Uda gazia

jaitz

Estellerriko mendien artean, Jaitz herria zuriz janzten da ekainetik irailera bitarte, izan ere, orduan hasten dira jo eta ke lanean herriaren magalean dauden gatzagak. Uztailaren 31n, esaterako, Gatzaren Eguna ospatuko dute. Aukera ezin hobea mineral zuri horren mundua gertutik ezagutzeko eta
 etxera zapore gozoarekin itzultzeko.  Arkaitz Almortza.


Estellerriko mendien artean, Jaitz herria zuriz janzten da ekainetik irailera bitarte, izan ere, orduan hasten dira jo eta ke lanean herriaren magalean dauden gatzagak. Uztailaren 31n, esaterako, Gatzaren Eguna ospatuko dute. Aukera ezin hobea mineral zuri horren mundua gertutik ezagutzeko eta  etxera zapore gozoarekin itzultzeko.    
Oso ohikoa bilakatu da gatza gure menuetan. Gaur egun, Euskal Herrian ez dago etxerik mahai gainean gatz-potoa jartzen ez duenik. Edonoren eskura dago mineral zuria. Garai batean, ordea, oso elikagai preziatua izan zen. Erromatarrek, esaterako, gatzarekin ordaintzen zituzten soldaduen ordainsariak. Hortik dator, hain zuzen ere, gaztelaniazko salario (soldata) hitza. Historia osoan, oso garrantzi handia izan du munduko herrietako merkataritzan eta ekonomian. Izan ere, aspaldidanik, gizakiak hainbat erabilera eman dizkio jaten duen arroka bakarrari: batetik, elikagaien zaporea areagotzeko; bestetik, elikagaiak kontserbatzeko. Horren guztiaren lekuko da Nafarroako Jaitz.
Ama Lurraren zilbor-hesteari lotuta dago herria. Lizarra eta Iruñea arteko mendi berdeek besarkatzen dute, eta, urtaroaren arabera, soineko bat edo beste janzten du. Udaberria iristen denean, adibidez, soineko loreduna erabiltzen du, eta karriketan lurrin fresko eta gozoa zabaltzen. Halere, guztien artean ederrena udakoa da: zuria da eta zapore gazia du. Nafarroan, ez dago halako jantzirik janzten duen herririk. Eguzkiaren hila iristen denean, herriaren magaleko gatzagak su eta gar hasten dira beharrean. Herriko iturburu naturaletatik ateratzen den ur gazia igerileku txikietan zabaltzen dute, ostean gatza eskuratzeko. Ekainetik irailera bitarte, mosaiko zuri batek paisaia berdearekin egiten du bat.
Gatzaren eta Jaitzen arteko harremana oso antzinakoa da. Herriko gatz iturburu naturalak duela 220 milioi urte baino gehiago sortu ziren, Goi Triasiko deritzon garaian, hain zuzen ere. Aro horretan, Tethys itsasoak estaltzen zituen egungo Iberiar penintsulako lurrak. Josu Girones gaztea gatza ekoizten duen bakarretakoa da herrian. Inork baino hobeto ezagutzen du mineral zuriaren jatorria. “Itsasoaren lurrunketa eta sedimentazio prozesuen eta uholdeen ondorioz, lurraren azpian, 3.000 metroko sakoneran, zehazki, gatz geruza sendoa eratu zen”. Haurra zela hasi zen aitonaren gatzagan lanean. Afizioa ofizio du, eta biziki maite du lana; ederki nabari zaio gustu handiz eskaintzen dituen azalpenetan. “Gatz geruza eratu zenean, multzo horren gainean geratu ziren sedimentuen zamaren eta Pirinioen eraketarekin lotutako esfortzu tektonikoen ondorioz, diapiroa eratu zen: sakonean duen jatorrizko kokagunetik lurrazaleraino igotzen denean sortzen den egitura naturala. Prozesu horren ondorioz, denborarekin, gatza lurrazalera irteten da” azaldu du.  
Historiaz jantzitako gatzagak dira Jai-tzekoak. Dokumentu zaharretan, 1492an aipatzen dira lehen aldiz; haatik, adituen ustearen arabera, zaharragoak dira. “Galtzada erromatar batek lotzen ditu gatzagak Andelosekin (Mendigorriako herri erromatarra). Antza, Jaizko gatza eramaten zuten herrixkara” azaldu du Gironesek. Herriak egun gaztelaniaz duen izenean antzeman daiteke gatzagak izandako garrantzia: Salinas de Oro (garai batean, Yaniz deitzen zen). Oro, berriz, inguruan zeuden gaztelu eta herrixka baten izenetatik hartzen du. Iraganean, bi herri ziren, Oro eta Yaniz, baina, bat egin zutenean, Salinas de Oro izena jarri zioten herriari.
Mendez mende, bizilagunek hartu-eman gozoa izan dute gatzarekin. “Antzina, ia herriko familia guztiek izaten zuten beren gatzaga txikia etxean erabiltzeko. Orain, ordea, bi familia baino ez gaude”. Gironesen gatzagak  artisau ekoizpena lantzen du. “Erromatarrek ezarri zuten teknika bera erabiltzen dugu gatza ateratzeko”. Prozesu guztia eskuz egiten dute: iturburutik ateratzen den ur gazia andeletan biltzen dute (itsasoko ura baino 10 aldiz gaziagoa da); ondoren, igerileku txiki batzuetan zabaltzen dute, eta, udako eguzkiari eta haizeari esker, ura lurrundu egiten da, gatza bakarrik geratzen delarik. Azken emaitza kalitate goreneko produktua da. “Lurretik ateratzen den bezala kontsumituko du bezeroak gure gatza, inolako kutsadurarik gabe eta, gainera, berezko ongarri guztiekin”. Azpimarratu du kalitatezko produktu hori lortzeko gakoa hiru ezaugarri nagusi direla: kutsatu gabeko antzinako itsaso bateko ura, herriaren garaiera (itsas mailatik 700 metrora) eta presio atmosferikoa. Aipatzekoa da Sal de’Oro-Sel des Pyrenees (Pirinioetako gatza) izenarekin ezagutzera eman duen gatz-ekologikoa iodo, potasio, burdina eta magnesio ugari duela, eta Bio zigiluak bermatzen duela produktuaren kalitatea.     

