Sakrifizio txikiak

Gero eta itxura txarragoa du Gauzen Internet delakoak. Aurrekoetan kontatu izan dizuedan bezala, etxeko gauza guztiak -edo haietako asko, behintzat- elkarrekin konektatzean datza, Internet bidez, eta haien artean zein gurekin komunikatzean, horretarako ahalik eta modurik naturalena erabiliz.
Komunikazio natural horretatik etorri dira azken berri kezkagarriak: jakingo duzuenez, Googlek (nork bestela!) Google Home delako gailu bat aurkeztu berri du. Haren funtzioa da ahoz ematen dizkiogun aginduak eta, oro har,  ozen esaten dugun guztia entzutea, inguruan dituen gailu konektatuei aginduak emateko edo unean-unean behar dugun informazioa eskaintzeko.
Adibidez, etxean zaudela, halako batean esaten baduzu: “Ene, gaur fresko dago, bada”, gailuak seinalea bidaliko dio etxeko termostatoari, tenperatura apur bat igotzeko. Edo galdetzen baduzu: “Zer ematen dute gaur telebistan?”, tramankuluak Interneten bilatu, eta ahoz emango dizu telebistako programazioaren berri, zeure gustuko saio eta telesailak nabarmenduta, gainera.
Ondo, ezta? Bai... ahazten badugu, behintzat, hori posible izateko, Google Home horrek mikrofono bat duela, teorian gure etxeko egongelaren erdian jarri behar duguna, esaten dugun guztiari etengabe erreparatzen. Antzeko zerbait gertatzen ari da telefonoetako Ok Google funtzioarekin: telefonoari esaldi magiko hori esanez gero, laguntzaile birtuala aktibatzen da eta ahoz esaten diogunarekin laguntzen digu. Kontua da, hainbatek frogatu duten bezalaxe, Googlek horretarako zabalik mantendu behar duela etengabe telefonoko mikrofonoa. Are gehiago: mikrofonoak grabatu egiten ditu entzundakoak.  Sistema erabiltzen baduzu, nahiko da Google kontuaren historialera joan, eta han erraz topatuko duzu zure ahots grabazioen bilduma.
Kezkagarriena da halako pribatutasun urraketak gero eta errazago onartzen ditugula. Duela ez asko, zalaparta handia zabaldu zen sarean, jakin zenean Android eta beste sistema eragile batzuek telefonoen kokapenen erregistroa gordetzen zutela. Gaur egun, sakrifizio txikia iruditzen zaigu, GPS eta antzeko zerbitzuak erabili ahal izateko. Baietz gutxi barru gauza bera gertatu etxean dioguna etengabe grabatzen duten gailuekin...

Loturak, estekak, linkak...

http://bit.ly/aizu-mikroak
Gaiari buruzko gehiago Teknopataren Txokoan.

http://home.google.com
Google Home delakoaren webgune ofiziala.

http://bit.ly/aizu-alexa
Amazonek ere badu antzeko sistema bat: Alexa. Bai, zientzia fikziozko robot maltzur baten izena dirudi!