Gizartea

zasEtorkinen kontrako zurrumurruei, ZAS!

Oinarririk gabeko zurrumurruek eta aurreiritzi ezkorrek diskurtso xenofobo eta arrazistak hauspo ditzaketela-eta, ZAS Zurrumurruen Aurkako Sarea sortu dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat gizarte eragilek eta erakunde publikok. Euri zirinak nola, pixkanaka eta ia oharkabean aurreiritzi ezkorrez blaitzen dute jendartea halako esamesek. Horrek mezu eta pentsaera xenofobo eta arrazisten hedapena eragin dezake, are gehiago testuinguru jakin batzuetan, aspaldion bizi dugun krisi ekonomiko garaian, kasu. Horri aurre egiteko lanean dabiltza azken urteotan hainbat eragile, elkarte eta erakunde. ZAS sortuta, indarrak batu dituzte horietako zenbaitek. Oraingoz, 30 dira, baina sarea zabaltzeko asmoa dute. Ekimenaren bidez, arrazismoaren eta xenofobiaren aurkako prebentzio lanean eragin nahi dute, sareko kideen arteko lankidetza indartuta: sinergiak baliatu, materiala landu, zurrumurruen aurkako ekintzen katalogoa sortu... Finean, elkarbizitzaren aldeko lana sustatzeko bideak sendotzen edota berriak zabaltzen jardungo du ZASek. Ekimenari buruzko xehetasunak http://zurrumurrurikez.eus/ gunean bildu dituzte, baita hain kaltegarriak izan daitezkeen esamesei aurre egiteko datu eta informazio mordoxka ere.