Holtzarteko zaldaina

holtzarte

Euskal Herriko altxor preziatu horietako bat da Holtzarteko zubia, paraje ezin ederragoan kokatua, Zuberoako Larraine herrian, Basabürüa eskualdean. 180 metroko altueran dagoela, zubia zeharkatzeko ibili behar diren 67 metroak egitea esperientzia magikoa da. Nerea Olaso. Argazkiak: Allande Socarros.

Euskal Herriko altxor preziatu horietako bat da Holtzarteko zubia, paraje ezin ederragoan kokatua, Zuberoako Larraine herrian, Basabürüa eskualdean. 180 metroko altueran dagoela, zubia zeharkatzeko ibili behar diren 67 metroak egitea esperientzia magikoa da.
Euskal Herriko probintziarik txikiena da Zuberoa, 14.000 biztanle inguru baino ez dira bizi bertan, eta Larraine du herririk handiena hedadurari dagokionez. Orhi mendiaren magalean, 200 bat pertsona bizi dira, laborariak gehienak, horien artean gazteak ere bai. Turismoa da, laborantzarekin batera, Larraineko motorra; izan ere, Holtzarteko zubiari esker, Zuberoako leku bisitatuenetakoa da.
Ingurune menditsua da, oso, eta Larraineko mendateak Nafarroako Otsagabia herriarekin egiten du bat.

Ordubeteko ibilaldia
Holtzartera iristeko, egokiena da Logibar izeneko aterpetxetik abiatzea, Larraineko herrira heltzeko azken aldaparen hasieran. Ostatuko aparkalekua alde batera utzita, ezkerrera hartu eta 100 metrora beste aparkaleku bat dago. Ibilgailua bertan utzi behar da, ez dago galbiderik, xenda bakarra baitago.
Hasieran bidea laua bada ere, Holtzarteko erreka jarraitu, eta gorantz egiten du. “Oinetako egokiak jantzi behar dira, bidea labainkor egoten baita” azpimarratu du Allande Socarros Zuberoako mendietan aditua den kazetariak. Bidea gogortu egiten da tarteka; hala ere, soka muturrak eta babesteko sarez hornitutako heldulekuak daude. Ibiltzeko ohiturarik ez duenak, edo emeki egiten duenak, 50 minutu edo oren bat inguru beharko du Logibarreko aparkalekutik zubira iristeko. Bidea lapitzez egina dago. “Zuberotarrok bereizi egiten ditugu lapitza eta arbela: lehena beltza da eta bigarrena zuria” dio kazetariak. Pagoak, gaztainondoak, urkiak, hostazuriak... ikus daitezke xendan.

Zubi liluragarria
Bideari jarraiki, goraino iritsi, eta Euskal Herriko zubirik txundigarriena ageri da: Holtzarteko zaldaina. Halaxe deitzen diote zuberotarrek zubiari: “Holtzarteko zaldaina izena badu ere, ez da erabat zuzena” zehaztu du Allande Socarrosek. “Zubi hori Olhadübiko arroilaren gainean dago doi-doietarik”. Holtzarte bi arroilak osatzen dute: Olhadok (ezkerrean) eta Olhadübiak (eskuinean). Bi arroila horien arteko zatiari deritzo Holtzarte.
Orain dela 80 milioi urte eratu ziren Olhado eta Olhadübia, erreken higaduraren ondorioz. Olhado ibaia Olhadübi arroilarekin batzen da. Azken hori Sardekagañatik, hau da, Zuberoa osoko mendi garaienetik, datorren Olhadübi errekak eratu zuen.
Beraz, bi erreka (eta arroila) horiek batzen diren lekuan dago Holtzarteko zubi famatua. 1920an eraiki zen, basoa errazago ustiatu ahal izateko. Alde batetik bestera 67 metro ditu zubiak. Atharratzeko Lombardi Morello altzairu-fabrikako langile italiarrek eraiki zuten bertako basotik egurra azkar atera ahal izateko. Hala, zubiak arroila gurutzatzen du, Olhadoko errekatik 180 metroko garaierara. “Hastapenean, Holtzarteko basoan mozten zituzten pagoak beste aldera eramateko, zubi txiki bat eraiki zuten taula eta kable batzuekin. Lanerako baliabidea zen” zioen Socarrosek 2013an Jean-Luis Davantekin batera idatzi zuen Zuberoa. Herria izeneko liburuan. 
Zubia zeharkatzea oso zirraragarria da, “baina arriskurik gabea”, zehaztu du Socarrosek. “Zubia erabat berria da. Izan ere, 2010eko otsailaren 27ko gauean, Xynthia ekaitz indartsuak erabat suntsitu zuen, beraz, orain berrituta dago. Oso segurua da, baina gurutzatzen ari zarelarik, inpresioa ematen du, koltxoi baten gainean ibiliko bazina bezala mugitzen baita”. Burdinazko kableek eusten diote, eta pasabidearen ezker eta eskuin altuera handiko sare bana dago, istripuak ekiditeko.
Behin zubia zeharkatuta, bi aukera daude: bidean atzera egitea edo oihanean gora abiatzea. Bigarrena hautatuz gero, 5 ordu inguruko buelta da, Olhadübiko arroilako itzulia deitzen zaio. Pista zabal batera iritsi, eta ezkerrera hartuta, Olhadübiako arroilaren sorgunea dago. Betoizko zubi bat zeharkatuta, Ardakotxiako lepora irits daiteke. Jaitsiera zaila da, baina bidezidor bat dago. Olhadübiko zubiaren beste aldean, txabola zahar bat dago. Orain dela bi urte eraberritu zuten, eta egun bertan lo egiteko aukera dago. Sakanetan gora eta behera ibiltzea maite dutenentzat ere toki zoragarria da, betoizko zubiaren parean Olhadübiako jaitsiera egin baitaiteke. 6 ordu inguru behar dira, Iparraldeko gogorrenetakoa da eta kirol horretan adituek baino ezin dezakete egin.

Hamaika altxor
Holtzarte eta inguruek aukera anitz eskaintzen dituzte. Merezi du ingurunea ezagutzea. Larraine herria bera oso ederra da, eta mendizaleek txango franko egin ditzakete: Orhiren tontorra, (Atlantikotik etorrita 2.000 metroko lehen mendiarena), Harsüdürra (Pic des Escaliers) gaina, Botxü Beltzak (botxü harkaitzak dira zubereraz)... Larrainerako bidean, Ligi-Atherei herrian, Laminen zubia ere bisita daiteke, eta Santa Graziko Kakuetako arroila ezagun-ezagunak ere ez daude urrun.
Kakuetakoekin batera, Holtzartekoak Zuberoa osoko ikusgarrienak dira. Bertan, zubiak erakartzen du jende gehien. Gezurrezkoa dirudi, film batetik ateratako toki liluragarria, munduko mirari xarmagarria. Halere, pasagunea zeharkatzen hastearekin batera senti daitekeen hotzikarak egiazkoa dela ziurtatzen du. Bizi beharreko esperientzia da. Leku magikoa, maitemintzeko modukoa, hala nola indarberritzeko toki ezin aproposagoa. Euskal Herriko altxorretako bat da Holtzarteko zubia, nahitaez egin beharreko txangoa.