Fúsi

gigante

Zuzendaria: Dagur Kári. Gidoia: Dagur Kári. Aktoreak: Gunnar Jónsson, Ilmur Kristjansdóttir, Sigurjón Kjartansson, Margrét Helga Jóhannsdóttir. Islandia, 2015.

Istorioa: Berrogei urtetik gorako gizon lodikotea da Fúsi. Jende gehienaren begietara, ez-egokitua: bikoterik ez du, amarekin bizi da, II. Mundu Gerrari buruzko miniaturen zalea da... Urtebetetze egunean, dantza eskola batean emango diote izena opari. Hor, Sjöfn emakume bakartia ezagutuko du.
Sariak: Káriren filmak sari sorta polita bildu zuen iaz. Tribecako jaialdian, pelikula, gidoi eta aktore onenarenak, eta Valladolideko Semincin aktore onenarenak. Azken sari hori bi jaialditan jaso izanak pantailan ikusiko dugunari buruzko ideia bat ematen digu.
Onena: Helduaroan murgiltzeko bidea zail egiten zaion Fúsi handikotearen rolean, sekulako lana egin du Gunnar Jónssonek. Hark betetzen du pantaila, eta ez, preseski, tamainagatik. Antzezpen neurritsua da harena, baina adierazkortasun handikoa eta sentikorra. Itxuraz hotza den lanean, Fúsiren aro berri baterako “esnatzea” samurtasunez azaltzen zaigu, milikeriarik gabeko sentiberatasuna gailentzen delarik.
Txarrena: Hotzari sentiberatasuna gailendu bai, baina ez pentsa horrek filma atsegina bihurtzen duenik. Izan ere, film honetan ere egon badago Islandiatik etorri ohi diren film bakanetan askotan sumatzen den hozkirria.
Eñaut Mitxelena