Berdintasunik ba al da zure etxean?

ikamika

Emakume eta gizonen arteko parekotasunean urratsak eman badira ere, generoen berdintasunak oraindik bide luzea du egiteko. Legeak berdindu arren, gizonezko eta emakumezkoen arteko aldea handia da jendartean, hainbat esparrutan nabarmen sumatzen denez. Eremu publikoa debekatua izan zaie mendetan emakumeei, etxera mugatuta haien jarduna. Gizonezkoak, ostera, ezer gutxi egin du etxean, agintzea ez bada. Horren adibide garbi, etxeko lanak: Eustatek 2008an eginiko inkesta baten arabera, EAEn, gizonek egunean ordubete eta 29 minutu baliatzen dituzte, batez beste, etxeko lanak egin eta pertsonak zaintzeko; emakumeek, aldiz, 3 ordu eta 33 minutu. Beharbada, inkesta hartan ez zizueten galdetu, beraz, orain duzue aukera. Zuen kasuan, berdintasunez jokatzen duzue etxean?
Igorreko Kubulu AEK euskaltegiko arratsaldeko B1 mailako taldea

1.Luzia Gomez

Lehen etxe gehienetan gauza bera ikusten zen: aitak etxetik kanpo egiten zuen lan eta ama etxeaz eta familiaz arduratzen zen. Gaur egun, berriz, emakume askok etxean eta kanpoan egiten dute lan, eta gizonek ere, oro har, lan handiagoa egiten dute etxean.

2. Nuria Aierdi

Normalean, emakumeek gizonek baino lan handiagoa egiten dute etxean. Hori lan desberdintasunaren ondorioa da, gizonek emakumeek baino diru gehiago irabazten dute eta. Etxean berdintasuna lortu nahi badugu, lehenago soldatetan lortu beharko dugu.

3. Juan Ramon Barrenetxea

Sukaldearen eta janariaren arduraduna neu naiz, horretan asko gozatzen dut eta. Lapikoa apur bat gehiago betetzen dut eta horrela
tupperrak prestatzen ditut seme-alabentzat. Horrez gain, sukalderako erosketak, ortuko lanak, animaliak zaindu eta brikolaje lan batzuk ere neuk egiten ditut.

4. Mara Trimboli

Genero desberdintasuna gizarte-eraikuntza da. Genero rolak ezinbestekoak dira sistema politiko-ekonomiko hau aurrera eramateko. Askatasunaren bidean, gure nortasun politikoa parekotasun faltsua baino garrantzitsuagoa da.

5. Javi Gonzalez

Nire kasuan, emazteak eta biok etxetik kanpo egiten dugu lan, beraz, etxeko lanak bion artean banatzen ditugu. Dena dela, onartu beharra dut horretan berak nik baino ordu gehiago ematen dituela.