Euskal pilota esku pilota baino gehiago da

arinPatri Espinar, pilotaria
Soin Hezkuntza eta Kirolaren Zientziak ikasia, kirolari emana bizi da Espinar (Usansolo, 1985). Hamasei urtez, esku pilotan eta palan ibili zen, hamalau batez futbolean, eta egun natur inguruneko zein abenturazko kiroletan dihardu. Eskuz gaztetan jokatu zuen, ia beti mutilen kontra, baina indar aldearen ondorioz utzi eta palan hasi zen. Txapela ugari irabazi zituen palan. Iaz arte, Gipuzkoako Pilota Federazioko teknikari ibili zen Emakume Pilotari egitasmoaren bidez pilota emakumeen artean sustatzen. Lehiara itzulita, Bizkaiko II. Emakumeen Cup txapelketa irabazi du Irati Etxebarria.

Urte askoan esku pilotan jokatu gabe, aurten Emakumeen Cupen parte hartu eta irabazi.  Ez zaizu ahaztu jokatzen.
Ez. Azken finean, beti izan dut pilotarekin harremana. Txikitan hainbeste urtez ibili eta gero, ez da ahazten. Gero, kantxan, abantaila da. Nik pilota gogorrarekin jokatzen nuen, hortaz, orain pilota bigunarekin jokatzeak asko errazten du dena.
Zein dira zure ezaugarriak?
Esku biak ditudala onak, eskuin-ezkertia bainaiz. Oso azkarra mugimenduetan, eta indarra ematen diot kolpeari, potentzia. Hiru horiek, agian.
II. Emakumeen Cup: hamabi bikote, finalean ikusle ugari, telebistan eskainia... Zerk poztu zintuen gehiago, txapelak ala txapelketaren oihartzunak?
Horrelako txapelketetara ez naiz joaten txapela irabaztera. Dagoeneko erretiratuta, emakumeen esku pilotak bultzada behar duelako joaten naiz. Ikusita frontoia beteta zegoela, telebistaz eman zutela eta jendearen erantzuna, denok atera gara irabazle: pilotari  guztiak eta emakume pilotazale guztiak, ez bakarrik esku pilotakoak.
Horrelako gehiago behar dira?
Bai. Kirol hau emakumeengana gerturatu nahi baldin badugu, beharrezkoak dira, baita komunikabideetan agertzea ere. Hedabideetan ez dagoena, badirudi ez dela existitzen. Lotsagarria da: 16 urtez aritu naiz eskuz eta palaz jokatzen, baina hauxe izan da nire partida bat zuzenean eskaini duten lehen aldia. Nire ustez, larria da. 16 urtean ez dira existitu emakumeen esku pilota eta pala, eta munduko palistarik onenak hemengoak dira: Maider Mendizabal, Maite Ruiz de Larramendi, Nagore Arozena... Jendeak ez daki. Beraz, hau da jarraitu beharreko bidea: horrelako txapelketak egin; elkarteek iniziatiba hartu eta ikastaroak eskaini emakumeei; federazioak inplikatu, eta komunikabideak ere bai. Bestela, hilda jarraituko du.
Ez zaitu haserretzen, telebistan hainbeste partida eskainita astero, emakumeenak ez eskaintzeak?
Gehiago haserretzen nau futbolak. Futbolaria izan naiz, baina mutil profesionalen futbolaren inguruan egundoko zirkua dago antolatuta, eta ez zait batere gustatzen. Albistegietan, futbola erabat nagusitzen da kirolen atalean, horrek haserretzen nau. Bestela, pilotak ez. Zortzi urtez bizi izan naiz telebistarik gabe. Orain, etxez aldatu eta badut telebista, eta pilota ikusteko pizten dut. Mutilen esku pilota besterik ez dute bota-tzen. Ez dugu ahaztu behar euskal pilota 20 jokamolde pasa direla; halere, ezker hormakoak baino ez dituzte ematen. Gogoeta egin beharko genuke horri buruz. Euskal pilota esku pilota baino gehiago da. Gure kirola da, euskal kirol bat, eta, behintzat, telebistan ematen dute. Nahiago dut esku pilota ikusi telezaborra baino.

Di-da batean
Zerk alaitzen dizu eguna? Nire pisukidearen semearen algarak.
Eta tristatu? Jendeak huts egiten didanean.
Zerk eragiten dizu barrea? Edozein tontakeriak, naturaltasunez esanda.
Eta negarra? Tristurak.
Zerk haserrarazten zaitu? Faltsukeriak eta gezurrak. Injustiziak ere bai.
Zerk ateratzen zaitu zeure onetik? Bidegabekeriek; niri egindakoak direnean, are gehiago.
Bizio bat: txokolatea.
Frontoi bat: Usansoloko plazako frontoia. Orduak eta orduak eman ditut han.
Pilotari bat: Juan Martinez de Irujo eta Amaia Etxeleku.
Gogoan duzun partidaren bat? 2015eko Bilboko Aste Nagusiko txapelketa osoa. Egun batean bost partida, 30 gradurekin...

Eñaut Mitxelena