Katixa Dolhare-Zaldunbide

katixaBidaiatzea izugarri gustatzen zait, nahiz eta ez dudan gogoko nukeen bezainbat egiten. Bidaiatzea, ez baitezpada paisaia harrigarriak eta kultura exotikoak topatzeko, baizik eta gehienbat jendea ezagutzeko, jendearen bizipen sarkorrek nihaur hazteko. Beharrik literatura hor dela, etxetik mugi ezinean joanaldiak eskaintzeko.
Irakur, adibidez, Ttittika Rekaltek argitaratu Mula Nazrudin eta… (Maiatz, 2014): XIII. mendeko ulema turkiarra zen Mula Nazrudin, geroztik zuhurtziaz beteriko bufoi mitikoa bihurtu zena herrialde musulmanetan, eta autoreak Euskal Herrian gaindi ibilarazten duena, irakurlearen bihotz-belarrien gozamenerako.
Irakur halaber Bea Salaberriren Baionak ez daki istorio bilduma (Susa, 2015) : Baionan barna gure baitara garamatza, egunerokoaren azalpen zorrotz bezain amultsuaren bidez.
Edo irakur Joan Errea amerikarraren bertsoak Aita deitzen zen gizona liburuan (Pamiela, 2016); Nevadako arrantxoetara eramanen zaituzte, tokiko euskara berezia garraiatzaile.