Ekonomia

billeteaAgur 500 euroko billeteari

Galizian sorginei buruz esaten dutenaren antzera, izan badira. Inork gu-txik ikusiko zituen, baina 500 euroko billeteak erabili egiten dira: eurotan, zirkulazioan dagoen eskudiruaren % 30 dira; orotara, 300.000 milioi euro pasatxo. Nolanahi ere, 2018tik aurrera, Europako Banku Zentralak (EBZ) ez ditu 500 euroko billete gehiago jaulkiko. Besteren artean, alde askotatik sarritan aipaturiko susmoak hartu ditu aintzat EBZk, legez kanpoko jarduerak errazten dituela, hain zuzen. Esaterako, Europol nazioarteko polizia agentziak noiz edo noiz ohartarazi izan du: gaizkileek eskudirua baliatzen dute diru zikina garbitzeko orduan. Ez da harritzekoa, dirua askoz errazago mugitu baitaiteke halako billeteekin. Berria kazetan Ivan Santamaria kazetariak idatzitako adibidea oso argigarria da: “Gaizkile batek milioi bat dolar mugitu behar baditu 20 dolarreko billeteetan, 50 kiloko pisua garraiatu beharko du. Alabaina, ez du arazo handirik izango diru kopuru bera 500 euroko billeteetan mugitzeko: 2,2 kilo besterik ez da soinean eramateko moduko zama”. Jakina, 500 eurokoak erabiltzen dituzten guztiak ez dira gaizkileak, inondik inora ere. Halere, legez kanpo jarduten dutenei zirrikituak baino tarte handiagoak eskaintzen dizkie billete moreak. Horiek horrela, eta EBZ euro billeteak modernizatzeko lanean ari dela baliatuta, behin betiko utziko zaio 500ekoak ekoizteari. Hori bai,  dagoeneko baliatzen direnek balioari eutsiko diote, eta erabili ahal izango dira.