Menditik eta portutik, itsasoari so

santurtzi

Santurtzi eta sardinak berehala lotzen ditugu denok, kanta ezagun bati esker. Izan ere, santurtziarrak itsasoari begira bizi dira, baina ez garai batean bezainbeste. Orain, itsasoa lotuago dago aisialdiari arrantzaleen lanari baino, portuak industria jarduera biziari eutsi arren. Dena ez da, ordea, itsasoa. Mendialdera ere jo dezake Santurtzi bisitatu nahi duenak, Serantes ezagunera, adibidez. Hori bai, han goitik ere ederto ikusten da itsasoa. M. Egimendi Argazkiak SANTURTZIKO TURISMO BULEGOA

Santurtzi eta sardinak berehala lotzen ditugu denok, kanta ezagun bati esker. Izan ere, santurtziarrak itsasoari begira bizi dira, baina ez garai batean bezainbeste. Orain, itsasoa lotuago dago aisialdiari arrantzaleen lanari baino, portuak industria jarduera biziari eutsi arren. Dena ez da, ordea, itsasoa. Mendialdera ere jo dezake Santurtzi bisitatu nahi duenak, Serantes ezagunera, adibidez. Hori bai, han goitik ere ederto ikusten da itsasoa.
Bizkaiko kostaldeko herri honek eskaintzen dituen aukerak aztertuta, asteburu batean itsasoaz eta mendiaz gozatzeko parada ederra topatu dugu. Uda garaia aparta da horretarako; eta uztaila, Santurtzin, ezin hobea, herriko jaiak tartean ditugulako. Egun pare batez geratu nahi izatekotan, arazorik ez, ez jateko ez lotarako. Aukera dago horretarako, herrian bertan nahiz inguruetan.

Serantes, talaia paregabea
Forma berezia du Serantes mendiak. Bilbo aldetik begiratuta, piramide berde handi bat dirudi, tontorrean telekomunikazio antena bat eta XIX. mendeko dorre bat dituelarik. Oso altua izan ez arren (446 m), sekulako ikuspegiak ditu Abra badia aldera, eta, era berean, zoragarri ikusten dira Bilboko portua, Getxo, Bizkaiko Zubia eta Bilborainoko herri guztiak. Barnealdera begiratuta, berriz, erraz ezagutzen dira, besteak beste, Unbe, Oiz, Sollube eta Gorbeia mendiak.
Toki estrategikoan dagoenez, Serantes mendia leku ezin hobea izan zen bere garaian herria itsasotik etor zitezkeen erasoetatik babesteko. Horren lekuko da gailurrerako bidean topatuko dugun XIX. mendeko gotorleku multzoa. Berrehun metrotik gora dago bolborategia, Kubako gerraren garaian eraikia. Armadak erabili zuen 1936ra arte, eta badira soldadutza bertan egindako santurtziarrak. Gorago, 1880ko gotorlekua aurkituko dugu. Zazpi pabiloi ditu: lau, soldaduak aterpetzeko; beste bi, biltegi moduan erabiltzeko; eta azkena, ofizialek erabiltzeko. Militarrek 1910era arte baliatu zuten, baina 1962an Santurtziko Udala egin zen haren jabe, eta orain zaharberritzen ari dira, etorkizunean aterpea eta interpretazio zentroa hantxe jartzeko asmoz. Gotorleku horretatik kilometro erdi baino ez da falta gailurrera iristeko; azken 150 metroak nahiko aldapatsuak dira, beraz, leku ezin hobea da atseden pixka bat hartzeko bista ederrez gozatuz. Azkenik, gailurrean bertan dago 1868an kareharriz altxatutako dorrea, ingurua zaintzeko baliatzen zena.
Aipatutako bidea da Santurtziko Mamariga auzotik gora egiten dena, laburrena (hiru kilometro ingurukoa). Hala ere, hainbat ibilbide proposatzen zaizkio bisitariari Serantes mendiaz gozatzeko. Batzuk laburrak, adibidez: Kabiezesetik abiatu, eta Bederatzi Gurutze gailurretik igotzen dena; edota, Mamariga igarota, Bullon auzotik doana. San Fuentes auzotik ere abia daiteke bisitaria, Serantesera Los Heros eta Peñalba auzoetatik iristeko. Dena den, badira ibilbide luzeagoak ere, dozena bat kilometrokoak. Batetik, Serantes mendian zehar, Punta Lucero eta Zierbenaraino helduko gara, handik kostaldeko errepidetik itzultzeko Santurtzira. Bestetik, Peñalbatik hasita, La Cuesta, Valle eta La Serna auzoetatik igaroko gara Serantes tontorrera iritsi aurretik. Beherako bidea Mamariga auzotik egin daiteke.

