Gazteluen Bidea, auzolanaren eredu

zabalate

Zanbranako herritarren auzolana erabakigarria izan da Zabalateko eta Lanosko gazteluak salbatzeko eta nabarmentzeko. "Ondare hau ez da gure gurasoen herentzia, seme-alaben mailegua baizik" esan ohi dute zanbranarrek azken urteotan egindako lanari buruz. Bisitarien gozamena eta arabarren identitatearen berreskurapena batzen dira Gazteluen Bidean. Estitxu Ugarte.

Zanbranako herritarren auzolana erabakigarria izan da Zabalateko eta Lanosko gazteluak salbatzeko eta nabarmentzeko. "Ondare hau ez da gure gurasoen herentzia, seme-alaben mailegua baizik" esan ohi dute zanbranarrek azken urteotan egindako lanari buruz. Bisitarien gozamena eta arabarren identitatearen berreskurapena batzen dira Gazteluen Bidean.
450 biztanle eskas dituen udalerri txikian, urteak daramatzate Arabako ondarea salbatzeko borrokan, eta aurten hasi dira egindakoaren fruituak jasotzen.
Zabalaten egindako auzolanagatik Hispania Nostra saria jaso dute zanbranarrek.  Ondare naturala eta kulturala modu eredugarrian zaintzeagatik eskuratu dute saria. Gainera, Arabako Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin batera, Zabalateko gazteluaren kalteak aztertzeko eta neurriak hartzeko lantalde instituzionala osatu berri du Zanbranako Udalak.
Bederatzi kilometroko bideak lotzen ditu Bergantzu, Ozio eta Zabalate herriak, eta ibilbide horretan daude, hain zuzen, Arabako bi gaztelu erakusgarrienetakoak: Lanos eta Zabalate. Paraje miresgarria zaintzen dute biek; Toloño mendilerroaren iparraldean daude, eta mendebaldetik ekialdera hedatzen diren bi haran begiratzen dituzte: Jugalez ibaiaren harana eta Trebiñu barnean hartzen duen Uda ibaiarena.

Bergantzutik Lanosko gaztelura
Ibilbidea Bergantzu herritik abiatuz gero, San Migel elizaren hormetan Erdi Aroko sarmientotarren eta bergantzutarren dorrearen hondarrak ikus daitezke oraindik. Toki estrategikoan dago eraikina: Jugalez ibaia azpian dauka eta Ozioko Lanos gaztelua parez pare. Gainera, XIX. mendeko harrizko harresi batek inguraturiko terraza garai batean dago.
Bigarren geltokia Ozio herria da. Hara iritsitakoan, Lanosko gaztelura igotzeko aukera izango dugu. Eraikin gotortuaren arrastoak ageri dira herriaren gainaldean. Lanosko gaztelua Jugalez ibaiaren haranaren sarreran dago, bidegurutze estrategikoan; izan ere, Ebrotik Nafarroarako igarobidea zaintzen du, eta ikuspegi ederra eskaintzen.
2000. urtean, eremua garbitzeko eta eraikinen hormak finkatzeko lanak egin zituen Arabako Foru Aldundiak, eta, azken urteotan, bizilagunak ingurunea zaintzen saiatu dira. Iaz, Nafarroa Bizirik elkartearekin batera, Nafarroako erresuma defendatu zuen gaztelua dela dioen mugarria jarri zuten bertan Zanbranako Udalak eta kontzejuek. Izan ere, Lanosko gazteluak zeregin militar esanguratsua izan zuen Gaztelako eta Nafarroako erresumen arteko borroketan, XI. mendetik XII. mendera bitartean. Haren  inguruan, biztanleak bildu egiten ziren, eta jaurerria osatzen ere lagundu zuen.

Zabalate, Arabako armarriaren gaztelua
Bideko azken geltokia Zabalateko monumentu multzo ikusgarria da. 2011n, Eusko Jaurlaritzak Ondare Kultural izendatu zuen, baina 2013. urtean betiko desagertzeko zorian egon zen. Haatik, herritarren ekimena tarteko, eta Euskal Herriko Unibertsitateko Eraikitako Ondarearen Ikerketa Taldearen laguntzari esker, zaharberritze lan sakona egin da, eta monumentu multzoa turismo kultural aktiboaren eredu bilakatu da.
Han, Zabalateko gaztelua ikusiko dugu. Eraikinak itsasontzi forma berezia dauka, eta 780 metroko garaierako haitz malkartsu, estu eta luze baten gainean dago. XI. mendean eraiki zuten, eta, Lanoskoak bezala, zeregin militar aktiboa izan zuen Gaztelako eta Nafarroako erresumen arteko borroka etengabeetan. Zabalatekoa da, hain zuzen, Arabako armarrian agertzen den gaztelua.
Antzinako gazteluaren arrastoaz aparte, gotortutako herriaren aztarnak ere berreskuratu dituzte herritarrek. Erdi Aroko Portilla de Ibda izeneko hiribildu zaharra harresi sendoek babesten zuten, eta hainbat sarrera zituen. Egun, mendebaldeko atea kontserbatzen da, baita antzinako Santa Maria baseliza ere.

Audiogida eta ginkana kulturala
Zanbranako Udala zein Zabalateko Administrazio Batzarra ahalegin handia egiten ari dira ondare monumentala balioesteko. Besteak beste, gaur egun, gotorlekuaren zati bat ikus daiteke, zurezko pasabide bati esker, eta multzo osoa zeharka eta ezagut daiteke audiogida interaktibo batek lagunduta. Ibilbidea hainbat gunetan banatuta dago: Errebala, Portillo de Ibda edo Villavieja hiribildu gotortu zaharra, Santa Maria elizaren hondarrak, gaztelua bera, karobia eta harrobia.
Gainera, familientzako eta eskoletarako ginkana kultural interaktiboa prestatu dute Zabalate inguratzen duen ibilbidean, Arabako Erdi Aroko historia ezagutzera emateko. Smartphone edo tableta erabiliz, arrastoei jarraitzeko jokoa planteatzen da gazteluaren ingurunean.
Egindako lana ezagutarazteko eta Zanbranako herritarren artean elkarbizitza sustatzeko asmoarekin, Gazteluen Eguna antolatzen dute urtero Zanbranako Udalak eta herritarrek, ekaineko bigarren larunbatean. Eguneko plater nagusia erromeria izaten da: Bergantzuko dorre-etxetik hasi, Lanosko gaztelutik igaro eta Zabalateko gazteluan amaitzen da. Aurten, seigarren edizioa ospatu dute.