Telebista

macgiverMacGyver bueltan da!

Telebistak emandako agente sekreturik trebeenak, klip bat edo txikle mastekatu bat baliatuta munduaren suntsipena eragozteko gai zenak, abentura berriak biziko ditu. Izan ere, 80ko eta 90eko hamarraldietan sekulako arrakasta izan zuen MacGyver telesailaren saio berriak eskainiko ditu AEBetako CBS kateak. Richard Dean Anderson aktoreak gorpuzturiko Angus Mac Gyver agente sekretuaren ibiliak ziren telesailaren ardatza. Saio bakoitzean, erabilera anitzeko labanarekin edota trasterik arruntenarekin, sekulako balentriak egiten zituen MacGyverrek. Hainbesteko ospea lortu zuen, ezen gaur egun “MacGyver izatea” kasik hiztegi sarrera onartua baita: pertsona mainatsu edo iaioa adierazteko erabili ohi da lagun artean. Udazkenean hasiko dira kapitulu berriak eskaintzen, AEBetan. Iaztik jakina zen berria, baina maiatzean berretsi dute ekoizleek. Dagoeneko, trailer bat paratu dute sarean. Hori bai, oraingoan Lucas Till aktorea izango da MacGyver. Zehaztu ez badute ere, badirudi jatorrizko MacGyverren semea izango dela telesail berrian. Era berean, zurrumurruen arabera, Richard Dean Andersonek bigarren mailako rolen bat beteko du. Telesailarekin gutxi ez, eta Lionsgate ekoizpen etxeak filma egiteko asmoa ere agertu du. Munduko gaizkileak akaso ez, baina nostalgikoak pozik izango dira, segur aski.