Ikastolak

euskarazAraba Euskaraz, 'Geroari begira' Agurainen

Lautada Ikastolak antolatuta, orainari eta etorkizunari begira ospatuko dute ekainaren 19an Araba Euskaraz Agurainen. Izan ere, Geroari begira leloa izango du ardatz Arabako ikastolen aldeko jaiak aurten, “gaur ereiten ari garen ale horiek geroan fruituak izan daitezen”. Gaztea izan arren, halako jaiak antolatzen badu eskarmentua Lautada Ikastolak, 2010ean ere antolatu baitzuen. Oraingoan, Araba Euskaraz proiektua sendotzeko, ikastolaren proiektua aurrera ateratzeko eta barne kohesioa finkatzeko baliatu nahi dute ekainaren 19ko hitzordua. Finean, antolatzaileek nabarmendu duten moduan, “ikastola egiteko”. Horretarako, ekitaldiz beteriko egitaraua izango dute egun osoan Agurainera hurbiltzen diren euskaltzaleek. Halere, eguna iritsi aurretik ere izango dira egitasmoari laguntzeko aukerak, eta jaiaren webgunean (www.arabaeuskaraz.eus) ezagut daitezke ekainaren 19rako atonduriko egitarauarekin batera. Arabako Lautadan euskara berreskuratzeko ezinbesteko eragilea da Lautada Ikastola, baina ez bakarra. Lan hori indartzeko eta aurtengo Araba Euskaraz antolatzeko, herriko eta eskualdeko gainerako eragileekin elkarlanean aritu dira. Hala, gogorarazi nahi izan dute euskara biziberritzeko lana gizarte osoaren ardura dela, arreta, bereziki, helduengan ipinita. Ikastolan egiten den lana nabarmentzeaz gain, helduei euskara erabiltzeko deia egin diete antolatzaileek. Bide horretan, Aguraingo AEK omendu dute aurten, euskaltegiak urteotan egindako lana eta helduen euskalduntzean duen garrantzia azpimarratzeko. Heldu nahiz gazte, mezua argia da: ekainaren 19an, denok Agurainera!