Ez dute ahaztuko, ez


Udako barnetegietan ibilitako hiru lagunen bizipenak jasota, Ikasi eta bizi izandakoa ez duzu ahaztuko izeneko bideoa ondu du AEK-k, lekukotasun horiek ezagutarazteko eta udako eskaintzan topa daitekeenaren berri emateko asmoz. Euskara ikasteko modu eraginkor eta ona izateaz gain, ondo pasatzeko aukera ematen dute barnetegiek. Askotarikoa da eskaintza: familia barnetegia, ibiltaria, euskalduntze barnetegia... behar eta nahi adina aukera, finean. Nor bere behar eta helburuekin, halaxe jo zuten bideoko hiru protagonistek, Ana Remiro eta bere familiak, David Romeok eta Ana Perezek udako barnetegietara, eta halaxe azaldu digute ezetz, ez dutela ahaztuko ez ikasitakoa, ez bizi izandakoa. Euren euskalduntzeari bultzada sendoa emateko ez ezik, uda egun ederrez gozatzeko ere balio izan baitie esperientziak. Eñaut Mitxelena, Arkaitz Almortza.

remiro

“Ahalegin gutxirekin etekin handia lortzen duzu”

Azken bi urteotan izan da Ana Remiro (Donostia, 1966) AEKren familia barnetegian Zugarramurdin, Juankar bikotekidearekin eta Ion seme gazteenarekin batera. Euskara ikasten urte luzez ibilia, familiartean euskara erabiltzeko nahiak eraman zituen barnetegira. Helburua bete dute, egonaldi atseginak biziz, gainera.

