American Hustle

american

Zuzendaria: David O. Russell. Gidoia: Eric Singer, David O. Russell. Aktoreak: Christian Bale, Bradley Cooper, Amy Adams, Jennifer Lawrence, Jeremy Renner. AEB, 2013.

Istorioa: Iragan mendeko 70eko hamarkadaren amaiera aldean kokaturiko gertakariak kontatzen ditu filmak, modu nahiko askean, tranpatian ez esatearren. Iruzurgile bikote bat, iruzur batean bete-betean harrapatu dutela eta, FBIrentzat lanean hasiko da askatasunaren truke. Hala, polizia berezi samar baten esanetara, politikari ustelen ehizan jardun beharko dute biek ala biek.

Sariak: Dagoeneko sari mordoxka (hiru Urrezko Globo, esaterako) eskuratu du filmak, baina lerrook argitaratzen direnerako baliteke horiek guztiak itzalpean geratzea, sona handieneko sari zakukada jaso ostean. Izan ere, Gravity filmarekin batera, 86. Oscar sarietako faborito nagusia da American Hustle: orotara, hamar izendapen jaso ditu Russellen lanak, horietako asko atal garrantzitsuenetan.

Onena: Film jostaria da, kontakizuna modu eraginkorrean garatzen duena. Haatik, ezin aipatu gabe utzi aktore protagonisten lan bikaina, batez ere, iruzurti bikotea gorpuzten duten Christian Bale eta Amy Adamsena. Horrekin batera, nabarmentzekoak dira filmeko musika eta, orobat, girotzea.

Txarrena: Txalo eta lore ugari jaso ditu filmak, baina neurriz kanpoko balioa eman zaiola ere aipatu da. Iritziak iritzi, ezin da ukatu lan entretenigarria denik.

EƱaut Mitxelena