Ohe hotzak

ohehotzakJon Ariza de Miguel
Elkar, 2016

Hitzaurrean, Angel Errok bete-betean asmatu zuen idatzi zuenean irakurleari nobela hau, jatorrian, euskaraz ez beste hizkuntza batean idatzia iruditu ahal zaiola. Agian, ez dagoelako gure lurraldeari edota lurraldetarrei buruzko zantzurik; apika, ageri diren izen guztiak, pertsonaienak zein behin izan ziren idazleenak, arraroak eta atzerritarrak direlako, hurrenez hurren; beharbada, sexurik, adinik eta izenik ere ezagutzen ez dizkiogun narratzailearen ikusmira, jakin-mina, gogoetaldia... dezente urruntzen direlako hemengo idazleen “ohikoetatik”.
Hala ere, gehienetan, gertu sentituko da irakurlea apaltasuna, bai eta nolabaiteko xalotasuna ere, darion ahots horretatik. Hain dira gizatiarrak eta unibertsalak haren pentsamendu eta sentimenduak, barne-askatze hori. Gure protagonistak, baina, barruan darabilkionaren kanporaketa  ez du egiten bortizki, ez amorruz, ez botaka; harena hausnarketa korronte nasaia da, patxadatsua, inolako haraindikotasun asmorik gabea. Eskertzekoa deritzot, batik bat laguntasun minaz ari dela, laguntasun minaren dirdiraren galeraz, behinola apartekoa izandako harreman batean nekea eta jasanezintasuna gailentzeaz, dramarik gabe, dotoreziaz onartuta bizitza horrelakoa dela eta pertsonok, elkarrengandik, joan eta etorri egiten garela.
Usoa Alberdi Fernández