Euskara

agurain75 orduz euskaraz ariko dira aguraindarrak

Azaroan, Agurain “euskararen arnasgune oso bat” izango da lau egunez, Agurainen 75 ordu euskaraz ekimenari esker. Zehazki, azaroaren 8, 9, 10 eta 11n. Salbuespenik gabe, hainbat aguraindar euskaraz mintzatuko dira egunerokoan, euskaraz bizitzeko nahia eta ahala gauzatzeko asmoz. Antolatzaileek azaldu dutenez, helburua da “euskaldunak naturaltasunez subjektu aktibo bilakatzea eta aktibotasun hori gainerako herritarrei kutsatzea”. Donostiako Egia auzoan urtarriletik martxora egindako Egian euskaraz bizi nahi dugulako ekimena izan dute eredu. Hala, horretarako konpromisoa hartzen duten herritarrek euskaraz hitz egingo dute, beren euskara maila edozelakoa izanda ere. Nik 75 leloarekin laburbildu dute ekimena, eta dagoeneko hasiak dira herria eta herritarrak prestatzen. Batetik, asmoa iragarri, informazioa zabaldu eta taldeak prestatu dituzte, eta herritarrekin nahiz herriko taldeekin harremanetan jarri dira. Bestetik, ekimenean parte hartuko duten norbanakoei laguntzen ari dira, dela antzeko esperientziei buruzko hitzaldiak antolatuta, dela euskararen alorreko ekintzak antolatuta. TELP ikastaroak ere eskainiko dituzte, euskaldunek edonon eta edonoiz euskaraz eroso sentitzeko teknikak ikas ditzaten. Agurainen aurreko urteotan egindako beste zenbait ekimen ditu oinarri egitasmoak, 15 ordu euskaraz egitasmoa, kasu. Azaroaren 11tik aurrera ere segida emateko asmoa dute, gainera. Dagoeneko jarrai daitezke ekimenaren nondik norakoak https://aguraineneuskaraz.wordpress.com blogaren bidez.