Hezkuntza

eskolaEuskal Eskola Publikoaren 25. jaia Hendaian izango da

Hogeita bost urtean lehenengoz, Ipar Euskal Herrian egingo dute Euskal Eskola Publikoaren jaia. Zehazki, Hendaian izango da EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak antolaturiko festa, ekainaren 5ean. Ikasbi Ipar Euskal Herriko ikastetxe elebidunetako guraso elkartearen 30. urteurrenarekin bat egingo du jaiak. Urteurrena baliatuta eta jaia Hendaian eginda, Iparraldeko hezkuntza sare publikoan euskararen irakaskuntzari bultzada eman nahi izan diote antolatzaileek. Era berean, eta urtero bezala, hezkuntza sistemaren ardatza eskola publikoak izan behar duela aldarrikatuko dute. Emazu eskua leloa  aukeratu dute aurten, “elkarri euskara emateak” hizkuntzaren etorkizunean duen garrantzia irudikatzeko xedez.  Halaber, “euskara Iparraldeko eta Hegoaldeko ikasle, irakasle eta gurasoen arteko komunikazio tresna izatea nahi dugu ekainaren 5ean, Hendaian”. Jaiari buruzko informazio guztia www.euskaleskolapublikoarenjaia.eus webgunean dago eskuragai.