Lana

lanaZenbat eta lanordu gutxiago, orduan eta eraginkorrago

Berrogei urtetik gorakoek ez dute lanordu askorik behar astean euren lan jardunari ahalik eta etekin handiena ateratzeko. Zehazki, eta beti ere adin horretatik gorakoei dagokienez, astean 25 orduz lan egiten dutenak dira eraginkorrenak beharrean. Beraz, lanean ongi jarduteko, nahikoa lukete astean hiru egunez lan egitea, egunean zortzi orduz. Hortik aurrera, ugaritu egingo lirateke lanean kaskar aritzeko aukerak. Hori ondorioztatu du Melbourne Institutek (Australia) egindako txosten batek, berrogeitaka urteko 3.500 emakumeren eta 3.000 gizonen lana aztertu ostean. Berez, lanak garunaren jarduna estimula dezake, baina, lan jarduna gehiegi luzatuz gero, nekea eta estresa sortzen dira. Horren ondorioz, gaitasun kognitiboak kaltetu egin daitezke eta, hortaz, laneko errendimenduak behera egiten du. Hortaz, astean 60 orduz lan egiten dutenen gaitasun kognitiboak oso kaltetuak egon daitezke. Kasu batzuetan, lanik egiten ez dutenenak baino gehiago. Hots, lanaren estimulurik jasotzen ez dutenenak baino gehiago, txostenaren egileek azaldu dutenez. Azterketaren arabera, astean 40 ordutik gora lan eginda, azkartu egiten da lan errendimenduaren beherakada. 25 ordutik gora ere bai, baina ez hainbeste. Horrenbestez, 25 ordutan ipini dute langa. Hori bai, ez dute zehaztu nola eragiten dien langile gazteagoei, 40 urtetik gorakoak aztertu dituztenez, ez dakite emaitzak nolakoak liratekeen. Marka da, gero: uste oso zabalduaren arabera, 40 urte betetakoan krisi existentziala igarotzen dute askok; orain, aldiz, 40 urte betetzeko zain egon behar al dugu, lanari denbora gutxiago eskaintzeko?