Korridoreak

rojoXabier Etxaniz Rojo

Korridoreek ospe txarra dute. Ziurrenik institutuko irakasleek hara bidaltzen gintuztelako gaizki portatzen ginenean. Edo, bestela, pelikula amerikarrei esker ikasi dugulako korridoreen bukaeran beti dagoela aulki elektriko bat zain. Ez, inork ez ditu korridoreak maite. Leku tristeak dira. Desatseginak. Aspergarriak. Eta hori bekatu itzela da aspertzen ez dakien gizarte baten. Niretzat, ordea, ederrak dira. Pentsatzeko tokiak dira. Hausnartzeko. Baita ezkutatzeko ere, munduak ez baitu inor bilatzen korridoreetan.
Maite ditut korridoreak eta horrexegatik ez nintzen kexatu HABEko 3. mailako idatzizko azterketan ikasgelategiko korridoreak zaintzea egokitu zitzaidanean. Are: poztu egin nintzen. Izan ere, korridorean egoteak aukera eman baitzidan azterketarien aurpegiera ikusteko.
Hasieran banan-banan ateratzen ziren azterketariak ikasgeletatik, tantaka. Hasieran gaztetxoak, eta denborak aurrera egin ahala, helduxeagoak. Halako batean tantak erreka bihurtu ziren. Eta denbora agortutakoan, erreka bihurtu zen uholde. Ia denak esku-telefonoa eskuan. Ia denak “bazen garaia”ka. “Alea jacta est” batzuk, “HABE, Zesar, morituri te salutant” besteak. Irribarreak. Tentsioa. Negar egiteko gogoa. Airea. 
Eta musuetan kezka bat, arantza mingarri bat “Maskotak ala sexu-erasoak, zein gai aukeratu duzu?” galderan islaturik. Eta, korridoreak pentsatzeko tokiak baitira, pentsatu nuen azterketariei kezka hori eramangarriagoa gertatuko litzaiekeela baldin eta ohartuko balira dena haiek uste baino errazagoa dela. Kontua ez da “idazteko gaia” zein den, ezpada azterketariak zenbat irakurri duen euskaraz, azterketa egin aurretik zenbat denbora inbertitu duen irakurtzen. Irakurri gabe ez baitago ondo idazterik.  Zenbat eta maizago begiratu idazleen ispiluan, hainbat eta ederrago ikusiko du azterketariak bere burua idazlanetan. Eta iritsiko da unea non gaiari erreparatu ere ez dion erreparatuko. Eta une horretan gai izango da edozein gairi buruz idazteko.
Baita, hala nahi izatera,korridoreei buruz ere.