Debako bailarara eraman zuten. Trafikoa desagertu egin zen, baina San Adriango galtzadak hantxe jarraitzen du: iraganera bidaiatzeko aukera da.
Tunelaren 57 metroak zeharkatu ondoren, denboran beste hiru edo lau mila urteko jauzia egiteko aukera izango dugu. Berrehun metro aurrerago, belardi batean, metro bateko garaiera duen tumulu bat ikus daiteke. Ez da zaila Brontze Aroko gure arbasoak hortxe irudikatzea, harlauzazko hilobi-ganbera batean gorpuak lurperatzen. Monumentuak erakusten du historiaurrean ere toki estrategikoa izan zela igarobidea: Urbiako belazeak eta Oria bailarako behealdeko lurraldeak lotzeko bidea.
Alabaina, artzain haiek baino askoz ere lehenago -duela 9.000 edo 12.000 urte-, azken glaziazioaren osteko gizaki ehiztari eta biltzaileak ere San Adriango babespean bizi izan ziren, Aranzadi taldeko arkeologoek aurkitutako harri landu eta hezurrek frogatzen dutenez.
Tumulua dagoen zelaitik aurrera, Erdi Aroko galtzada ederra pagadian barneratzen da. Tumuluaren parean galtzada uzten badugu, iparralderantz mendian gora abia gaitezke Aizkorriko tontorrera iristeko (ordu eta erdi gehiago). Bestela, atzera buelta egin, eta tunela berriz igaroko dugu historia Gipuzkoara sartu zen bidetik.