Itsasoan, aukera ugari
Santurtzin, itsasoak aukera anitz eskaintzen ditu aisialdirako. Garai batean Arrantzaleen Kofradia izandako eraikinean kokatzen da gaur egun itsas museoa. Leku ezin hobea da ezagutzeko zer-nolako eragina eduki duen herriak itsasoarekin izandako harremanak santurtziarren lanean, kulturan, arlo sozialean eta aisialdian. Halaber, larunbatero antzezten da museoan garai bateko arrain enkantea.
Santurtzin, arrantza jarduera garrantzitsua izan da duela hamarkada batzuk arte. Garai batean, traineruetan ekartzen zen arraina, baina industria iraultzak ahalbidetu zuen lan hori itsasontzi motordunek egitea, XX. mendearen hasieratik. Ontzi horietako bat bisita daiteke gaur egun portuan, Agurtza atun-ontzia, hain zuzen, euskal kostaldean geratzen diren zurezko arrantza
itsasontzi gutxietako bat. Hor, garai bateko arrantzaleen bizimodua eta baliatzen zuten tresneria ezagut daitezke. Historian atzerago egin nahi izanez gero, Itsasoko Ama Arraun Taldearen egoitza ere ikusgai dago, arraunketaren historia eta tradizioa erakusteko. Arraunean bandera asko irabazitakoa da Sotera ontzia, beraz, ez da aukera txarra arraun taldearen instalazioetan eskaintzen duten aulki finko eta mugikorreko entrenamenduan aritzea eta, ondoren, ikasitakoa praktikan jartzea itsasadarrean bertan, arraunean hasten direnek erabiltzen duten traineru berezian (10 urtetik gorakoentzat).
Itsas irteera gehiago ere egin daitezke Santurtziko portutik abiatuta, egun osokoak zein ordu batzuetakoak: zetazeoak ikusteko, kirol arrantza praktikatzeko, ilunabarra ikusteko, Bilboko jaietako su artifizialez gozatzeko, etab. Mota horretako txangoak hainbat enpresak eskaintzen dituzte portuan bertan, yatean, kanoan, belaontzian… ibiltzeko. Asteburuetan, Bilboko Portua ezagutzeko pare bat orduko bisita gidatua ere egin daiteke, taldea sortuz gero, autobusez nahiz belaontziz.

Uztailean, jaiak
Santurtziarrek uztailean ospatzen dituzte Karmengo jaiak. Ezaguna da 16an egiten den Ama Birjinaren itsas prozesioa, irudia txalupan ateratzen baitute Abrara lanean hildako arrantzaleei lore eskaintza egiteko. Lehorrera itzulitakoan, berriz, emakumeak omentzen dituzte, sardina saltzaileak, alegia.
Hain zuzen ere, Sardina Egunean hasten dira jaiak. Beti ospatzen da uztailaren 16aren aurreko barikuan, eta jan-edanaren ostean egiten zaio ongietorria jaietako maskotari, hau da, Mentxu kaioari. Berak ematen die hasiera Karmengo jaiei, udaletxeko balkoitik.
Mendia, historia, itsasoa, tradizioa, txangoak, jaiak… asteburu eder bat igarotzeko edo egun pasa joateko aitzakia polita aurki dezake bisitariak Bizkaiko kostaldeko herri honetan.