Izarren arteko umorezko talka

IKUSGARRI

Antzezlan baten lehen entsegu egunean elkarrekin topo egingo dute, aspaldiko partez, Hortentsia aktore ezagunak eta Gertudris idazle, dramagile eta antzerki zuzendari ospetsuak. Elkarren arteko maitasun-gorrotozko harremana oinarri, umorearen bideari heltzen dio Bi izarren kalenturak antzerki munduari buruzko satirak. Abuztuaren 19an estreinatuko du Donostiako Antzoki Zaharrean Txalo Produkzioak konpainiak. Victor Haïm frantziarraren komedia saritua Maribi Arrietak itzuli du frantsesetik, eta Ramon Agirrek euskaratu. Begoña Bilbaok zuzendua, Iñake Irasortzak eta Ane Gabarainek gorpuztuko dituzte bi emakume protagonistak. Hilaren 20an eta 21ean Donostian aurkeztu ostean, Azpeitian ikusi ahal izango da azaroaren 12an.


BILBOKO Atx Teatroa antzerki taldearen Fakiu sorkuntzak irabazi du Ibilki deialdia, Ipar Euskal Herriko hainbat programatzailek bultzaturiko ekimena. Eguneroko indarkeria jorratzen du lan irabazleak, gaia hainbat modutan landuta eta amaiera ikusleen esku utzita. Ibilkin garaile izateari esker, Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeetan aurkeztu ahal izango dute lana. Udazkenean emango dute obraren programazio zehatzaren berri. Euskal Kultur Erakundearen ekimenez, Ibilkik erakunde eta elkarte mordoxka biltzen ditu: Senpereko, Hendaiako, Bidarteko, Donibane Lohizuneko eta Mauleko herriko etxeak; Garazi Baigorri eta Errobi Herri Elkargoak; eta Biarritz Culture, Larresoroko Ote Lore eta Hazparneko Eihartzea elkarteak. Euskarazko antzerkiaren hedapen sarea sortzea du xede.

LABURREAN

UZTAILAREN 19ra arte, kale antzerkiaz gozatzeko aukera izango dute haur nahiz helduek Gasteizen, hilaren 4an hasitako XV. Dibertikale jaialdiari esker. Bigarren astean, besteak beste, Panta Rheiren Astokillo, Sun magoaren +++Hor dago magia!, Zirika Zirkusen Dantzateke, Malas Compañias taldearen Letter eta Ortzi Acostaren Ilusioa ikusi ahal izango dira. Emanaldi guztiak 19:30ean hasiko dira, bakoitza hiriko gune batean.

ZINEBILERAIAZKOA baino goizago izango da aurtengo Lekeitioko Euskal Zine Bilera. Azaroan egin ohi izan da orain artean, baina aurten aurreratu, eta urriaren 16tik 23ra egingo dute. Hori dela-eta, 39. Euskal Zine Bileran parte hartu nahi dutenek erne ibili beharko dute lanak aurkezteko orduan: uztailaren 31ra arteko epea izango dute. Xehetasun guztiak www.zinebilera.com gunean.


ZABALIK DA Poltsiko Antzerki Sorkuntzaren zazpigarren deialdia, Donostia Kulturak Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuarekin eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearen laguntzarekin antolaturiko ekimena. Poltsiko antzerkiaren alorrean euskarazko lanak sustatzea du helburu, eta urriaren 14ra arte aurkez daitezke lanak. Bi lan sarituko dituzte: irabazlearena eta finalistarena. Biek ala biek diru-laguntza bana jasoko dute, baita egitasmoa garatzeko laguntza eta datorren urteko Donostiako Poltsiko Antzerkia jaialdian lau emanaldi eskaintzeko aukera ere. www.donostiakultura.com gunean daude ikusgai parte hartzeko baldintzak.