Bertsoz idatzitako komedia estreinatuko du Tartean Teatroak

pankreas

Pankreas. Gaur egungo tragikomedia bertsoz paratua lana aurkeztuko du martxoan Tartean Teatroa konpainiak. Patxo Telleriak idatzia eta Jokin Oregik zuzendua, hiru lagun ditu protagonista. Lehenak, pankreasaren transplante premia larria du, eta bigarrenak, berriz, urtebete barru suizidatzeko asmoa. Ondorioz, hirugarrenak proposamena egingo dio bigarrenari: suizidioa aurreratzea, lehenengoak bere pankreasa balia dezan. Abiapuntu horretatik sorturiko ezusteko gertaerak kontatzen ditu antzezlanak, beti ere gerta daitekeen guztia, denik eta sinesgaitzena bada ere, inoiz gertatzen dela aintzat hartuta. Mikel Martinez, Patxo Telleria eta Joseba Apaolazak jokatzen dituzte hiru protagonisten rolak, konpainiaren esanetan “teatro vasconum primitiae bat” den antzezlanean. Izan ere, konpainiatik jakinarazi dutenez, “gaur egungo ikusle bakar batek ere ez du inoiz euskarazko antzezlan bat bertsoz ikusi”. Pankreas martxoaren 12an estreinatuko dute Bilboko Arriaga Antzokian, eta 13an ere leku berean ikusi ahal izango da.