Erortzen ari den gizon baten ibilbide laburra

lizarralde

Hori kontatzen du Pello Lizarralderen azken eleberriak (Elur bustia, Erein). Idazleak ez du xehetasun asko ematen gizon horren biografiaz: Ramiro du izena eta hegoaldea du xede, Lizarralderen hitzetan, “ordoki urruneko argipean zain dituen senideen artera biltzea”. Lanak huts egin, eta etxerako itzuleran da protagonista, eta haren peripezien ibili xeheak erakusten du Ramiroren giza dimentsioa, haren iraganari eta etorkizunari buruzko bestelako daturik ezean.
Liburuaren aurkezpenean, idazleak adierazi du jakitun dela “erori diren horiek gure artean” daudela, “orain dela ez asko, amildegitik hurbil baina aparte zebiltzan, tente”. Irudi hori oinarri, galderaz beteta abiatu omen zen egilea eleberrian barrena: “Zaila da jakitea zer dabilen jiraka estutasunaren aurrean erantzuna eman behar duenaren gogoan. Hala bizi behar duenaren aurrean, galdera batek jotzen nau. Noiz arte eutsi ahal izango dio? Harritu egiten naiz orbainez beterik jarraitzeko kemena dutela ikustean”.


PAKO ARISTIK bere bosgarren poema liburua aurkeztu du, Arrotz eta eder (Susa). Poesia formatuan idatzi arren, hizkuntza zuzena erabili du idazle gipuzkoarrak, poesiara ohituta ez dagoen irakurleak ere ondo ulertzeko modukoa eta apaingarri askorik gabea. Gaiari dagokionez, hainbati heldu dio, baina guztiek daramate irakurlea jaso duen kultur herentziari eta eredu sozialari buruz hausnarketa egitera. Aristiren ustez, arrotz gara jaso dugun horren menpeko bizi garen artean, baina mendekotasun horretatik askatzen garenean agertzen da gure benetako izaera, ederra bihurturik. Hortik dator, hain zuzen, liburuaren izenburua. Pako Aristik errezitaldia eskainiko du uztailaren 16an Eako Poesia Egunaren egitarauaren barruan.

ZEROZERO K
Don DeLillo
Itzulpena: Aritz Gorrotxategi
Meettok, 2016

Jeffrey-ren aita, Ross diruduna, inbertitzaile handia da isilpeko zentro batean, non heriotzaren aurka aritzen diren.  Pertsonak izoztu eta kontserbatzen dituzte, aurrerapen biomedikoei esker bizitzara itzultzeko zain.
Rossek bertara gonbidatu du Jeff, Artis emaztearen gorputza izozterakoan, oso gaixorik baitago. Halako batean, semeari jakinarazi dio “bidaian” lagundu nahi diola emazteari, bera osasunez ederto egon arren; baina Jeff ez da bat etorriko aitarekin. 

estalinESTALIEN GRADORA
Joxe Austin Arrieta
Txalaparta, 2016

Poesia antologia honetan, poetak azken hiru hamarkadotako poemak bildu, eta Edgar eta Niketz alter egoen arteko elkarrizketak baliatu ditu horiek azal-tzeko. Hala, “ez gara Volgaraino iritsi”, aitortu du egileak, “baina borrokatu gaituk, ahalik eta zorrotzen, ahalik eta zuhurren. Ez dugu helburua lortu baina hurbildu bai, hurbildu gaituk”. Ikuspuntu zorrotzez, estilo jostariz eta irudi indartsuz ikusten da idazlearen barne borroka. Poesiaz gain, narrazioa eta itzulpengintza ere landu ditu Arrietak.