Gurasoen familiek euskara galdu zutenez, Remirok ez zuen etxean jaso euskara. Gurasoak erdaldunak izan arren, beti ibili izan ziren euskararen peskizan. “Aitak, adibidez, beti nahi izan zuen euskara ikasi. Ez zuen inoiz egin, baina grina bazuen”. Hala, gaztetatik sentitu izan du Remirok “bagenuela berreskuratzeko zerbait, eta egin behar nuela”. Dantza ikasketak egitera Parisera joan zenean, hango Euskal Etxean jaso zituen lehen euskara eskolak, dohainik eskaintzen zituztela profitatuta. Atzera berriz Euskal Herrian, euskara ikasten jarraitu zuen, Hernaniko AEKn lehenik, Egiakoan ondoren. Euskara maila “polita” eman zioten urte haiek. Bikotekidea ere euskaltegian ezagutu zuen. Haatik, Remirok aitortu digunez, “lana, haurrak eta hori guztia tarteko”, hamar bat urtez “erdaran murgildu ginen. Zertxobait nekatu nintzen, euskaraz hitz egiteko nahi eta ezinarekin. Ezin benetan askatu, jariotasunez egin”. Hamar urteren ostean, lanean EGA agiria eskatzen ziotela-eta, berriro itzuli zen euskaltegira. Titulua besapean izanda ere, euskaltegian jarraitu zuen ikasturte pare batez. Izan ere, ohartu zen euskara agiriarekin  ez zela nahikoa. “EGA gainditu bai, baina nola hitz egiten nuen? Nik benetan hori nahi nuen, ongi hitz egin”.
Horrekin batera, etxean, semeekiko komunikazioak piztu zien kezka Remirori eta bere bikotekideari. “Etxean, umeekin, oso-oso zaila egiten zitzaigun gure arteko komunikazioa erdaratik euskarara aldatzea. Ezinezkoa zela uste nuen... bikotekidea asko haserretzen zitzaidan horrekin, baina nik nahiago nuen komunikazio sanoa izan, hala moduz ibili baino. Zeren, nire ustez, horrek azkenean euskararen kontra egiten du, oso behartua delako”. Orduan izan zuen familia barnetegiaren berri, EGA atera ostean Hernaniko AEKn autoikaskuntzan zebilela.
Bi aldiz izan dira familia barnetegian, eta esperientzia “oso-oso ona” izan dela dio, zalantza izpirik gabe. “Izugarria iruditu zitzaidan. Oso polita, oso ongi antolatua. Gainera, hain zuzen ere horixe behar genuen une hartan. Benetako eragina izan du gugan, ohiturak aldatu baitizkigu, batez ere sentsazio aldetik. Agian tematu egiten naiz horrekin, baina gure artean euskaraz egitea jada ez da behartua, arraroa. Naturaltasuna lortu dugu. Dagoeneko ez da artifiziala”.
Hitz egiteko naturaltasun eta jario ezak betidanik kezkatu izan du Remiro. “Beti esan izan dut niretzat frantsesa ikastea hamar aldiz errazagoa izan dela euskara ikastea baino. Nire ustez, testuinguruagatik izan da, batez ere. Frantzian, dena egiten zen frantsesez; ez nuen aukerarik bestelako hizkuntzarik erabiltzeko”. Euskal Herrian, ordea, bestelakoa da euskara ikasleen egoera, gaztelania askoz hedatuagoa dagoelako. “Zailtasunak dituzunean, beti daukazu gaztelaniaz egiteko aukera. Hain da erraza hori! Batetik, autobidea duzu; bestetik, oztopoz jositako bidea. Bidegurutze horretan, batzuetan dena pikutara bidali, eta autobidea hartzen duzu. Uste dut horregatik izan dela niretzat prozesu luze eta nekagarria”.
Barnetegian, halako arazoak atzean uzteko aukera izan du. “Bideoan ere badiot: euskaraz hitz egiteko oso modu praktikoa da, zeren ia ez baituzu erdaraz hitz egiteko aukerarik”. Finean, “gozatuz ikasten duzu. Nire sentsazioa da ahalegin gutxirekin etekin handia lortzen duzula”. Praktikotasunari garrantzi handia ematen dio Remirok, izan ere, eskola arrunten aldean, hizkuntza erabiltzeko egokiagoa iruditzen zaio. “Teoria landu egin behar da, bai, hainbat gauza nahitaez jakin behar baitira. Baina eskolatik ateratzen zarenean, biluzik sentitzen zara, hitz egiteko erremintarik gabe. Esaldiak osatzen badakizu, aditzak nola erabili ere bai, baina elkarrizketa baten erdian zerbait esan nahi duzunean, horrek ez dizu balio. Barnetegian, aldiz, etengabe euskaraz bizita, imitazioz-edo baliabide gehiago barneratzen dira”.
Esperientziarekin pozik nabari zaio. Ez soilik euskararen erabilerari dagokionez. Egonaldietan biziki gustura ibili izan direlako ere bai. Barnetegira joan aurretik, erreparoa ematen zion eskolak jaso beharrak. “EGA atera nuenetik, kokoteraino nengoen eskolez, alferkeria pixka bat eragiten zidan horrek. Baina oso ongi pasatzen da, benetan izaten da opor sentsazioa. Bestelako jarduerak ere egiten dira, Zugarramurdi herri zoragarria da, natur ingurunea...”. Semeari ere, hasiera batean, ez omen zion grazia handiegirik egiten barnetegira joateak, “baina gero oso ongi pasa zuen”. Giro ona ere nabarmendu du Remirok: “Irakaslea oso ona zen, eta giro atsegin baino atseginagoa sortzen zuen, erlaxatua. Lan egiten genuen, baina giro apartan. Hori garrantzitsua da. Beno, eta bideoan esaten nuena egia da: jarduera asko antolatzen dizkigute, oso ezberdinak. Hala, egonaldia bukatzen duzu esanez: 'Zenbat gauza egin ditugun!'”.

testi1“Oso esperientzia aberasgarria eta dibertigarria da”

Ez da topiko tipikoa. Euskara ikasleek garbi diote euskal hizkun-tzari esker unibertso berezi batean murgildu direla. Horren lekuko da David Romeo (Imarkoain, Elortzibar, 1979): “Gauza asko eman dizkit euskarak; egun, ez dut imajinatzen nire bizitza euskararik gabe”. Heldutan hasi zen “bizitza osatzeko zati garrantzitsu” horren bila. Ikasturte osoan euskaltegian eta udan barnetegian, pausoz pauso bere burua euskalduntzen ari da. Aurten, ziurrenik, hirugarren aldia izango du Arantzako (Bortziriak) barnetegian.