Bizitzari, gatza
Esku-eskura eduki arren, gatzaren mundua nahiko urrun dago pertsona askorentzat. Hori dela-eta, Aizu! aldizkariak Jaitz bisitatzea gomendatzen dizue. Udako edozein egunetan gertura zaitezkete gatzagak eta herria bera ezagutzera baina, bereziki, Gatzaren Egunean joatea aholkatzen dizuegu. Aurten, uztailaren 31n izango da. Urtero legez, egun osoko egitaraua antolatuko dute mineral zuriaren inguruan. Goiz eta arratsaldez, hamaika jarduera izango dira; besteak beste, gatza ateratzeko prozesua ezagutzeko aukera izango dute bisitariek, edota egun horretarako jartzen dituzten ur gaziz beteriko igerilekuetan flotatzeko aukera, Itsaso Hilean bezala. Hori guztia, jakina, zuen bizitzari gatz pixka bat jar diezaiozuen proposatzen dizuegu, bisita ostean  zapore gozoa izan dezazuen. Egun eder bat dastatu nahi?


Informazio interesgarria:
Gatzagarena: www.salesdespyrenees.com

Turismoa: www.tierrasdeiranzu.com

Bisita Gidatuak egiteko:  948 35 71 39

Bitxikeriak: gatzaren mundua zabaltzeko helburuarekin, beste proiektu  bat abiatu dute herrian. Antza, ur gaziko igerileku edo bainuetxe bat zabaltzeko asmoa dago, nahiz eta proiektua, egun, geldirik egon. Hala, erabiltzaileek, ur gaineanongi pasatzeaz gain, gatzaren baliabide naturalak erabiliko dituzte gaixotasunei aurre egiteko, hala nola, psoriasia, erreuma edota artrosiari.

Produktuak: hainbat motatako gatza ekoizten dute: tradizionala, minerala, ezkatak8, lorea, likidoa edota espezie eta belar ekologikoekin nahasiak.