Erresuma Batua

birretakAirera birretarik ez, arren

Unibertsitate ikasketen amaierako graduazio ekitaldietan, oso arrunta izaten da ikasleek euren birretak airean botatzea. Oso ohikoa iruditzen zaigu, behintzat, Hollywoodeko filmek makina bat aldiz erakutsi izan digutelako. Bada, Norwich hiriko (Erresuma Batua) East Anglia Unibertsitateko arduradunek ez dute halakorik gertatzerik nahi: eskaera egin diete ikasleei graduazio ekitaldietan birretak buruan jantzita izan ditzaten. Halere, hain ohikoa den irudia nahi izanez gero, Photoshopa erabil dezakete. Hau da, argazkiak digitalki moldatzeko aukera dute. Arrazoia? Bitxia bezain sinestezina: ez dute nahi ikasleek min hartzea.  Unibertsitateko arduradunen hitzetan, birretek eragindako zauriak “arrisku onartezinak” dira, azken bi urteotan ikasle batzuek zauriak izan dituztelako aurpegian, eta iaz ikasle bat urgentziaz artatu zutelako. Eskaria egin arren, ez dute debekatu birretak gorantz botatzea. Hori bai, unibertsitateko argazkilaritza zerbitzuei ere eskatu diete halakorik ez sustatzeko. Jakina, ikasle gehienek umorez hartu dute, eta gehiegizkotzat jo. Erresuma Batuan lan osasunaz arduratzen den erakundea ere gaiari buruz mintzatu da, eta adierazi du birretarekin zauritua izateko probabilitatea izugarri txikia dela. Are, gaiari buruzko hitzik zentzuzkoenak ziurrenik erakunde horrek bota ditu: “Kezka, batez ere, txanoak hondatu gabe itzultzeari lotua egonik, hobe da errua ez egoztea osasunari eta segurtasunari”.