Oso gosetia da euskararen harra. Gogotsu kosk egiten duenean, euskaldun berri bat ematen dio Euskal Herriari. Halaxe gertatu zitzaion David Romeori. “Nire lagunartean, batzuk euskaldunak ziren; beste batzuk, berriz, ikasten ari ziren. Hala, pixkanaka, euskarara hurbiltzen hasi nintzen” azaldu du. Heldutan sumatu zuen euskararen harraren koska hori. “Egun, euskara oso garrantzitsua bilakatu da nire bizitzan; gauza asko eman dizkit, esaterako, lagun asko egin ditut,  baina, batez ere, gauzak ikusteko beste ikuspuntu bat eskaini dit”.
Euskara ikasten aspaldi hasi bazen ere, duela 4 urtetik dihardu jo eta ke lanean Noaingo euskaltegian. Romeok argi ditu ideiak. Jakin badaki bere burua euskalduntzea duela erronka nagusia. Hala, nafar jatorra den heinean, bere helburua bete arte jarraituko du su eta gar lanean. Esan bezala, ikasturtea euskaltegian egiten du eta udan barnetegira joaten da. Dagoeneko bi aldiz egona da Arantzan, eta aurten, guztia ongi badoa, berriro itzuliko da Bortzirietara. “Egia esan, gehiegi pentsatu gabe joan nintzen Arantzara. Euskara ikasteko aukera paregabea zela iruditu zitzaidan; oso pozik egon nintzen”.
Mendiek sorturiko sehaska berde baten erdian dago, goxo-goxo, Arantza herria. Euskara nonahi arnasten da etxe zuriz osaturiko karriken artean. Izan ere, datuen arabera, Euskal Herriko herririk euskaldunenetarikoa da. Bertan, euskararen altxorra ediren dezakegu herritarren ezpainetan, bai eta iturri joria euskaldun berrientzat. David Romeo erabat ados dago: “Herriko bizilagunak oso ohituak daude euskaldun berriekin hitz egitera, eta hori oso lagungarria izaten da guretzat. Aterpekoak ere oso jatorrak dira, eta oso erraz jartzen digute dena”.
Arantzan bi uda eman baditu ere, lehenengo barnetegia izan zen giltzarria. Irribarretsu gogoratzen ditu hastapenak. “Hasieran, denok ginen urduri. Bi egun eta gero, berriz, lotsak alde batera utzi genituen eta poliki-poliki ekin genion euskarari naturaltasun osoz”. Bat batean, une horretara arte ez bezala, Romeok egunean 24 orduz egiten zuen euskaraz. “Hasieran, sekulako sakrifizioa izango zela pentsatu nuen, baina gerora ohartu nintzen oker nengoela”. Aldi berean, zera dio: “Oso esperientzia aberasgarria eta dibertigarria da”.
Hamaika jarduera egiten dituzte barnetegian, hala nola, txangoak, tailerrak, eskolak edota, zergatik ez, parranda. “Euskararen ikaskuntzaren prozesuan, pauso polita da, batez ere beldurra galtzeko euskarari. Agian, bazara gai euskaraz hitz egiteko, baina ez zara jabetzen. Barnetegian, ordea, poliki-poliki ateratzen zaizkizu hitzak”. Halere, Romeoren hitzetan, gauza bat gailentzen da bereziki: “Oso harreman polita sortzen da gure artean, egungo gizarte honetan nekez sor daitezkeen horietakoa”.  
Lehenengo urtearen ostean bigarrena etorri zen, bai eta hirugarrena ere. Izan ere, aurten Arantzara itzultzeko asmoa du imarkoaindarrak, eta jendea animatu nahi du bere bidea jarraitzera: “Utzi beldurra alde batera eta eman pausoa! Zinez merezi du-eta!”. Dagoeneko euskara maila polita duen arren, gehiago trebatu nahi du bere burua: “Gaur egun, ez dut imajinatzen nire bizitza euskararik gabe; bizitza osatzeko zati garrantzitsua da niretzat”. Zalantzarik gabe, euskararen harrak euskal hiztun egokia aukeratu du Elortzibarren. Bejondeiola!  

testi2

“Ni ez nintzen joan euskararen bila, hizkuntzak aurkitu ninduen ni”

“Euskara itsaso urdin eta zabal bat izanen da”. Halaxe dio abestiak, eta ez zebilen oker sortu zuenak. Izan ere, euskaldunon hizkuntza lau haizetara zabaltzea abestuz aldarrikatzean, euskal hizkuntzari indarra eman, eta munduko hainbat txokotako euskaldun berriak sortzen ari dira. Ana Perez (Madril, 1972) horietako bat da. Gaztetan Hernanira egindako bidaiek goitik behera aldatu zioten bizitza. Euskal hizkuntzaren itsasoan murgildu zen.

