Hobelex zuzentzailea LibreOfficen ere erabilgarri dago jada

hobelex

UZEI Terminologia eta Lexikografia Zentroak Hobelex zuzentzaile lexiko eta ortografikoaren bertsio berria kaleratu du, LibreOffice baliatzen dutenek ere erabil dezaten. 2014an plazaratu zuten Hobelex, arrakasta handiz: 15.000 deskarga izan ditu dagoeneko. Haatik, lehen bertsio hura soilik Microsoft Officerako zen baliagarria. Orain, LibreOfficen ere erabili ahal izango da. Beste berritasun bat ere badu: aurreko bertsioak ez bezala, bereziki euskararen-tzat sorturiko motorra erabiltzen du oraingoak. Akats ortografikoei ez ezik, lexikoari ere erreparatzen die Hobelexek. Hau da, erabiltzaileak testua idatzi ahala, ortografikoki zuzenak ez diren hitzak azpimarratzeaz gain, zuzenak izan arren hobetsitako beste aldaeraren bat dutenak ere nabarmentzen ditu. Azken kasu horietan, gainera, proposamen zuzenena ematen du Hobelexek. Etengabe eguneratuko dute Hobelex, Euskaltzaindiaren zein Eusko Jaurlaritzako Teknologia Batzordearen arau eta gomendioak aintzat hartuta. Doan eskura daiteke www.hobelex.eus helbidean.


behategiaMARTXAN DA da Behategia.eus, Euskal Hedabideen Behatokiaren webgunea. Gunean bertan aipatzen denez, “Behategia antena bat da. Antena bat hedabideen mundura begira; eta antena bat euskal hedabideei begira dagoena, zehazki, euskaraz diharduten hedabideen eragin kuantitatiboa eta kualitatiboa neurtzeko”. Finean, euskarazko hedabideen errealitatearen eta garapenaren berri jasotzen du, beste hainbat daturekin batera. Hala, guneak euskarazko komunikabideei buruzko informazio ugari biltzen du: txostenak, mapak, ikerketak, albisteak... Euskarazko hedabideen datutegia ere badu, nahiz eta sarbide mugatukoa izan. Ikerlari eta adituentzako gunea da nagusiki Behategia.eus, baina euskal hedabideen gaineko interesa duen orori ere arras erabilgarria izango zaio.

 

LABURREAN

hiztegiaHIZTEGIAK eta beste zenbait hizkuntza baliabide sakelakoan kontsultatzeko, HiztegiAPP aplikazioa kaleratu du Elhuyarrek. Aldi berean 36 hizkuntza baliabide kontsultatzeko aukera ematen du, hala nola, euskarazko hiztegi elebidunak eta eleaniztunak, Xuxen zuzentzaile ortografikoa, sinonimoen hiztegiak eta beste. Android zein iOS sistema eragileak dituzten segapotoetan balia daiteke, eta doakoa da.

ARABAN ETA GASTEIZEN euskaraz antolatzen diren ekitaldien berri sakelakoan jasotzeko aplikazioa sortu dute elkarlanean Dijitalidadea enpresak eta GEU elkarteak, Gasteizko Udalaren laguntzarekin. Arabako Euskararen Agenda bestelako euskarritan ere eskura daiteke (http://alea.eus/agenda/ helbidean, paperean ostiralero Alea aldizkarian eta sare sozialetan), baina aplikazio berriari esker  Android eta iOS sistema eragileak dituzten sakelakoetan kontsultatu ahal izango da. Google Playn eta Apple Storen dago eskuragai, dohainik.

kalkulaMERKATUAN da euskarazko lehen kalkulagailua. Casio enpresa japoniarrak eta Eusko Jaurlaritzak sortu dute Casio ClassWiz kalkulagailu zientifikoa. Lau hizkuntzatan erabili daiteke, tartean, euskaraz. Bertako eskola curriculumera egokitua, Euskal Autonomia Erkidegoko irakasleen laguntzarekin garatu dute.