“Ni ez nintzen joan euskararen bila, euskarak aurkitu ninduen ni” dio. Euskararen ikas prozesuaren lehenengo pausoak Madrilen eman zituen; gerora, Iruñera joan zen bizitzera, eta hortxe euskaldundu da erabat. “Euskara nire bizitzan agertu zen, eta betiko geratu da”. Horretan, barnetegi ibiltaria gakoa izan zen, izan ere, hiru aldiz parte hartu izan du.
Begiek dir-dir berezia egiten dute Perezen aurpegian. “Euskara, orain, altxorra da niretzat” dio pozik. Gogoz eta ilusioz beteriko ibilbide baten helmuga du euskal hizkuntza. Izan ere, nerabezarora arte, ez zuen euskara bete-betean ezagutzeko aukerarik izan Madrilgo euskaldunak: “Kasualitate hutsa izan zen. Banuen euskararen berri, baina ez nekien hainbeste hitz egiten zela. 17 urte nituenean, Hernanira joan nintzen familiarekin, eta konturatu nintzen jendea euskalduna zela, euskaraz bizi zela; niretzat aurkikuntza izan zen”.
Lehenengo harreman horretan sortu zen Perezen eta euskararen arteko maitasuna. Madrilen bizi zenean hasi zen lehen euskara eskolak jasotzen, hiriko Hizkuntza Eskola Ofizialean: “Orduan, zera pentsatu nuen: Euskal Herrira joatea gustuko badut, euskara ikasi behar dut hango herritarrei ulertzeko”. Pentsatu eta ekin: ikas prozesuaren lehen urratsak ematen hasi zen. Denboraren joan-etorriak, ordea, euskara alde batera uztera behartu zuen; halere, aukera izan bezain pronto, berriro ekin zion bere burua euskalduntzeari.
Madrilen bizi zela parte hartu zuen lehenengo aldiz AEKren barnetegietan. Uda berean egin zituen barnetegi ibiltaria lehenengo eta Arantzakoa ondoren, alegia, bata amaitu eta bestea hasi. “Gogoan dut etxean egon nintzela izena emateko esan behar nuena entseatzen: ‘Ni... Ana naiz… Madrilgoa naiz… eta barnetegira joan nahi dut...’ kontatzen du irribarrea ahoan duela. Ibiltaria izan zen, hortaz, bere lehenengo esperientzia barnetegi batean, eta nekez ahaztuko du. ‘Baina zer da hau? Ez dut zer ulertzen!’ galdetzen nion neure buruari lehenengo egunean”. Oso pozik gogoratzen ditu hastapenak. “Urte hartan ezagutu nuen lehenengo aldiz bizkaiera. Ez nuen hitz bat bera ere ulertzen! Niri, gainera, izugarri gustatzen zait hitz egitea. Bada, ez nuen hitzik esaten! Horrez gain, bizikleta gainean, eta ez naiz kirolari amorratua, egunero 40 km egiten… Ene, oso nekatuta amaitzen nuen bai fisikoki, baita mentalki ere!” azpimarratu du. “Egun osoa adi baino adiago ematen nuen besteek esaten zuten guztia ulertzeko”. Egun batetik bestera, 24 orduz euskaraz bizitzen hasi zen. “Euskaraz egiten nuen amets”. 
Esaerak dio gaurko  izerdia biharko ogia dela. Halaxe baiezta dezake Perezek: “Oso gogorra izan zen, baina guztiz gomendatzen dut”. Izan ere, haren hitzetan, oso barnetegi berezia da. “Oso jende ezberdina ezagutzen duzu. Aukera paregabea da maila handiko euskaldunekin hitz egiteko, partaideetako asko euskaldun zaharrak baitira”. Era berean, zera dio: “Parada ezin hobea da Euskal Herria ezagutzeko”. Horregatik guztiagatik, jende guztiari aholkatzen dio esperientzia, hori bai: “Komenigarria da aurretik pixka bat entrenatzea” dio alaitsu.
Barnetegiak eragin nabarmena izan zuen Perezengan. Gerora, beste bitan parte hartu izan du ibiltarian (azkenekoan ibilbide erdia egin zuen). “Nire bizitzako esperientziarik politena izan da”. Bitarte horretan, zirt edo zart egin eta Iruñera joan zen bizitzera, haize berri bila. Bost urte beteko ditu aurki Nafarroako hiriburuan. “Etorri nintzenean, euskara ikastea zen nire helburua”. Ezina ekinez egina, aitaren batean euskaldundu zuen bere burua, eta dagoeneko eskuratu du EGA ziurtagiria ere. “Orain, euskaraz bizi nahi dut, euskaraz gozatzen edota euskal kulturaren mundua aurkitzen jarraitu nahi dut”. Ideiak garbi ditu: “Ezin duzu ikasi hizkuntza bat berau inguratzen duen guztia ezagutu gabe”. Ildo berean, zera azpimarratu nahi du: “Nirea ez da inolako meritua izan. Ikasi nahi ez dutenek... eurek galtzen dute”. Une honetan, ahoskera hobetu nahi du, eta etorkizun hurbilean Euskal Herriko kostaldean ikusten du bere burua, betiere euskararen itsaso zabalean igeri egiten.